Tolosa CF Eskubaloiak ekipamendu berria aurkeztu du

Ataria 2017ko azaroaren 16a

Eskubaloi taldearen jantzi berriak aurkeztu dituzte gaur eguerdian Gure Kaiola elkartean. Babesleak taldeko ordezkarien inguruan egon dira.

Tolosa CF Eskubaloi taldeak iaz baino babesle gehiago izango ditu aurten, eta hori, iaz Zilarrezko Mailan zegoela. Mailaz jaitsi arren taldeko arduradunak gogor aritu dira lanean, eta ekipamendu berriaren aurkezpen ekitaldian agerian geratu da hori.

Larunbatean ekipamendu berriarekin jokatuko du taldeak. Jarraitzaileek erosteko aukera izango dute, eta horretarako taldeko ordezkariekin harremanean jarri beharko dute, edo Tolosa Shanti Kirolak dendan galdetu.

Kamiseta eta galtzetan agertzen dira babesleak, eta hauen ordezkariak Gure Kaiola elkartean izan dira. Estanis Arsuaga taldeko kapitaina ere bertan izan da, Juan Martin Amiano presidentearen ondoan. Azken honen hitzetan taldearen aurtengo helburua etxeko jokalariekin lehen bosten artean sailkatzea izango da. Bederatzi jardunaldiren ondoren urdinak 5. daude, liderragandik lau puntura. Igoera fasea jokatzeko lehen bi postuetan amaitu beharko luke Tolosa CF Eskubaloiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!