Urte zaharreko lasterketarekin, urte berrirako elkartasuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abe. 31a, 19:12

Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatuta, XX. San Silvestre Elkartasun Krosa ospatu da, arratsaldean, Tolosako kaleetan. Guztira, haurren kategoria ezberdinetan nahiz helduetan, 1.400 korrikalari inguruk hartu dute parte.

Hogeigarrenez, urtea korrika eta elkartasun arnasestuka amaitu dute tolosar askok. Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatutako San Silvestre krosa ospatu baita arratsaldean. Urtero bezala, Zerkausian ezarri dituzte irteera eta helmuga, eta tradizioari heltzen jarraitzeko, beste behin ere, lasterketan lortutako irabazi ekonomikoak, Kolonbiako Guabas ibaiaren ertzetara bideratu  dituzte, Mando Liburuzaina proiektuari jarraipena emateko. Urtetik urtera, gora egiten duen beste zifra bat, partaidetzarena izan ohi da. Aurten, iaz baino 100 dortsal gehiago jarri dituzte salgai. Horietako gehienak, behintzat, salduta zeuden lasterketa hasi baino lehen.

Behin dortsala izanda, korri egitea besterik ez zen geratzen. Goiztiarrenak, 8-9 urteko neska-mutilak izan dira. 15:30ean, LHko 2. mailatik beherako neska-mutilek ibilbiderik laburrena egin dute, gurasoen laguntzaz. Jarraian, benjamin nesken eta mutilen txanda izan da, 700 metroko ibilbidea osatu dutelarik; alebinek, berriz, 1.400 metroko lasterketa egin dute. Azkenik, infantilek, 1.400 metroko ibilbidean murgildu behar izan dute. Azkenik, helduen txanda iritsi da. Hauek, Plaza Zaharrera bertaratu behar izan dute, Elkartasun Krosari ekiteko. 5.050 metroko ibilbidea zuten aurretik, betiko moduan, iazko ibilbide aldaketari eutsiz.

Lehen lasterketan oraindik ere euri tantarik bota ez badu ere, segidan etorri da zaparrada itzela. Geroz eta handiagoak eta ugariagoak ziren prezipitazioak eta tenperatura ere zerbait hoztu da. Hala ere, gaztetxoek lehenengo eta helduagoek ondoren, ez diote uko egin lasterka aritzeari.

Azken edizioetan, sari banaketa ekitaldia, omenalditxoak egiteko baliatu izan dute antolatzaileek. Horrela, aurten Juango Arrietari eskertza keinu bat egin diote. Ikastetxeko irakaslea da Arrieta, eta krosaren sustatzaile nagusietako bat izan zen, baita bere garaian, egitasmoari eusteko indar handia egin zuen kideetako bat ere.

Baina, hori ez da izan banatu den sari bakarra. Izan ere, parte hartzaileentzat, otorduak zozkatu dituzte. Izena banaka eman zuten korrikalariek, bi pertsonarentzako otorduen zozketan parte hartu ahal izan dute, eta lauko taldeetan izena eman zutenek, berriz, lau pertsonarentzako otorduak irabazteko aukera zuten. Azkenik, mozorro originalenak ere izan du saria, oparitan, otordu bat eman dutelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!