Konkistatu aurretik, izana bazuen herria

Jon Miranda Labaien 2018ko urt. 14a, 11:36

Hierro, Gomera, Palma, Tenerife, Kanaria Handia, Fuerteventura eta Lanzarote. Zazpi uharte dira, egun Kanarietako erkidegoan biltzen direnak Espainiako estatuaren barruan. Historia luzeagoa dute, ordea.

Pedagogia lan handia egin behar dela uste du Guillermo Martorellek, jende gazteak ez baitu ezagutzen Kanaria uharteen historia. «Hamarkada askotan kolonizazio kulturala gertatu da eta identitate sentimendu hori difuminatu egin da azken urteetan. Irla bakoitza bere kabuz ari da bidea egiten».
Antonio Cubillo (1930-2012) izan zen Kanariako independentziaren aldeko mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat eta Martorellen familiak gertutik ezagutu zuen: «Amak Tenerifen egin zituen ikasketak eta unibertsitatean ezagutu zuen Cubillo. Ordutik, beti mantendu izan genuen harremana». Abokatua zen eta Frankismoa bete-betean zela kereila kriminalak jarri zituen gobernadore militarren aurka. Ihes egin behar izan zuen 1960an, aurrena Parisera eta gero Aljeriara. Bertan sortu zuen 1964an Movimiento por la Autodeterminación e Independencia del Archipiélago Canaria MPAIAC.

Txikitan, etxean, gurasoen logelan  jarrita entzuten zuen Martorellek La Voz de Canarias Libre irratia. «Aljeriatik emititzen zuen irratiak eta Cubilloren hitzaldiak entzuten genituen. Besteak beste, Espainiako produktuen boikota eskatzen zuen. Ni gaztea nintzen eta haluzinatu egiten nuen». MPAIAC mugimenduak izan zituen bere indar armatuak, Fuerzas Armadas Guanches (FAG) izenekoak, eta hainbat ekintza egin zituzten. «Egin ez zituzten beste asko ere egozten zaizkie», dio Martorellek eta gerra zikinaren testuinguruan ulertu behar direla uste du: «Espainiako estatuak ‘independentzia’ hitza entzuten duen aldiro, gerra zikina aktibatzen du».

1978an Cubilloren aurkako atentatuak ere gauza bera erakusten du. «Suarezen estreinaldi ofiziala izan zen atentatu hura». Europak kolonizatutako herri gisa, Kanaria uharteek estatu independente izateko duten eskubidea jaso berri zuen ebazpen batean Organización para la Unidad Africana OUA erakundeak eta independentziaren defentsa egitera NBEren deskolonizazio batzordera joatekotan zen Cubillo atentatua egin ziotenean. Ekintza horretan nahastuta Espainiako estatuko arduradunak egon ziren eta estatu terrorismoaren biktima gisa 2003an kalte ordaina jaso zuen Cubillok.

«Kontuan hartu behar da interes asko zegoela jokoan momentu horretan. Kanaria uharteetan Errusia eta AEBk interes geopolitikoa zuten, estrategikoki Amerika, Afrika eta Europaren arteko zubi lana egiteko balio baitzuen uhartediak. Euren atzaparrak sartu nahi zituzten bertan». Horregatik ahalegin guztiak egin zituen Espainiako estatuak mugimendu independentista desaktibatzeko. MPAIAC barruan infiltratu asko izan ziren eta gerora Cubillok borroka armatua uzteko erabakia hartu zuenean, bere aurka jardun zuten. «Egia da gizon berezia zela, hori ere esan beharra dago. Fakzio eta eszisio ugari izan zen eta askotan aritu ziren bere aurka. Aitortu beharra dago lidergo zentralista izan zela berea, baina ekarpen asko egin zituen». Besteak beste, Martorellek «nazio» banderatzat duena sortu zuen Cubillok. Ikur zuri, urdin eta horia, zazpi izar berde erdian dituena, «irla bakoitzeko bana».  

Maite zuen Martorellek Cubillo eta nabari da: «Kale Gorrian aldizkariak atera zuen azkeneko azalean azaltzen da, nik neuk egindako elkarrizketaren harira. Ikerlari bezala egin nuen lanean asko lagundu zidan eta gutxik azpimarratzen dute azkeneko urteetan abokatu gisa, paperik gabeko etorkinak lagunduz egin zuen lana».

Batasun falta
1979an MPAIAC mugimendua desagertzearekin batera, barreiatzen joan zen kausa independentista. Urte hartan, Espainiako Gorteetarako lehen hauteskundeetan Unión del Pueblo Canario UPC alderdiak eserleku bat lortu zuen kongresuan. «Nazionalista, komunista eta antiinperialista izan zen koalizio hori eta Fernando Sagaseta izan zen diputatu. Dezenteko borroka egin zuen Madrilen». Bestelako alderdiak ere sortu ziren «trantsizioa» garaian, Agrupación Tinerfeña Independiente ATI delakoa, adibidez. «Nazionalismo itxurazko bat saltzen saiatu ziren eta ikusi besterik ez dago zein izan zen alderdi horren aita pontekoa: Martin Villa. Horrekin dena esanda dago».
Martorellen esanetan, azkeneko hiru hamarkadatan irla bakoitzak bere bidea segitu du eta «pseudo-nazionalismo» moduko bat sortu dute. «Guzti horren emaitza da gaur egungo Coalición Canaria, interes propioen arabera PP eta PSOEra arrimatu dena, Kanariako identitate eta historiari uko eginez». Azkeneko urteotan gauzatu den alternatiba Nueva Canarias izan da: «Alderdi horren buru, Roman Rodriguezek, esate baterako, Txema Monteroren aldeko kanpaina egin zuen Europako Parlamenturako Herri Batasunako hautagai izan zenean. Aurrekoen erreleboa hartuko ote zuen uste genuen, baina ilusio bat baino ez da izan azkenean». Gaur egun Martorellek ikusten ditu mugimendu interesagarriak Unidad del Pueblo edo Alternativa Nacionalista Canaria bezalako alderdien inguruan, «baina batasun falta nabaria da».

Izan ere, Tolosan bizi den kanariarraren arabera, irletan bizi diren herritarren psikologia «oso berezia» da: «Kolonizatuaren sindromea daukagu eta hori logikoa da urteetan jasan dugun jazarpena ikusita. ‘Madril gabe, aitarik gabe zer egingo dugu guk?’ galdera dabilkigu bueltaka subkontzientean». Mendeetan zehar jasandako konkista eta akulturalizazioa hainbestekoa da, jatorrizko hizkuntza bera ere jazarri egin zitzaiela bertakoei. «Guantxea da hizkuntza eta badabil jendea hori berreskuratu nahian baina oso zaila da, Ameriketako beste hainbat tokitan ez bezala, konkistatzaileek ez baitzuten hizkuntza idatziz jasotzeko ahalegina egin». Bereber hizkuntzatik eratorritakoa dela esaten dute adituek eta filologoak ari dira berreskuratze lana egiten.  

Heavy metal musika gustuko duen kanariarra

«Euskal Herria magia da. Niretzat plazerik handienetako bat, udazkenean autoa hartu eta iparralde barnealdera joatea da, heavy gotikoa entzunaz osteratxoa egitera. Hau beste herri bat dela nabari dut orduan, sentsazio asko etortzen zaizkit».
Izugarri gustatzen zaio heavy metal musika Guillermo Martorelli. Deep Purplen lehen diskoa erosi zuenetik in crescendo joan da bere afizioa. Eta probatua du, baita ere, musikari gisa: «Ez dut batere ondo kantatzen, eta ez dut belarririk». Gitarra elektrikoa du eta bere kantuak osatzen ditu, «baino oso modu oinarrizkoan».
Kanarian existitu  zen heavy metal eszena, «eskola ona izan zen» Martorellen esanetan, baina uharteetatik ateratzea garestia zen 80ko eta 90eko hamarkadetan eta mugimenduak ez zuen behar bezain besteko garapenik izan. Krull eta Jezabel bezalako taldeak ditu gogoan, «oso-oso ondo jotzen zuten». Teclados Fritosek ere sona lortu zuen hard-rockaren panoraman eta oro har, uharteetan musikarien harrobi ona egon zela uste du.
«Eta Euskal Herrian zer esanik ez». Baionakoak diren Gojira taldekoek aurki Iron Maidenekin joko dute eta bertan egoteko asmoa du Martorellek: «Puntako taldea da Gojira, Metallicak nahiko luke hauen maila eduki, oso goian daude». Betidanik Deep Purple zalea izan dela aitortzen du, baina belarriak beti irekiak izan ditu. «Saxon, aro berriko talde gisa oso gustukoa dut, riff izugarriak ditu. Gero, Finlandia eta Suediako heavy gotikoa ere atsegin dut, metal sinfonikoa... estilo horren barruan denetarik entzuten dut».
Eta gerturago etorrita, Oztopo. Eskualdean sortua den taldeari etorkizun oparoa iragarri dio Martorellek. «Teknika izateaz gainera transmititu egiten dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!