Salgai dira txuletaren festaz gozatzeko txartelak

Ataria 2017ko azaroaren 23a

Zizka Mizka Koxka Gunea bigarrenez izango da Zerkausian, eta haurrentzako menua ere izango da otorduetan.

Beste urtebetez, txuletaren festak abenduko jai egunak zaporez beteko ditu, Zerkausitik. Udalak iragarri du otorduetarako sarrerak eskuragarri direla jada, eta 45 euroan dastatu ahal izango dela menua. Aurten, gainera, haurrentzako eskaintza ere izango da. 943 69 74 13 telefonoan egin ahal izango dira erreserbak.

Abenduaren 8an bazkaria eskainiko dute eta, hurrengo egunean, abenduaren 9an, bazkaria eta afaria; azkenik, abenduaren 10ean bazkariarekin biribilduko dute txuletaren festa, eta otordu horretan idi txuleta zerbitzatuko dute, gainera.

Menuari dagokionez, urteroko eskaintza mantenduko du Zerkausiko jantokiak: urdaiazpikoa; Nafarroako esparragoak; Kantauriko antxoak; Lodosako piperrak; txuleta; Idiazabal gazta; teilak, zigarrotxoak eta Gorrotxa.

Haurrentzako menua, berriz, 12 euro ordaindu beharko da, eta hainbat aukera izango dituzte gaztetxoenek, gustuko otordua aukeratzeko: pasta edo arroz txuria tomatearekin; oilasko errea txip patatekin / eskalopea txip patatekin / hanburgesa saltsan; sandwich izozkia / bainilazko natilak / flana.

MAHAIAN ZEIN ZUTIK

Iaz estreinatu zuen udalak, Zizka Mizka Koxka gunea: Zerkausiko jantokiaren ondoan, mokadutxo bereziak dastatu ahal izateko gunea.

Ostiral, larunbat eta igandean zabalduko dituzte barrak, eta 19-90, Barriola harategia, Txomin parrilla, Imanol Zubelzu, Fronton jatetxea eta Solana 4 ariko dira lanean, bertaratuek Eusko Label haragia dasta dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!