Argia Sarien zati bat, eskualdera

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 26a, 17:49
Argazkia: Argia.eus

30 urtetan herrigintzan egin duten lanagatik Merezimenduaren Saria jaso dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek; Irratiko saria, berriz, Tolosan bizi den Jokin Aldazabal esatariak jaso du.

Euskarazko komunikazioa saritzen duten Argia Sariak banatu dituzte gaur arratsaldean, Usurbilgo Atxega Jauregian. Ikus-entzunezkoen alorrean, irratian, prentsa-idatzian, interneten eta sustapen-ekintzetan egindako lanak aitortzen dira bertan, baita euskal kulturan nabarmendutako pertsona edo taldeak. Bada, banatutako sari horietatik bi, eskualdeko bi pertsonak jaso dituzte.

Irratiko saria, hain zuzen, Tolosan bizi den Jokin Aldazabalek jaso du, Euskadi Irratiko Eskosfera saioan "kontzientzia ekologikoa hedatzeko" egiten duen lanagatik. Pozik jaso du saria Aldazabalek: "Energiaren erabilera betidanik pasioa izan da niretzat, poz handiak ekarri dizkidan pasioa". Era berean, irrati programa sortu zenetik kolaboratzaile izan dituen 700-800 pertsonak eskertu nahi izan ditu.

Aurten, merezimenduzko bi Argia Sari eman dituzte. Horietako bat, 30 urteko ibilbidean "herrigintzan egindako lan handiagatik" Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eman diete. Aiora Zulaika tolosarrak "herriz herri, eta irriz irri" jarraituko dutela nabarmendu du: "Herrigintzatik abiatu ginen, eta horrela jarraituko dugu". Halaber, bide honetan alboan izan dituzten sortzaileengandik asko ikasi dutela esan du: "Ikasi dugu jaiotzen garenetik hiltzen garen arte zer emana eta zer jasoa dugula".

Merezimenduzko bigarren saria, komunikazioa etenda zegoen eragileen arteko harremana bideratzeagatik, Bakearen artisauei eman diete. Mixel Berhokoirigoinek bideoz hitz egin du, ezin duelako muga pasa.

Paperean argitaratutako kazetaritzaren Argia Saria Harmaila aldizkariak jaso du, kirolari buruzko aldizkari sortu berriak. Ikus-entzunezkoen Argia Saria, ETBn Bertsolari Txapelketa Nagusiako saioen zuzeneko kontaketa egin zuten Uxue Alberdiri eta Aitzol Barandiarani eman diete. Interneten egindako lan onenaren Argia Saria, Gabi de la Mazak jaso du diote, 2.000 abesti baino gehiago karaokeatu eta denon eskura jartzeagatik. Eta sustapen ekintza onena Iruñeko Udalarena izan dela ebatzi dute, sexu erasoen kontra sanferminetan egindako kanpainagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!