Txotxongiloek erakutsiko diete, haurrei, hondakinak behar bezala sailkatzen

Tolosaldeko Ataria 2017ko azaroaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Ekinbide Etxeak BizitzEKO! egitasmoa aurkeztu zuten atzo; Titirijai jaialdiarekin ekingo diote, igandean.

Titirijairekin eta Hondakinen Prebentziorako Europar Astearekin bat egiten, bi esparruak bateratu dituzte Tolosako Ekinbide Etxeak eta aldundiko Ingurumen sailak, BizitzeEKO! kanpainarekin: haur eta gaztetxoei hondakinak behar bezala sailkatzen eta ingurumenaz hausnartzen irakatsiko diete, txotxongiloen mundutik.

Jose Ignacio Asensio eta Idoia Otegi izan ziren aldundiko agerraldian, Topic zentroko hezitzaileekin batera eta, azaldu zuten, datorren igandean ekingo diotela egitasmoari, 11:00etan. 8 urtetik gorako haurrei begirako proiektua da BizitzEKO!, eta Hondakinen erreinuaren bitartez jasoko dute informazio guztia: "Ibilbidean barrena lau erreinu ezagutuko dituzte: paperarena, ontziena, errefusarena eta organikoarena. Erreinu horiek hondakinez eginda daude eta, beraz, haurrek ikusi ahal izango dute hondakin bakoitza zein koloretara bota behar duten", azaldu zuten.

Erreinuak Topic zentroko arkupeetan ezagutu eta gero, museo barruan Mariona txotxongiloak hitz egingo die haurrei, bideo baten bitartez; argibideak emango dizkie, hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko nahiz birziklatzeko.

Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak haurtzaroko hezkuntzaren garrantziari jarri zion azpimarra: "Txikitan eskuratzen ditugun balioak dira, helduaroan mantentzen ditugunak. Horregatik, gure erantzukizuna da haurrei ohitura jasangarriak helaraztea".

Aipatzekoa da, Topic zentroko saioak amaitu eta gero, ikastetxeek jarraitu ahal izango dutela hondakinei buruzko lanketarekin, on-line tailer baten bitartez.

Erlazionatuak

Txotxongiloen unibertsoak hartuko du Tolosa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 aza 22 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!