Eskualdeko argazki orokorrarekin batera, Galtzaundi euskara taldeak 2017. urtean egindako kale neurketa plazaratu zuen, asteazkenean. Tolosako Euskararen Mahaiarekin elkarlanean, Tolosako ikastetxeetako ikasleekin batera osatu zuten neurketak egiteko boluntario sarea. Guztira, 6.032 solaskideren 2.447 elkarrizketa neurtu zituzten, erdiesteko, Tolosako kaleetako elkarrizketen %47,5 izaten direla euskaraz, eta %51,2 gazteleraz. Elkarrizketen %1,4 beste erdararen batean gertatzen dira.
Neurtutako hizketaldien erdiak baino gehiago gazteleraz gertatu izana ahulgune garbia izan arren, Tolosako kale erabileraren joera goranzkoa da, etengabe. Horrela, 1985-1989 artean euskarak %29,4ko datua eman baldin bazuen, 2015-2017 artean %44,7koa izan da batezbestekoa; salto handiena 1985etik 2000ra izan zuen euskarak.
Iazko neurketa adinez adin xehatuz, garbia da, Tolosako kale erabileran ere, haurretatik adinekoetarainoko eskailera: zenbat eta gazteago, orduan eta altuagoa euskararen erabilera.
Bide horretan, 2017ko neurketaren arabera, 14 urte azpiko elkarrizketen %73,7 euskaraz izan ziren Tolosan; 65 urtetik gorakoen elkarrizketetan, berriz, euskarak %30,6ko presentzia baino ez zuen izan.
Belaunaldi berrien gorakada –15-24 urte– gainera, are azpimarragarriagoa suertatzen da, 1985eko datuei begiratuz gero: orduan, lau adin taldeetan erdaldunena zen kale erabileran, %20,8ko datuarekin. 2015-2017ko batezbestekoan, berriz, 15 eta 24 urte bitarteko gazteak bigarren euskaldunenak dira Tolosan, 20 puntuko gorakadarekin.
Azkenik, aipatzekoa da helduen (25-64 urte) kale erabilerak puntutxo bat egin duela gora, itxaropenari tarte bat utziz.