Norvegiarrek ereindako hazia

Iñigo Asensio 2018ko urt. 28a, 19:57
Rojo anaiak, Alpino Uzturreko kideekin egindako eski irteera batean.

Agian, bestelako arrazoirik izan gabe ere, herri honetako hainbat jendek zaletasun hau bereganatuko zukeen. Guztiz posible da, izan ere, badirelako arrakastaz jorratu ditugun beste hainbat esparru ere. Baina baliteke iraupen eskiarena berezia izatea. Edo gutxienik kasu honetan bada joera edo arrakasta hori ulertzeko bidea.

Mende osoa egin behar atzera dena ulertzeko. Industriaren gorakadak eta herrialdeen arteko harreman ekonomikoek bultzatuta Tolosara heldu zen norvegiar komunitate hura da, gure herrian iraupen eskiaren hazia erein zuena. Mustad enpresaren ardura hartu eta halabeharrez urteen poderioz tolosarrekin harremanetan izan ziren. Herriminak bultzatuta, edota beharra sentitzen zutelako inguruko mendien elurrak baliatu zituzten eski nordikoa egiteko, eta inguruan zituzten hainbat tolosarri hura erakusteko.

Noski, hazi hura erein bai, baina ehun urte beranduago iraupen eskiak hainbat herritarrekin halako lotura mantendu badu, tolosar askok hamarkadetan egindako lanari esker ere bada. Ski Club Tolosanoren sorrera, lehen lehiaketak, Igaratzako aterpetxearen eraikitzea edota beranduago heldu zen Candanchuko hotelaren afera izan ziren mendearen lehen erdiko mugarrietako batzuk. Gerra zibilak, baina, halako etena sortu zuen, eta 40. hamarkadatik aurrera egoera zeharo aldatu zen. Lehen urtetan atzerrira eginiko bidaiak eta lehiaketen distira garai berri batek ordezkatu zuen. Tolosar askok ikasi zuten eskiatzen urte hauetan eta Aralarko malda elurtuek euren protagonismoa berreskuratu zuten. 60. hamarkadan Club Alpino Uzturreren sorrerak eman zion erabateko bultzada eta belaunaldiz belaunaldi joan dira iraupen eskiarekiko pasioa transmititzen.

Imanol Rojorentzat aski ezaguna da norvegiarren istorioa eta badaki zein garrantzitsua izan den euren ekarpena Tolosako neguko kirolarentzat. «Tolosan mendirako eta kirolerako zaletasun handia izan da beti, baina norvegiarrek euren kirola ekarri zuten ona eta hortik datorkigu zalantzarik gabe; kuriosoa da eta polita ere berean». Imanolen anaia, Joseba Rojo ere, puntako eskiatzailea izan zen, eta egun Imanolen alboan da teknikari lanetan. Duela urte batzuk Osloko Mundiala jokatzen ari zela, norvegiar batzuk hurbildu zitzaizkion tolosarra zela jakinik. «Hango herri batean bizi zen jendea ondo gogoratzen zen Tolosaz, hemen igaro zituzten urteez, eta tolosar askorekin izandako harremanaz», oroitzen du Joseba Rojok.

Hastapenak Alpino Uzturren

Rojotarren eskiarekiko lotura, baina, Alpino Uzturre elkartearen bitartez iritsi zen. «Tolosako jende ezagun asko izan zen guri eskiaren kultura hau helarazi ziguna. Beñat Azurmendi, Anjel Cuerdo edota Txiki Plazas izan ziren gurekin lan egin zuten entrenatzaileak. Autobus irteerak egiten genituen asteburu askotan. Imanol gazteagoa da eta ez zitzaion tokatu, baina nik gogoratzen dut Nairobitarra autobus ospetsuan bidaiatu ohi genuela, eta gaua bertan igarotzen genuen. Hotz handia egiten zuen baina kontatzeko moduko esperientzia izan zen», adierazi du Rojotarretan zaharrenak. Txiki Plazas berak ere gogoan du garai hura eta belaunaldi zaharrago baten eskutik ikasitakoa transmititu zien belaunaldi gazteagoei. «Guri Angel Ortiz edota Josu Iztuetaren belaunaldiak erakutsi zigun eskiatzen, eta nire txanda iritsi zenean, Rojo anaiak zeuden gazte haien artean. Benetan poztekoa da maila horretako kirolariak izatera iritsi direla ikustea, eta guk horretarako bidean zerbait egin bagenuen, are pozgarriagoa».

Imanol Rojo Sotxin lehiatu zenean bigarren euskal kirolari olinpikoa izan zen iraupen eskian. Bere aurretik beste tolosar bat izan zen estreinakoz joko batzuetan; Haritz Zunzunegi. Nagano eta Salt Lake Cityko jokoetan lehiatu zen, 1998 eta 2002an, Rojo anaiak nerabeak zirela. Orain Imanol Rojori dagokio Tolosa Olinpiar Jokoetan ordezkatzea. Haren atzetik ere etorriko ote dira Norvegiarren haziari helduko diotenak?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!