Txotxongiloen unibertsoak hartuko du Tolosa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 22a, 17:39

Titirijai jaialdiaren 35. edizioa hasiko da larunbatean eta abenduaren 3a luzatuko da.

Mundu osotik iritsitako txotxongilolariak izango dira datozen egunetan Tolosan. Titirijai jaialdiaren 35. edizioa hasiko da bihar eta abenduaren 3a bitarte hainbat estilo eta teknika erabiliz sortutako lanak izango dira ikusgai. Ohi bezala, Topic eta Leidor aretoetan izango dira saioetako batzuk, eta beste batzuk kalera aterako dira, Tolosako Berdura eta Euskal Herria plazak zein Zerkausia betez.
Guztira 17 konpainia izango dira Tolosan eta lanetako batzuk Pasaian, Ordizian, Eibarren, Sestao eta Donostian ere ikusi ahal izango dira.

Idoya Otegui Titirijai eta Topic-eko zuzendariak azaldu duenez, jaialdian izango diren konpainietako lauk, Tolosako Txotxongiloen Etxeko Sormen Egoitzan egin dute egonaldia. «Eskainiko dituzten ikuskizunak Topic-en egindako egonaldian sortu dituzte. Oso garrantzitsua da hori, Topic-en egiten den lanaren emaitzen isla baitira. Askok ez dakite zer gertatzen den hemen barruan, baina mugimendua dago, eta emanaldi hauek dira horren erakusle». Fils de Fusta taldearen Le Café-Concert; Zero en Conductaren El último baile de Brigitte; Eilertsen & Granados Teater Kompani eta Lamatracatacaren Far Away; eta Winged Cranesen El Sillón dira Tolosako egonalditik atera diren sormen lanak.

Titirijai jaialdia Carles Cañellas Kataluniako konpainiak inauguratuko du bihar, Topic-en. Helduei zuzenduta Identitats lana eskainiko dute. Ez da kasualitatea jaialdia irekitzeko helduentzako ikuskizun bat aukeratu izana, izan ere, «helduen ikuskizunak hauspotu nahi ditugu», esan du Oteguik. «Askok uste dute oraindik txotxongiloak haurrentzako bakarrik direla, eta hori gainditzen lagundu nahi dugu», gaineratu du. Carles Cañellasen Solistas lana ere ikusi ahal izango da Titirijain. Hari txotxongiloetan maisu da Cañellas. 1976. urtetik ari da txotxongiloen munduan eta Europako txotxongilolari onenen artean dago.

Emanaldiez harago
Titirijai txotxongiloen munduan dauden lan egiteko moduen isla diren lanak ikusi ahal izango dira, baina hori baino gehiago ere bada. «Ekosistema oso bat» biltzen duela esan dute Topic-eko arduradunek eta hori dela eta beste hainbat ekimen ere biltzen ditu. Horien artean daude egingo dituzten omenaldiak. Batetik, Rocamora Teatre konpainari egingo diote tartea. Harizko txotxongilo eta objektuak lantzen ditu Kataluniako konpainiak. Titirijai irekitzeko ardura izango duen Carles Cañellas Titellaide eta Rocamora Teatre batera doaz, Cañellasek sortu baitzuen Rocamora taldea duela 35 urte. Bestetik, La Tartana Teatro taldea omenduko dute. 1977. urtean estreinatu zuten Polichinela lana eta ordutik hainbat jaialditan izan dira, mundua zeharkatuz eta 37 antzezpen estreinatuz. La Tartana Teatro, hortaz, 40. urteurrena ospatzen ari da eta hori dela eta El rincón de los títeres lana antzezten ari dira, La Tartanako pertsonaia asko biziberrituz. Artez aldizkariak ere izango du bere tartea. 20 urte bete ditu arte eszenikoen inguruko albisteak zabaltzen.

Aurten bigarrengoz egingo dute Udazkeneko Eskola izenekoa. Igandetik abenduaren 2ra bitarte egingo dute eta antolatzeko Topic-ek eta Titirijaik, UNIMA Euskalherria izan dute lagun. Europako aditu handienetako bat izango da Udazkeneko Eskolan: Joan Baixas. 28 orduko ikastaro bat eskainiko du eta horretarako Mapamundi Sonrisa lan irekia erabiliko du. Baixasen tailerra irekia bada ere, baina txotxongiloen munduan aritzen direnei zuzenduta dago.

Haurrek ere izango dute tailer batean parte hartzeko aukera. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera ingurumena lantzeko tailerra da egingo dutena. Azaroaren 26an, igandean, izango da, 11:00etan, eta 6 urtetik gorako haurrek hartu dezakete parte, doan. Tailerrerako Topic kanpoaldean hainbat gune jarri dituzte eta horietan «erreinuak» sortuko dituzte. Helburua haurrei sortzen dugun hondakin kopuruaren gaineko ardura sustatzea da, birziklapena eta hondakinen sailkapena bultzatuz.

Bestelako gairik ere egongo da Titirijain. Gauero, astelehenetik ostiralera, 23:00etan Topic-eko Anbiguan, Tolosara gerturatuko diren sortzaileekin solasaldiak egiteko aukera egongo da.

Bukatzeko, Bilboko Txotxongilo Jaialdiaren eta Titirijairen artean sortutako elkarlanaren berri eman zuten aurkezpenean. Juanjo Corrales da Bilboko jaialdiaren zuzendaria eta Tolosako lanetako batzuk han ere eskainiko dituztela esan du. «Lankidetza ez da hemen amaituko, hasi besterik ez da egin, eta oso pozgarria da. Inertziak sortuko ditugu eta hori oso pozgarria da kulturarako», esan du.

 

 

Saio irekiak

‘Far away’
Eilertsen & granados teater Kompani eta Lamatracataca

  • Azaroak 26, Topic
  • 17:00. Familia osoari zuzendutako ikuskizuna. Hitzik gabeko emanaldia da eta Noruegako Eilertsen & Granados Teater Kompani eta Murtziako Lamatracatacaren arteko elkarlana da.

‘Anton retaco’
Titiriteros de Binefar

  • Azaroak 26, Topic
  • 18:30. Bost urtetik gorako haur zein familia osoari zuzenduta dago. Aragoiko Titiriteros de Binefar taldeak 30 urtetik gorako esperientzia du. Antón Retaco lanak Maria Luisa Gefaellen 1955ko lana du oinarri.

‘Pinocho etc. y tal’
Teatro por um triz

  • Abenduak 3, Topic
  • 18:30. Familian ikusteko emanaldia da Brasilgo Teatro Por Um Triz taldeak eskainiko duena. Gazteleraz ariko dira. Hogei urteko ibilbidea du konpainiak.

‘ Oscar el niño dormido’
El espejo negro

  • Abenduak 2, Leidor
  • 17:00. 7 urtetik gorako haurrei zuzendutako emanaldia. Gazteleraz eskainiko dute. Angel Calvente egileak sortu zuen konpainia, Andaluzian, 1989an.

‘Identitats’
Carles Cañellas

  • Azaroak 25 eta 28, Topic
  • 20:00 (25) eta 22:00 (28). Helduei zuzendutako lana. Hitzik gabea da. Carles Cañellas Kataluniako konpainia bat da eta hari txotxongiloekin eta objetktuen antzerkian bakarrik aritzen dira.

 

‘Parias’
Javier Aranda

  • Azaroak 27, Topic
  • 22:00. Helduei zuzendutako lana, gaztelaniaz. Javier Aranda aktore eta txotxongilolariak Zaragozako Antzerki Eskolan ikasi zuen eta 20 urtetik gora darama lanean hainbat konpainiatan.

‘El último baile de brigitte’
Zero en conducta

  • Azaroak 29, Topic
  • 22:00. Helduei zuzendutako hitzik gabeko lana da. Bartzelonako konpainiak estilo propioa du eta keinuak eta txotxongiloak ikertzen dituen proiektua garatzen dute, Pepe Otalen tailerrean sortu zen 2011n.

‘Oh la, la, la marionette’
Joan Baixas

  • Abenduak 1, Topic
  • 22:00. Helduei zuzendutako lana, gazteleraz. Baixas Bartzelonan jaiotako margolari eta eszena zuzendaria da. Margoa, maskarak, robotak eta irudien proiekzioak uztartzen ditu.

‘Le cafe-concert’
Fils de fusta

  • Azaroak 25 eta 26, Plaza Berrian eta Zerkausia
  • 12:00 (25) eta 12:30 (26). Helduei zuzendutako hitzik gabeko lana da. Fils de Fusta taldea Bartzelonan sortu zuten Vicente Andreuk eta Laura Cortesek.

‘Aguas de lavar’
Teatro de la Plaza y Teatro Por Um tTiz

  • Azaroak 25 eta abenduak 3, Euskal Herria plaza
  • 18:00 (25) eta 12:00 (3). Familia osoari zuzendutako hitzik gabeko lana. Teatro de la Plaza argentinarrak dira.

‘Solistas’
Carles Cañellas

  • Abenduak 2, Plaza Berrian eta Berdura plazan
    12:30 eta 18:00. Familia osoarentzat, gazteleraz. Zazpi istorio biltzen ditu lanak. Harizko txotxongiloak erabiliko ditu.

‘Erase una vez... dos pies’
Veronica González

  • Abenduak 2, Topic
  • 18:30. Lau urtetik gorako haurrei zein familia osoari zuzendutako lana. Hitzik gabea da. Veronica Gonzalezek eskuak, oinak, hankak eta burua pertsonaje bihurtzen ditu.

‘El hombre de la lluvia’
Michele Cafaggi

  • Abenduak 3, Leidor
  • 17:00. 3 urtetik gorako haurrei zein familia osoari zuzendutako lana da eta hitzik gabea da. Italiako Cafaggi aktore eta pailazoak ikuskizun komiko eta magikoa osatu du. Xaboi burbuilak ditu ardatz.

‘El sillón’
Winged Cranes

  • Azaroak 30, Topic
  • 22:00. Helduei zuzendutako lana hitzik gabea da. Madrilgo konpainia Londresen sortu zuten. Euren azken lana Topic-en egindako egonaldi batean sortu zuten eta Madrilgo Surge jaialdian estrainatu zuten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!