Izan konfeti, my friend

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 5a, 07:55

Erredakzioan konfeti baten jabearen atzetik hasi genuen aurtengo atzera-kontua, txupinazorako hilabeteren faltan. Egutegian Ostegun Gizenaren data goiz samar apuntatzen dudala-eta, niri utzi zidaten konfeti-jabearena egiten. Eta, aitor dezadan, gustura hartu nuela rol hori, rol izpirik inon baldin bazuen: bai, datorren urtean, otsailaren 28arekin iritsiko dira inauteriak.

Egia esan, besterik ez da konfetia: zentimetroko diametroa ere ez duen paper puska koloreduna. Bere txikitasunetik, ordea, mezu asko bidal diezazkioke unibertso inauterizaleari. Txikia da, leku guztietara iristeko gai da, kolore eta izaera propioa ditu, baina, aldi berean, ederki egokitzen da talde girora. Inauterietan denok izan beharko genuke pixka bat konfeti, sabeleko harrak utziko baligu.

Ez digu beti uzten, ordea. Ez digu uzten, inauterizale bakoitzaren ilusioa propioa eta deskribaezina delako 5, 12, 21 edo 29 urterekin. Lau hilabetez luzatzen zaie askori, eta txupinazoa baino bost minutu lehenago pizten beste zenbaiti, baina Galtzaundirekin negar egin duen orok ukitu du, noizbait, ilusio hori.

Nirea paperezkoa zen bost urterekin, Ostegun Gizeneko mozorroa gure sormen artistikoa lantzeko baliatzen genuen garaian. Pitxi-pitxi polit bat nik daukat zutzako abesten nuen, eta gurasoen bizkar-gaineko talaia zen, niretzat, karrozarik onena.

Hamabi urterekin esprai usaina zerion ilusio horri, inauteriak ilea arrosaz edo urdinez margotzen genuenean hasten zirenean. Guraizez txikitzen genituen bakeroak, eta hamabost urtekoen inauteriekin amets egiten genuen, ostegun gauez guraso eta lagunekin jaten genuen bokadilloa lagunekin bakarrik noiz jango pentsatuz.

Erloju forma ere izan du, inoiz, ilusio inauterizaleak, gauaren eta baimenen arteko estropada dialektikoan. Ez gauak eta ez baimenak: guk geuk irabazi nahi izaten genuen lehia, inauteriak mokadu bakarrean irensteko grinaz.

Eta, orain... Orain, inauteri bakoitza aurreko inauterietako oroitzapen kaxa betetzeko erretratu sorta bat gehiago da niretzat. Urterokoak errepikatu eta berritzeko hitzordua. Friki izateak merezi duela berresteko arrazoi bana. Herritartasunari gainezka egin arte puzten uzteko astea. Bizitza gogotik eta azkar aldatzen dela ikusteko leihoa. Urte osoko urak mugiarazten dizkidan errota; adrenalina xiringa zainetara.

Hematologiaz ezer gutxi dakidan arren, badakidalako, Bazen behin giza gorputza marrazki bizidunak egiazkoak balira, askoren odolak txaranga txikiak izango lituzkeela bueltaka, plaketa eta globuluekin batera. Bai, bai, inauteriek gisa horretako kursikeriak pentsatu eta idazteko tarterik ere uzten diote bati. Barkatu, beraz, metafora gaindosi honengatik.

Ze, tamalez, iruditzen zait figura literariorik eta aho-bizarrik gabe esan beharrekoak ere badituztela Tolosako inauteriek. Badute tolerantziarik eza eta enpatia falta, norbere festaren oihartzuna gainerakoena apaltzeko baliatzen dutenen aldetik. Oraindik ere carnaval gehiegitxo dute, inauteriak izateko. Eta, noski, inauteriek ere badituzte aldamenekoen festa ukitu, bahitu eta nahierara erabiltzera ateratzen diren horiek.

Horregatik, egunotan, goza dezagun kuadrillan, hunkitu gaitezen bakarrik, zeharkatu ditzagun kaosaren zirrikitu txikienak, uniformatu gaitezen sentimentalki. Izan konfeti, my friend, eta aukeratu zure festan lekua duten gainerako konfetiak. GORA INAUTERIAK!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!