Wifi zerbitzua eraikin gehiagotara zabalduko du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 13a, 10:12

Internetera konexioa uztailaz geroztik dago martxan eta, orduz geroztik, hazi egin da erabiltzaile kopurua; egunean 8 orduz nabigatzeko aukera eskaintzen du, 512Kb-eko abiaduran.

Tolosako eraikin publiko esanguratsuenetan doako wifi zerbitzua abiarazi zuen, udalak, joan den uztailean. Orduz geroztik, udaletxean, liburutegietan, kultur etxean, Pablo Gorosabel eraikinean, Abastos eraikinean eta Usabal kiroldegian sarera doan konektatzeko aukera dute herritarrek, izen-emate sisteman erregistratu eta gero. Horrela, doako wifi zerbitzuaren bigarren fasea esku artean du, jada, Tolosako Udalak: 2018an, Oriaburu eraikinean, Usabal kiroldegiko barrualdean, Berazubiko kirol instalakuntzetan, Trianguloa plazan, Leidor aretoan nahiz Emeterio Arreseko lokal soziokulturaletan ere gozatu ahal izango da zerbitzuaz.

Udalek doan eskaintzen dituzten wifi zerbitzuetan ohikoa den bezala, izen-emate sistema bat pasatu behar da, lehenik, sarean nabigatu ahal izateko: mugikor, ordenagailu nahiz tabletaren bitartez, euskarrian telefono zenbakia eta helbide elektronikoa sartu behar dira. Horrela, sistemak Tolosako Udalaren webgunera bideratuko du erabiltzailea, gakorik sartu beharrik gabe.

Harago joan nahi duenak, aldiz, datu gehiago erregistratu beharko ditu sistemak: izen-abizenak, NAN zenbakia eta mugikor zenbakia. Behin informazio hori txertatuta, sistemak kode bat bidaliko dio erabiltzaileari, SMS mezu bitartez. Une horretatik aurrera, erabiltzaileak doako wifia duten eraikin guztietan baliatu ahal izango du konexioa.

Sareratuak hazten

Udaz geroztik hazten joan da Tolosako Udalaren wifi sareko erabiltzaile kopurua: 1.500 erabiltzaile finko eskuratu ditu, eta 5.000 konexio inguru izan dira bost hilabeteotan. Horrela, hilabetez hilabete hazi da sareratuen kopurua: 879 izan ziren abuztuan, 1.202 irailean eta 1.313 urrian.

Batezbeste, 113 minutuko konexioak izaten dira Tolosako Udalaren wifi sarera egindakoak, eta Aranburu jauregiko udal liburutegia, Antonio Maria Labaien kultur etxea eta Pablo Gorosabel eraikina dira konexioa gehien erabiltzen duten eraikinak. Aipatzekoa da, hala ere, egunean 8 orduz nabiga daitekeela, 5212Kb-eko abiaduran.

Tolosako Udalarekin batera, Gipuzkoako beste 9 herritan ere sistema bera jarri dute martxan. Horrela, Tolosako sisteman izena emana duten herritarrek, erabili ahal izango dituzte Zumarraga, Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Errenteria, Aretxabaleta, Arrasate, Pasaia eta Urnietako doako wifi sareak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!