[Gutuna] Inauteriak iritsi direla jakin dugu...

Igor Ezenarro 2018ko urt. 31a, 18:52

Datorren astean ospatuko dugu Ostegun Gizena, urte osoan zehar tolosarrek egutegian markatuta izaten dugun eguna. Nabarmena izaten da inauteriak gainean direla gure herrian: karrozen prestaketak, inauteri doinuak kaleetan, mozorroak eta, nola ez, azken orduko prestaketak. Horrelaxe, azken orduan, jakin dugu inauteriak bertan direla udalgintzan gabiltzanok.

Goiz samar iritsi dira festak aurten eta berandu, oso berandu, jaso dugu inauteriei buruzko informazioa EH Bilduko hautetsiok. Harrigarria iruditzen zaigu inauterietako egitaraua bera, udaleko webgunean ikusita ezagutu behar izatea; edo udalak duen aurrekontuaren berri ez izatea, festen aurretik. Gaur-gaurkoz, ez gaituzte,  inauterien aitzakian, bilera bakar batera ere deitu. Pentsa, Leonen ere guk baino lehenago ikusi dute inauterietako programazioa! Izan ere, inauterietako egitaraua Leongo enpresa batek egin du aurten, lan hori egiteko prest dauden hamaika enpresa gure artean dauden bitartean.
Jakin badakigu karroza, konpartsa, txaranga, danborrada edota aisialdi taldeen kolektiboekin bilerak egin dituela udal gobernuak; talde bakoitzarekin bere aldetik. Baina, jai bilerak? Non geratu dira lehen Jai batzordea izenarekin ezagutzen genituen bilera haiek? Aipatutako kolektibo horietako kide direnek eta ez direnek, ez al dute merezi plazarik, inauteriei buruz denok elkarrekin hausnartzeko?
Lehen ere aipatu dut inauteriak urtea hasi eta berehala iritsi direla. Horrek, prestaketa lanak aurreratzea eskatzen du. Aurten, ordea, konpartsek eta karrozek inoiz baino beranduago jaso dituzte Ferialekuko eta Usabalgo pabiloietako giltzak. Beste urteetan abendu hasierarako jasotzen zituzten eta, aurten, abendua amaieran eta Eguberri ostean banatu dizkiete. Hori ere beranduegi.
Herritarrok egiten dugu inauteria, eta udalak jartzen ditu horretarako bitartekoak. Udal gobernuan ez gauden zinegotziok, baina, ez gara konturatu inauteriak gainean ditugunik, udalaren bitartez behintzat. Eskerrak, egutegian ondo markatuak izaten ditugun. Ondo pasa inauteriak!

Igor Ezenarro,  EH Bilduko zinegotzia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!