«Lasaitasuna ematen du horrelako lehiaketa handi batean anaia ondoan edukitzeak»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 2a, 10:27

Alpino Uzturreko, Negu Kiroletako Euskal Federazioko eta udaleko arduradunak, Rojo anaiekin, babesa azaltzeko atera dituzten elastikoak erakusten.

Tolosako Alpino Uzturre elkartean Ioseba eta Imanol Rojo anaia eskiatzaileak agurtu nahi izan zituzten atzo, Hego Koreako Neguko Olinpiar Jokoetara joan aurretik. Izan ere, Imanol Rojok lau probatan hartuko du parte eta Ioseba anaia izango du ondoan, Espainiako Selekzioko teknikari moduan.

Senitartekoak, lagunak, Tolosako Udaleko arduradunak eta Negu Kiroletako Euskal Federazioko presidentea, Pedro Martin, izan ziren Alpino Uzturre elkartean bi anaiak babesteko.

Imanol Rojo (Tolosa, 1990) eskiatzaileak lau probatan hartuko duela parte esan zuen; 30 kilometro skiathlon eran –15 kilometro klasiko eran eta beste 15 kilometro skating eran–, kronokoa –15 kilometro skating eran–, Marti Vigo kidearekin batera team sprint-a egin beharko du –lehen aldiz egingo da proba hau jokoetan, Espainia mailan– eta 50 kilometrotako lasterketa klasiko eran.

Rojok lehen bietan ikusten du bere burua hoberen: "Duela bi aste Austrian ere formatu berean irabazi nuen, nahiz eta pixka bat motzagoa zen lasterketa. Proba luzeetan hobeto moldatzen naiz. Emaitza onena 30 kilometroko skiathloian lortu dezakedala uste dut. 15 kilometrotako proba horretan ere emaitza ona lortu dezaket, Mundu Kopan garaipena lortu dut, eta horregatik uste dut ondo egin dezakedala".

Ez da Neguko Olinpiar Joko batzuetan aritzen den lehen aldia, duela lau urte ere Sotxin (Errusia) egon zen, baina lehen aldia da anaiarekin batera ariko dela, Ioseba anaia 2005etik Espainiako Selekzioko teknikaria baita. "Berezia izango da oso. Lasaitasun puntu bat da horrelako lehiaketa handi batean  anaia ondoan edukitzeak, moralki babesa ematen egotea, oso garrantzitsua da, oso pozgarria", esan zuen Imanol Rojok.

Iosebak berriz, oso urduri jartzen dela esan zuen. "Oso urduri jartzen naiz anaiak lehiatzen duenean. Materialarekin ibiltzen naiz eta ardura handia dugula iruditzen zait. Urduri jartzen gara beti, ea dena ondo ateratzen den", esan zuen. "Duela lau urte ez zen posible izan, azken momentura arte egon ginen zalantzan, baina aurten posible da batera joatea eta oso pozik gaude. Azken momentura arte ez dugu jakin horrela izango zela, eta urduri egon gara, baina azkenean batera joango gara", gaineratu zuen.

Lehen proba otsailaren 11n izango da eta 16an, 21ean eta 24an izango dira besteak. "Otsailaren 26an itzuliko gara, ea berri pozgarriekin itzultzen garen", esan zuen Imanol Rojok.

Rojo anaiek azaldu zutenez, 15 eski pare klasiko eta skatingeko beste 15 eski pare emango dituzte Hego Koreara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!