Izena lortu ondoren izana landuz

Asier Imaz 2018ko urt. 11a, 12:24

Tolosa CF eta Aurrera Elkartearen arteko proiektua ez da berria, baina, ikasturte berriarekin batera hasi dira izen berria modu ofizialean erabiltzen: Tolosa CF Aurrera Pilota Elkartea.

Tolosa CF eta Aurrera Elkarteak bat egin dute. Ofizialki ikasturte honetan hasi dira izen berria erabiltzen: Tolosa CF Aurrera Pilota Elkartea. Manu Ayerza presidenteak errealitateaz hitz egiten du: «Orain arteko behin-behinekoa zena errealitate bilakatu da. Gure helburua hori zen, pilota sustatzen duen elkarte bakarra egotea. Azkenean lortu dugu, eta horrek lanak erreztuko dizkigu». Tolosa CF Aurrera Pilota Elkartean 77 pilotari daude federaturik, «iazko antzeko kopurua», dio Ayerzak. Horrez gain, pilota eskolan 100 haur ibiltzen dira. «Beotibarren ez dira gehiago kabitzen, eta zerbait landu nahian gabiltza pilota eskola ez duten herri txikiekin; sare moduko bat. Horrela, Tolosara etorri beharrean euren herrietan ibiltzeko aukera izango lukete. Oraindik ideia bat besterik ez da, eta gauzatzeko asko falta zaio, ordea».

Gauzatu dena Gabonetako I. Pilota Topaketa izan da. Aurten antolatu dute lehen aldiz Tolosa CF Aurrera Elkarteko kideek, eta gustura agertu dira bizitakoarekin: «Oso balantze ona egiten dugu, eta oso pozik gaude. 150 umek eman dute izena, eta lehen urtea izateko kopuru garrantzitsua dela uste dugu. Gabonetan zirrikitu bat ireki zaio pilotari, aurre benjamin, benjamin eta alebinetan».

Tolosaldeko haurrek parte hartu dute lehen edizio horretan, eta maila oso polita ikusi dela esan du Ayerzak: «Eskualdeko osoko haurrak aritu dira pilotan, eta maila onean. Horrek Tolosaldea pozik egoteko moduan dagoela erakusten du, egiten ari den lanagatik».

Lehen edizioaren aurkezpenean esan bezala, Gabonetako I. Pilota Topaketaren helburua ez da lehia sustatzea izan. Many Ayerza: «Garrantzitsuena ez zen irabaztea edo galtzea, ondo pasatzea baizik. Horregatik, festa bat izan da. Nire ustez denok oso ondo pasa dugu».

Aurtengo esperientzia kontuan hartuta, hurrengo urtean bigarren edizioa egiteko gogotsu daude Tolosa CF Aurrera Elkartkeo kideak: «Gelditzeko etorri ginela esan genuen aurkezpenean, eta esfortzu handia eskatzen baldin badu ere, aurrera jarraitzeko asmoz gaude. Hurrengo urtean denbora gehiagorekin hasiko gara pentsatzen nola hobetu eta nola sendotu».

GIPUKOZKOAKO TXAPELKETA

Gipuzkoako Pilota Federazioaren barruko txapelketetan buru belarri ibiltzen dira Tolosa CF Aurrerakoak. Urte zaharrarekin batera Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketako eskuz banakako finalak jokatu ziren, eta bertan, urdinak protagonista izan ziren, bi txapela lortuz eta bigarren postuak ere eskuratuz. Emaitza esanguratsua, ordea, finalerdietakoa izan zen. Manu Ayerzak azaltzen ditu nondik norakoak: «Duela hiru urte hasi ginen abentura honekin. Urtetik urtera hobetzen joan gara, eta aurten nabarmentzeko emaitzak lortu ditugu. Horien artean maila guztietako finalerdietan Tolosa CF Aurrerako pilotariak egon direla nabarmenduko nuke. Gauzak ondo egiten ari garela erakusten digu horrek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!