Giza kate batekin amaituko du urtea Tolosako Gure Esku Dago-k

Ataria 2017ko abenduaren 27a

Napar zubia eta Zubi berria batuko ditu giza kateak, Oria ibaiaren bi aldeetatik, Eman eskua etorkizunari lelopean. Abenduaren 31n izango da hitzordua, 18:00etan.

Tolosako Gure Esku Dago-tik azaldu dutenez, "2018a urte garrantzitsua izango da, erabakigarria, berezia. Ate berri hori zabaltzeko prest gaude, baina aurretik 2017ari merezitako amaiera eman nahi diogu, elkarrekin, eskuz esku, etorkizuna gure eskuetan sentituz".

Aurreikuspenetarako, izen-emate formularioa betetzeko eskaera egin dute. Beste aukera bat da tolosangureesku@gmail.com helbidera idaztea. Aldez aurretik izena eman ala ez, parte hartzeko deia zabaldu diete eskualdeko herritar guztiei eta deialdi hori hauspotzeko ahalegin denak asko eskertuko dituztela azaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!