«Emaitza ona lortu nahi dut, atzean dudan babes guztia eskertzeko»

Iñigo Asensio 2018ko urt. 28a, 08:58

Egun eskualdean den kirolari azpimarragarrienetakoa da Imanol Rojo Garcia (Tolosa, 1990). Olinpiar Jokoen atarian egoteak nazioarteko kirolaren puntan kokatzen du Rojo, baina otsailean Pyeongchangen biziko duen esperientziaz harago, 27 urteko tolosarrak ibilbide luzea du atzean. Duela astebete Austrian lorturiko garaipenak «motibazio berezia» eman dio eta eta Sotxin bete ez zuen ametsa Korean betetzeko aukera izango du: bere anaia teknikari lanetan ondoan duela lehiatzea.

Egun gutxi barru Korearako bidea hartuko duzu, nola sentitzen zara Pyeongchangeko jokoen atarian?

Egia esan ondo sentitzen naiz, motibatuta nago eta gainera joan den astean Austriako txapelketan lorturiko garaipenak motibazio hori areagotu du. Ez bakarrik garaipena lortzeagatik, garaipena lortzeko moduagatik baizik. Lehen kilometrotan ihes egin nuen eta buruan izan nintzen ia lasterketa guztian zehar. Ikusten ari naiz sasoi onena iristen ari dela. Eguberrietan asko entrenatu nuen eta orain ere plangintzan lan asko dago jokoak iritsi bitartean. Munduko Koparen batean lehiatuko dut datozen egunetan, baina trantsizioko lasterketak dira Koreara begira.

Austriak kultura itzela du iraupen eskian, eta bertan garaipena lortzeak, garrantzia berezia behar du izan...

Bai, gure kirolean Espainiatik kanpo garaipen bat lortzea beti da pozgarria. Gainera maila handiko lasterketa zen eta lehiakideen artean azken Olinpiar Jokoetan domina lortu zuen eskiatzaile bat zegoen... Argi dago horrek erakusten zuela maila bazegoela lehiakideen artean eta horrek morala ematen du. Nire sasoi unea ona da, eta ahal bada geratzen den tartean hobetzen saiatu beharko dut.

Hitzordu handien atarian, egindako bideari erreparatzeko joera izaten da, nola oroitzen dituzu zure hastapenak?

Gurasoei beti gustatu izan zaie elurraren mundua eta hori txikitatik transmititu ziguten nire anaia Josebari eta bioi. Ume guztiak bezala trineoekin jolasean hasi ginean, jaitsieretan eskia probatzen ondoren, eta azkenik Aralarren iraupen eskia egiten hasi ginen. Konturatzerako Alpino Uzturrerekin hari ginen ikastaroak egiten, eta 11 urte genituenerako hasi ginen lasterketetan lehiatzen. Gogo hura gero eta handiagoa egin zen, lehiaketa gustuko genuen eta emaitza onak lortzen hasi ginen.

Zein unetan konturatu zinen eskiak halako garrantzia izango zuela zure bizitzan?

Txikitatik ikusten nuen. Anai zaharragoa nuen lehiaketetan emaitza onak ateratzen eta Tolosan bagenuen erreferente bat: Haritz Zunzunegi. Joko Olinpikoetan lehiatu zen gu gaztetxo ginela eta horrek nahi ala ez bultza egiten zaitu. Ordurako ikus genezakeen esfortzu hori eginez gero urrutira iristeko aukera bazegoela.

Iraupen eskiak Tolosan, eta baita Euskal Herrian ere, izan duen aitzindarietako bat da Zunzunegi. Oroitzen al dituzu bere urte onenak?

Bai, noski. Jarraitzen genuen egunkaritan, telebistan... Plazer bat izan da bera aurretik izatea, bidea ireki zuen eta guk bide horri heldu... Ez du eskiaren munduan jarraitu eta ez dut berarekin harreman asko izan urte hauetan, baina erreferente bat izan da niretzat, bai.

Bigarren jokoak izango dira zuretzat, zer aldatu da Sotxiko Jokoetatik hona?

Batez ere orain iraupen eskirako bizi naizela erabat. Gaur egun nire eginbeharra entrenatzea da eta hori da nire ardura bakarra.

Horrek presioa areagotzen al du?

Bai, askotan gehiago presionatzen da. Bizitzan gauza bakarra egiten baduzu, horri gehiago eskatzen diozu. Nik kirol honen aspektu guztietan bilatzen dut hobekuntza, hori da nire egunerokoa eta gainera ez diet atzean dauden guztiei huts egin nahi: familia, lagunak, babesleak... 

Jende asko al dago hor atzean zu babesten?

Egia esan bai. Basque Team Fundaziotik hasita, beste hainbat babesle daude atzean, niregatik apustua egin dutenak eta nigan sinistu dutenak. Hori ardura bat da, zalantzarik gabe, baina baita motibazio iturria ere. Badakit zenbat jende dagoen atzean, eta babes horren truke emaitza on bat lortu nahi dut Pyeongchangen.

Eta atzean baino gehiago, urte askotan alboan izan duzuna zure anaia da...

Bai, urte askotan eskiatzaile izan dut ondoan, bidea ere ireki du niretzat askotan. Orain teknikari lanetan nire eskiak zaintzen ditu eta segurtasun handia ematen dit ondoan izateak.

Orain erronka biak elkarrekin Olinpiar Jokoetan aritzea da, ezta?

Bai, nire ametsa zen eta azken egunetan baieztatu da. Aurreko Olinpiar Jokoetan ezin izan zuen nire alboan izan, eta nire materialaren ardura izateaz gain, momentu zailetan beti dago ni laguntzeko edota morala igotzeko, baita gauzak ondo ateratzen direnean ere, ospatzeko eta berarekin disfrutatzeko. Polita izango da bertan egotea, elkarrekin.

Eta gurasoek, nola bizi dute?

Ba nik uste oso harro daudela gutaz, azkenean ikusita zenbat urte pasa ditugun mundutik zehar borrokan, ba esango nuke beraientzat oso berezia lidela gu biok Pyeongchangeko Olinpiar Jokoetan ikustea.

Nola irudikatzen dituzu hastear diren Olinpiar Joko hauek?

Esperientzia gehiagorekin ikusten ditut, esango nuke aurreko jokoetan dena kolpetik etorri zela eta bat-batean hedabide guztiak nituen deika. Ez nengoen horrelako egoeretara ohituta eta sentsazioa dut aurtengoak desberdinak izango direla zentzu horretan. Esperientzia gehiago daukat eta ohituago nago harreman horietara, horregatik iruditzen zait konzentratuago egongo naizela eta ez zaizkidala hain handiak geratuko Olinpiar Joko hauek.

Zein izan da urte hauetan bilatu duzuen hobekuntza eta horretarako egindako lana?

Batez ere zailtasunak lantzen aritu gara. Gimnasioan hankak asko landu ditugu, indartu, eta pixkanaka base hori utzi eta intentsitate handiko lana areagotu dugu, serieak landu...

Gutxienez hiru froga ezberdin izango dituzu Pyeongchangen eta euren artean nahiko ezberdinak izango dira. Azal iezaguzu nolakoa izango den bakoitza.

Lehen proba 30 kilometrokoa izango da eta eskiatloi eran lehiatuko gara. Lehen 15 kilometroak modu klasikoan izango dira, eta lasterketa erdian eskiak eta makilak aldatuta bigarren zatian, beste 15 kilometrotan, skating eran eskiatuko dugu. Bigarren proba erlojuaren aurka izango da, 15 kilometroko ibilbidean eta skating eran, eta amaitzeko 50 kilometroko lasterketa izango dugu era klasikoan. Nire burua ondoen ikusten dudan lehia 15 kilometrokoa da. Urtean zehar izandako lehiaketetan ere distantzia horretan sentitu naiz erosoen, eta Munduko Kopako lasterketetan ere emaitza onena 15 kilometrotan lortu dut. Hala ere 30 kilometroko eskiatloian ere lan ona egin dezakedala iruditzen zait.

Taldekako froga ere hor dago...

Bai, egun hauetan baieztatu digute 4. froga horretan ere lehiatuko dugula, eta oso berri ona izan da. Batetik lehiaketa bat izango delako jokoak bezalako kirol hitzordu handian, eta batez ere, horrekin batera nire anaia bertan egongo dela baieztatu genuelako, eta esanda bezala, berezia izango da.

Neguko kirolean tradizio itzela duen kirola da iraupen eskia, eta exigentzia handikoa... Zein da zure helburua lehiaketetan?

Niri irabaztea gustatuko litzaidake, nahiz eta oso zaila den, argi daukat. Baina lasterketa orotan irteeran hori pentsatu behar da. Nik badakit non nagoen, errealista naiz eta emaitza ona lortzen saiatuko naiz, ez dakit zehazki esaten zein den helburua posizioari dagokionez. Baina gustatuko litzaidake jendeak pentsatzea, nahiz eta gure kirola hain ezaguna ez izan, postu oso ona lortu dudala eta horrekin pozik egotea.

Tolosan behintzat kirol ezaguna da iraupen eskia, eta jende ugarik ezagutzen zaituzte zu eta anaia. Herriaren babes horrek ere motibatzen al zaitu?

Gaur egun gure kirola ezagutze hutsa nahikoa pozgarria da. Tolosak badu zaletasun hori eta noski bultzada bat dela. Anaiak eta biok urte hauetan lortu ditugun markak ezagutzea pozgarria da zalantzarik gabe.

Zure ibilbideari erreparatuta, zein da oroitzen duzun unerik gozoena?

Horretan ez dut dudarik, Sotxiko Olinpiar Jokoak bizi izan dudan lehiaketarik bereziena izan ziren. Konturatzea irteera eman eta munduko eskiatzaile onenekin zaudela halako ikusmina sortzen duen kirol ekitaldi batean... Hori oso berezia da eta horrekin geratuko nintzateke.

Eta datozen joko hauetara begira, zer gozatu nahiko zenuke?

Gustatuko litzaidake duela lau urte gozatu nuen moduan gozatzea, une guztiak disfrutatzea, eta lehen ere aipatu dudan amets hori betetzea; anaiarekin batera Olinpiar Joko batzuetan aritzea.

Erlazionatuak

Norvegiarrek ereindako hazia

Iñigo Asensio 2018 urt 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!