Postu aldaketak eta hizkuntza aktibazioa, senidetze berri baten atarian

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 30a, 10:19
Argazkia: Tolosako Udala

Tolosako Udalak azaroko ohiko osoko bilkura egin zuen astearte iluntzean; Euskararen Nazioarteko Eguneko mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak.

Urteko azken aurreko osoko bilkura izan zen, asteartean, Tolosako udaletxean. 10 gaiko zerrenda galde-erreguetan mahai-gaineratutako gaiek luzatu zuten eta, besteak beste, senidetzeak, indarkeria matxista, Euskararen Nazioarteko Eguna nahiz Asuncion klinikako auzia izan ziren hizpide.

Batetik, Tolosako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du EAEko administrazioarekin, informazio ofizialaren trukea elektronikoki ahalbidetzeko. Olatz Peon alkateak herritarrei erraztasunak emateko bidea dela azpimarratu zuen. Halako prozesuak garatzeko epe-muga 2018ko urria da, eta Begoña Garmendia idazkariak jakinarazi zuenez, Espainiako administrazioarekin ere antzeko akordio bat itxi beharko du udalak.

Hain justu, azaroaren 28koa izan zuen lehen bilkura, Begoña Garmendia idazkari berriak. Haren ongietorriarekin batera, plenoak balio izan zuen beste postu aldaketa baten berri emateko ere: Maite Ruiz de Eguilaz zinegotziak ez du, aurrerantzean, Berdintasun Saileko zinegotzi izaten jarraituko, lana eta batzordeko buruzagitza uztartzeko arazoak direla-eta. Horrela, Olatz Peon alkateak hartuko du, Ruiz de Eguilazen postua.

Berdintasunetik ogasun batzordera pasatuta, Begoña Tolosa ziengotziak azken kreditu gaikuntzaren berri eman zuen plenoan. Guztira, 122.639 euroko kreditua gehitu da udalaren aurrekontura, hiru iturritatik. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldunditik 3.300 euroko diru-laguntza jaso du udalak, Chardevillerekin (Frantzia) senidetzea abiarazteko. Txotxongilo munduak lotu ditu bi herriak eta, hain zuzen, asteburu honetan bertaratuko dira, Tolosara, Chardevilleko ordezkari politikoak, senidetzearen lehen bilera egin, eta anaitzea edukiz josteko.

Lanbidetik, berriz, 106.839,37 euroko ekarpena jaso du Tolosako Udalak, 21 lanpostu sustatzeko; Enplegunearekin lotutako diru-laguntza da. Azkenik, enpleguaren esparrutik irten gabe, aldi baterako administrari lanpostu bat sortzeko 12.500 euro jaso ditu Tolosako Udalak, Lanbidetik, enplegu planaren baitan.

Azpimarra auzolanari

Egutegiari lotutako adierazpenen bidetik, Indarkeria Matxistaren Aurkako aldarri ozena egin zuen, udalbatzak, adierazpen instituzionala aho batez onartuz. Gizartearen gaitza arbuiatu, eta berau desagertarazteko tresnak herritarren eskura jartzeari garrantzia eman zioten. Oposizioak, bide horretan, emakumeen etxearen proiektua testua sartzea nahiko zukeela azaldu zuen, Onintza Lasaren ahotik.

Azaroaren 25etik abenduaren 3ra begira, Euskararen Nazioarteko Eguneko mozioak ere hartu zuen bilkura. Hasiera batean bi testu aurkeztu zituzten alderdiek, baina, EH Bilduk berea atzera botatzea erabaki zuen, "adostasun zabalaren alde". Aho batez onartutako testuak euskaraz urte osoan barrena egin beharreko ahalegina zuen hizpide, eta auzolanari azpimarra egin nahi izan dio udalak, "gehiengo soziala aktibatu" eta erabileran eragiteko.

Aldeko botoa emanagatik, EH Bilduri mozioa motz geratu zitzaion, Inaki Irazabalbeitiak azaldu zuenez: "Tolosak aldarri sendo eta irmoagoa behar du, baina badakigu euskararekiko epel diren erakunde edo alderdiak ere erakarri nahi zirela. Guk babestu dugu, Uemak babestu duelako, eta elkarlana aipatzen duelako". Dena den, kritika egiteko ere baliatu zuten plenoa, nabarmenduz, administrazioaren mezuak "desegokiak" direla, hizkuntza aktibatzeko bidean: "Herritar norbanakoen gainean jartzen du pisu guztia eta, bitartean, euskal administrazioak ez du beharrekotzat jotzen, lanerako euskaraz jakitea. Lidergorik ere ez dago, agintari batek diskurtso berbera, proportzio beretan, euskaraz nahiz gaztelerak eskaintzen duenean, eta Quebec-era (Kanada) euskarazko itzultzailerik gabe joatea erabakitzen duenean. Ekosistema bat behar da erabileran eragiteko".

Gai-zerrenda ofizialetik kanpo, galde-erreguetan, tarte zabala hartu zuen osasun publikoaren aferak, TOPAko kideen eskutik. Asuncion klinikan lau espezialistak beren lanpostua utzi dutela plazaratu zuen Javi Aranak, eta langileek ere beren ezinegonaren berri eman zioten udalbatzari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!