«Funtsezkoa iruditzen zait euskarazko telebistak arriskuak hartzea»

Iñigo Otaegi 2017ko abe. 10a, 10:32

Apenas biziko da jenderik komunikazioaren esparruan, Edurne Ormazabal (Tolosa, 1963) adina alorretan aritu denik. Ikasle zela irratian kolaboratzeari ekin eta gutxira, Katu Kale telebista programako gidari jardun zuen. 20 urtetik gora daramatza Donostiako Zinemaldian aurkezle lanak eta bestelakoak egiten; egun, EITBko komertzial zuzendaria da.

Psikologian lizentziatu zinen. Ikusita zertan amaitu duzun, baliagarri izan zaizkizu han ikasitakoak?

Egia da, psikologiak ematen duen gizakiaren azaleko ezagutza lagungarri izan zaidala, bai lanean, baita bizitzako beste esparruetan ere. Hautaketa hura ez zen batere bokaziozkoa izan, ez nekien zer izan nahi nuen; garbi nuen kontu bakarra zen, zer ez zitzaidan gustatzen. Garai hartan presioa ere sekulakoa zen, uste zelako erabaki hark betirako baldintzatuko zuela bizimodua. Likido samarra izan naiz beti, eta eskerrak.

Zein izan zen komunikazioarekin izan zenuen lehen hartu-emana?

Bada, lagun batek aipatu zidan Josetxo Lizartza, garai hartan Radio Popular-eko esatari zena, Tolosako berri emango zuen korrespontsal baten bila zebilela. Hasieran, asteburuetako lana izan zen, eta Zerkausiko feriaren bueltan gertatzen zenaz informatzen nuen. Afizioagatik baino, sos batzuen premiagatik hasi nintzen.

Antza, zure jarioa gustagarri izan zen.

Deia egunkaritik deitu baininduten segidan, Tolosako kronikak idatzi nitzan. Donostiako Herri Irratian ere saio batzuk egiteko aukera sortu zitzaidan, udan zehar eta asteburuetan. Ostean, ETB aurkezle berrien bila zebilela eta, Katu Kale saiorako castinga egin, eta hautatua izan nintzen. Bitartean, Josetxo Lizartza mugarri izan zen beste behin; Antena3eko irratiko zuzendari izendatu zuten, eta urtebetez, goizeko magazina zuzentzen eta aurkezten aritu nintzen. Viva la gente de Gipuzkoa zuen izena [barreak].

'Katu Kale' saioko aurkezle, 22 urterekin soilik.

Aurkezle lanetan aritzen banintzen ere, kazetariekin hara eta hona ibiltzeko baliatzen nuen, elkarrizketa eta erreportajeak egiteko. Ez dakit sekula hainbeste disfrutatu dudan lanean. Kontuan hartu behar da, telebista egiteko modua oso bestelakoa zela, audientzia diktadurarik gabe jarduten genuen; halere, begia jartzen genien nazioarteko kate nagusienei. Egun, datuen arabera, astebeteko tartean, izugarri aldatu daiteke programa bat. ETBk konpetentzian aritu behar du, askozaz ere aurrekontu handiagoa duten kateekin.

Zenbaitzuk diote, euskarazko telebista izan daitekeela munduko katerik esperimentalena, audientzia datu eskasengatik.

Debatea ez da erraza. Esperimentuak egiten badira, audientzia galdu egiten da. Euskaldunok badaukagu gure kate generalista bat edukitzeko eskubidea. Orekak mantentzea inportantea da. Funtsezkoa iruditzen zait euskarazko telebistak arriskuak hartzea, baina, kontuz, ez gara lau katurengana soilik iristen. Gainera, audientzia fragmentatu hauetan, estatuko telebista autonomikoen konparaketa horretan lehenengoak gara. Katez kate egiten bada alderaketa, ETB laugarrena da La Sextarekin batera; eta, La Sextak, esperimentuak egiten ditu? Audientziari balioa eman behar zaio. ETB1en kasuan, ikuslegoak ez luke bereziki ondo hartuko arriskuak hartzea. Horietako asko heldu samarrak dira, eta ezin ditugu ahantzi. Kontua da, telebistaz harago, orain alternatiba gehiago sortzen ari direla, eta gazteek milaka aukera dituzte euren aisialdirako.

1990. urtetik 2008. urtera arte, 'Euskadi Gaztea'-ko koordinatzaile.

Hasieran, bi irrati ziren, euskarazkoa eta espainolezkoa. Euskaraz egiten zen irratiaren seinalea, Bizkaiko kostan, Gipuzkoan, eta Nafarroan jasotzen zen. Erdaraz egiten zena aldiz, Bilbo eta Araba aldeko entzuleentzat bideratuta zegoen. Bi urte oso gogor izan ziren. Bi lan talde guztiz desberdinak, banatuta. Ordea, 92an, Julian Beloki, irratietako zuzendari zela, erabaki zen, seinale bakarra eta euskalduna izan zedin.

Lehengo 'Gaztea irratia'-n, musika euskaldunaren presentzia handiagoa zen.

Gazteak egin du, euskal gizarteak egin duen ibilbide bera. Oraingo daturik ez daukat, eta ez dakit musika euskaldun gehiago jartzen genuen, baina, estilistikoki zabalagoa zen. Gure jomuga zen, Gaztea izan zedin Euskal Herriko musika irrati entzunena. Horretarako, euskal musikarekin soilik alperrik genbiltzan. Eztabaidak izan genituen, eta nazioarteko kantuak jartzearen aldeko hautua ere egin zen, gureari bizkar eman gabe. Tira, orain entzunena izaten jarraitzen du, eta hori da inportanteena. Ez da ahaztu behar, Gaztea giltzarri dela euskal musikaren industriarentzat, egiten duen promozio lanagatik.

Esaten da, '40 Principales'-en antza handia duela.

Ideia da publiko zabalago bati zuzendutako musika irrati bat egitea, eta eredu hori, hemen, estatu mailan, eta nazioarte osoan ere erabiltzen da.

Programazioa ikaragarri hazi da.

Pentsa, hasieran, ia egun osoan musika egoten zen jarrita. Lehen, musika irratiak oso jende gazteak entzuten zituen bakarrik; egun, gaztetasunaren adin tartea zabaltzen ari da, eta programazioa horren adierazgarri da. Umorea txertatzeko ideiak aplikatu genituen, eta orduantxe sortu ziren, Jon Gotzon gisako pertsonaiak. Konturatu ginen publiko helduagoa zenak ere entzuten gintuela, eta eduki berrien premia zegoela.

Eta nolatan webgunera salto?

18 urte zeregin berberean aritzea, ez da ona ez norberarentzat, ezta komunikabidearentzat ere. Bada, Gaztearen webgunea guk gidatzen genuen, eta zuzendaritzatik eskaini zidaten eitb.net-en aritzeko proposamena, eta heldu egin nion. Pare bat urtez aritu ostean, zuzendaritza eskaini zidaten. Orain gutxi, inoizko daturik onenak lortu zituen, eta pozgarria da, oso ondo ari da funtzionatzen.

Jendeak uste zuen erraza izango zela webgunearen lana, egunkarietako notiziak hartu, web orrialdera eraman eta kito. Telebistarako edo irratirako informazioa modu berean egituratzen ez den gisan, webgunerako ere ez. Gogoratzen naiz, webgunea birpentsatzen denbora tarte luzea eman genuela, eta zerbaiten aldeko apustua egin bezain pronto, BBC etortzen zen erabat kontrakoa egiten. Mundu digitala lasterka dabil, tendentziak sortzen eta sortzen ari dira. Nahieran orrialdea ere sortu genuen, eta nahiz hobetzeko tartea handia den, oso harro nago egindako lanaz.

Urtero hutsik egin gabe, Donostiako Zinemaldian aritzen zara, aurkezle lanetan eta bestelakoetan.

Bi hamarkadatik gora aritu naizela esango nuke. Rudi Barnet belgikarrak deitu ninduen lehenbizikoz, prentsaurrekoen aurkezpena eta moderazioa egiteko. Canal+ katea Zinemaldiko ekitaldiak antolatu eta emititzen hasi zenean, proposatu zidaten galetan aurkezle lanak egiteko. Kasualitatez etorri zitzaidan aukera; antza, aurkezle zenaren jarduna ez zitzaien gehiegi gustatu, eta Zinemaldia ixterako, ni nengoen oholtza gainean.

Zer moduz daramazu Zinemaldiaren zurruntasuna?

Beste genero bat da, normalean aspergarri samarra suertatzen da. Jaialdi guztien erreferente Oscar Sariak dira, eta sarri zerbait berritzailea egiten hasi, eta aspergarriago gertatu daiteke. Aspaldian, aurkezle lanak egiten ditut soilik, eta funtsezkoa zaidana da, gidoia goitik behera buruan grabatuta izatea. Azkenean, gertatuko denaren berri dakien bakarra aurkezlea da, eta zerbait gaizki ateratzen bada, zu zara egoerari irtenbidea topatzeko erantzule. Inprobisaziorako apenas dago tarterik, oso zorrotz neurtzen da dena.

Mundu mailan erreferente bilakatu da.

Beno, beti izan da horrela. Krisialdi garaietan okertuko zen akaso, baina, zuzendari batekin edo bestearekin, sona handiko jaialdia izan da. Kontua da, egun, itxurakeria horrek sekulako garrantzia duela, eta milaka ekitaldi egiten dira (genero ezberdinak, ikasleen ekintzak...). Erakusleihoa ordea, bere osotasunean, ez da gehiegi aldatu, beti izan ditugu lehen mailako izarrak.

Zinea, bada ikus-entzunezkoen esparruan ondoen baloratuta dagoena, zentzu guztietan.

Ezbairik gabe. Industria potenteagorik ez dago. Egia da ekosistema aldatzen ari direla HBO edota Netflix gisako plataformak. Alabaina, oraingoz, diru gehien mugitzen duen alorrik ez dago. Euskal Herriko modeloak, eta amerikarrak ez daukate zerikusirik, hemen diru laguntzek duten eragina ez dago han. Film esanguratsu denetan, Euskal Telebistak aurrekontuaren zati handi bat jartzen du.

Euskaraz edo espainolez nahiago?

Nire ingurugiroa euskalduna da. Laskorain ikastolan ikasi nuen, baina, garai hartan, euskarazko testuen eskasia zegoen, eta azterketak erdaraz egiten genituen. Orain, nire ilobei antzematen diet idazteko erraztasun handiagoa dutela euskaraz. Baina, bi hizkuntzetan sentitzen naiz oso gustura; nahiko nuke ingelesez jario bera izango banu.

Euskara maila zer moduzkoa da EITB barruan?

Asko hobetu da. Diferenteak dira Bilboko eta Miramongo joerak, edo Radio Euskadi eta Euskadi Irratiarenak ere. Oraindik ere badago euskaraz ez dakien jendea, saiatzen gara bileretan euskaraz egiten, eta prestutasun handia dago. Egia da, Gaztearen kasuan, castingetan eta, euskara primeran kontrolatzen zutenak eta komunikatzaile onak zirenak, apenas zeudela. Goraka goaz.

Orain, komertzial zuzendari lanetan diharduzu.

Etxe honetako eginbeharrik itsusiena akaso [barreak]. Zaila da komunikabide publiko batean zeregin honetan aritzea. Lehenago ez nekien ezer publizitateaz, baina, erronka berriak zeuden eta edukigintzatik zetorren norbait behar zuten. Lau urte daramatzat dagoeneko.

Ez dakit zerbait geratzen zaizun egiteko.

Gustura egingo nuke, kulturaren gaineko saio bat, audientzia presiorik gabe, eta nik aukeratuko lan taldearekin [barreak]. Atzera jauzi moduko bat egingo nuke, berriz ikasten hasi, editatzen jarri...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!