Garaipena, Albertogatik

Mikel Iraola 2018ko urt. 23a, 18:07

Aste gogorra igaro arren, TAKEk 72-63 irabazi dio Tabirako Baque Durango laugarren sailkatuari, eta sailkapen nagusian tartea handitu du.

Bizitzak alderik krudelena erakusten duen unean ere aurrera egin behar izaten da, indarrik geratzen ez den lekutik ere, nola edo hala indarrak aterata. Egon badaudelako. Eta bide hori jarraitu zuen TAKEk asteburuko neurketan.

Egun gogorrak igaro zituzten joan den astean, taldekide ohi eta, bereziki, laguna zuten Alberto Zalduendoren heriotzaren ondoren. Norbere barruan ozena izan zen neurketa jokatu aurretik Usabalen gordetako minutuko isilunea. Eta, barrenak mugituta izanda, ez zen erraza izan jokoan hastea.

Baina batek daki zerk bultzatuta, beren onena eman zuten tolosarrek. Lehen zatian 50 puntu lortu zituzten: "Normalean hirugarren edo azken laurdenean iristen gara zifra horretara. Dena sartu zitzaigun", dio Yon Gonzalez entrenatzaileak. Indarrak egiten duena.

Eta egindako gainesfortzuagatik akaso, indarrez larri iritsi ziren azken laurdenera. Durangarrek zertxobait gerturatzea lortu zuten, baina errentari eutsi zion TAKEk. 72-63. Garaipena Albertogatik, Albertorentzat.

Juniorrek, ezin

Asteburuko neurketa garrantzitsuena, ordea, juniorrek jokatu dute. Lauko finala izan du TAKEk, Baskonia, Askatuak eta Loiolaren aurka. Azken hauen aurka jokatu zuten tolosarrek, hain zuzen. Lehen taldearen neurketaren ondoren, eta harmailak jendez gainezka zirela, finala irabazteko faboritoa izan zuten aurrean Iñigo Morenoren jokalariek.

Partida benetan ikusgarria jokatu zuten bi taldeek, oso parekatua: "Sekulako gozatua hartu genuen bertan izan ginen guztiok", dio Gonzalezek. Ia denbora osoan aurretik joan arren, bigarren zatian kanpoko taldeak aurrea hartzea lortu zuen, eta garaipena poltsikoratu zuen. 63-70. Lastima.

Jokalari eta klubeko arduradunak, hala ere, "asebeteta eta pozik" zeuden amaieran: "Lan handia egin dute entrenatzaileek eta jokalariek urte osoan zehar. Harmailak horrela ikustea sari bat da eurentzat".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!