Zuhaitz azokak berdez koloreztatuko ditu Tolosako plazak larunbatean

Irune Alfonso 2018ko ots. 20a, 16:25
Tolosako Zuhaitz azokan, landareak ikusgai.

Zuhaitzak, zuhaixkak, landareak, haziak, eta barazki landare ekologikoak eskainiko dituzte 2018ko lehen azoka berezian.

Euskal Herri osotik etorritako 16 mintegi egongo dira larunbat honetan Trianguloa plazan egingo den lore eta landare azokan, tartean, Anoetako bi: Urkizu eta Zurlan. Urtarriletik martxora bitarteko bigarren eta laugarren larunbatetan Atadi kalean izaten diren Arakama eta Dorronsoro mintegiak ere Tolosan izango dira, baina ez ohiko lekuan, Trianguloan baizik.

08:00etan jarriko dituzte postuak, eta 14:00ak arte egongo dira bertan. Produktu anitz aurkitzeko aukera izango da. Fruta arbolak (limoiondoak, laranjondoak, sagarrondoak...) baso landareak (pinuak, pagoak, haritzak...), apaingarriak, zuhaixkak eta zuhaitzak izango dira.

Mintegietako arduradunek bertaratzen direnen galderak eta kezkak erantzungo dituzte, landare eta zuhaitzak ikusi eta erosteaz gain, hauen inguruko zalantzak galdetzeko egun aproposa baita.

Eguna borobiltzeko, hazi eta landareak landatzeko tailerra eskainiko du Blasenea mintegiak, 11:00etatik 12:30era, Trianguloa plazan.

Herriko beste hainbat gunetan ere bertako produktuak erosteko aukera izango da. Zerkausiaren inguruko baserritarrek urte garaiko produktuak izango dituzte: azaloreak, brokoliak, bruselako azak, eta eskarolak. Berdura plazan, loreak eta landare haziak, eta Euskal herria plazan era guztietako produktuak eskainiko dituzte.

Azokan parte hartuko duten mintegien zerrenda:

  • Arakama anaiak: Zegama (Gipuzkoa)
  • Aranburu: Aginaga (Gipuzkoa)
  • Areitio: Zaldibar (Bizkaia)
  • Belar: Zaldibar (Bizkaia)
  • Blasenea: Zarautz (Gipuzkoa)
  • Dorronsoro: Ataun (Gipuzkoa)
  • El montañes: Tafalla (Nafarroa)
  • Guillen: Pueyo (Nafarroa)
  • Urkizu: Anoeta (Gipuzkoa)
  • Txomin Bilbao: Kortezubi (Bizkaia)
  • Artadi: Igorre (Bizkaia)
  • Sairu loreak (Urtinea): Usurbil (Gipuzkoa)
  • Zurlan: Anoeta (Gipuzkoa)
  • Zubialde: Beintza-Labaien (Nafarroa)
  • Lurberry: Zarautz (Gipuzkoa)
  • Ortuberri: Iurreta (Bizkaia)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!