Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusi

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 12a, 10:06

Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusiaren postua izango du tolosarrak, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak Twitter bidez jakinarazi duenez.

Iaz erabaki zuen administrazio kontseiluak lanpostu hau sortzea. Tabakaleraren proiektua lideratzeko eta eraikineko "ikuspegi orokorra" lantzeko sortu zuten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak.

Denis Itxasok azaldu duenez, "komunikazioa sendotu eta sormen industriekin zerikusia duten ekimenak bultzatzeko, lantalderako duen gaitasuna ezin hobeto datorkigu". Orain arte Tabakalerako proiektu kulturala zuzendu duen Ane Rodriguezen gainetik legoke zuzendari nagusi berria.

Ormazabal Tolosan jaio zen 1963. urtean eta urte luzez kazetari gisa jardun du, Herri Irratian, Deian eta Antena 3en eta EITBn. Besteak beste, Gazteako zuzendari izan zen 1990etik 2008ra bitartean. Kultur gaiak jorratu izan ditu gehienetan. ETB1en, esaterako, Katu kale saioa aurkeztu zuen hiru urtez. Donostiako Zinemaldian ere parte hartu izan du. Orain arte EiTBko komertzial zuzendaria izan da.

Abenduan elkarrizketatu zuen Edurne Ormazabal TOLOSALDEKO ATARIA-k 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!