Europako hizkuntza gutxituen aldeko ekimena babestu du Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 31a, 18:49

Inauterien kudeaketak eta langile mugimenduek ika-mika piztu dute Tolosako Udaleko azken osoko bilkuran.

Urteko lehen osoko bilkura izan zen asteartekoa eta, gai zerrendak puntu gutxi jaso baldin bazituen ere, herritarren ekarpen eta iritziek luzatu zuten bilkuraren mamia. Besteak beste, Tolosako Udalak aho batez babestu zuen Minority Safe-Pack ekimen europarra, hizkuntza gutxituak babestu eta sustatzeko.
Europako hainbat gizarte eragilek sustatutako ekimena da aipaturikoa, Europar Batasunak hizkuntza eta kultura gutxituak –Europan 80 daude– babesteko neurri eta lege-garapenak antola ditzan. Horretarako, gutxienez milioi bat sinadura bildu behar dituzte, EBko zazpi estatutan, datorren apirilaren 3a baino lehen.
Horregatik, Tolosako Udalak aho batez onartu du, ekimen hori babestu eta sustatzea, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordean hala proposatuta. Era berean, herritarrak deitu dituzte, Minority Safe Pack egitasmoa sinatu eta hedatzera. www.minority-safepack.eu da egitasmoaren atari digitala.
Osoko bilkuran ere hizpide izan zen Orixe ikastetxean egitekoak diren eraikin berria. EH Bilduko Inaki Irazabalbeitiak beren «kezka» azaldu zion udal gobernuari, eraikinaren kokalekuaren haritik: «Gure ustez, onena gaur egungo eraikina bera eraberritzea da».
Olatz Peon alkateak bat egin zuen kezkarekin: «Hezkuntza Sailaren, Orixeko zuzendaritzaren eta udalaren artean hartuko dugu erabakia, eta ikasleen birkokatzeak Laskoraingo obran egindakoaren bidea jarraituko du».
Udaltzaingoa ere eztabaidagai izan zen, abenduko plenoan Arkauterekin lan-poltsa osatzeko hitzarmena onartu eta gero. Lore Agirrek «kezka» berretsi zuen, azalduz, lan-poltsa hutsik dagoela oraindik.
Alkateak ere bere egin zuen kezka: «Herri askotan lan-poltsak hutsik daude, eta Arkautekoa ere hala dago. 8 langileren faltan gaude, eta oso larri gabiltza, inauteriei begira».
Bilkura amaieran, herritarrek hartu zuten hitza. batetik, Tolosaldea Buseko langileek beren egoeraren berri eman nahi izan zioten udalbatzari, hiru asteko grebari ekin diotela-eta. Olatz Peonek bilera bat egiteko hitza eman zien.
Asuncioneko langileek, berriz, bat egin zuten TOPAko kideekin, klinikako egoera «sostenga ezina» dela salatuz: «Zerbait egin behar duzue, segituan. Itxaron zerrendak izugarri luzatzen ari dira, eta traumatologo bila ari dira Frantzian eta Tunisian», zioten.

Inauterien antolakuntza ezbaian

Igor Ezenarro EH Bilduko zinegotziak hitza hartu nahi izan zuen, hastear diren inauterien antolakuntza ezbaian jarri, eta zenbait kexa plazaratzeko.
Batetik, Tolosako Udalak jai batzorderik deitu ez izana salatu nahi izan zuen, defendatuz, «jaiak antolatzeko bilerek irekiak» behar dutela izan. Bide horretan, inauterietako aurrekontuen informazioa «egitarautik» jaso duela gaitzetsi zuen Ezenarrok: «Gure harridurarako, inauterietako egitaraua kanpoko enpresa batek egin du. Udalari 0 euro kostatzen zaio egitaraua, eta ez da lehiaketa bat. Utz dezagun ardura hori herrian edo, bestela, eskualdean».
Azkenik, karrozak prestatzeko eraikinak ere hizpide izan zituen zinegotziak, arbuiatuz, Ferialekuko eta Usabalgo giltzak «oso berandu» banatu dituztela.
Olatz Peonek hartu zuen hitza eta, erantzun zion, Delta pabiloian izandako suteak «asko» aldatu dituela inauteriei begirako baldintzak: «Aseguruak egin behar izan ditugu, eta udalak ardura zenbait hartu ditu. Onerako izango dira».
Egitarauari dagokionez, berriz, «parte hartzea librea» zela defendatu zuen: «Enpresa horrek proposamena bidali zuen, beste batzuen moduan, eta txosten teknikoak dio eurena dela aukera onena». Dena den, «atsekabea» ere azaldu zuen, egitarauko publizitate modulu handienetako bat saltoki handi bati eskaini diotelako: «Ez dator bat udalak herriko komertzioaren alde egiten duen lanarekin».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!