Tolosatik Belgradera

Lesbosera iritsi da kamioia

Iñigo Terradillos 2017ko aza. 16a, 08:44

Errefuxiatuei laguntzeko helburuz urte hasieran martxan jarri zen ekimena borobiltzeko bidean da; banatzeko geratzen zen jasotako arropa Greziako irlan dauden errefuxiatuentzat bideratu da.

Errefuxiatuei laguntzeko Tolosatik Belgradera izenarekin ezagutzen dugun ekimenak beste pauso bat eman du. Serbiara bideratu zen urte hasieran bildutakoaren zati bat, eta oraingoan Greziako Lesbos irlan dauden errefuxiatuen artean banatzeko helburuarekin bidali da geratzen zen zatia. Modu horretan, borobildutzat eman dute tolosar talde batek hasitako elkartasun ekimena.

Negu gogorraren ondorioz milaka errefuxiatu jasaten ari ziren egoera ikusita, neguko arropa jasotzeko eskaera luzatu zen urte hasieran. Deialdiak esperotakoa erabat gainditu zuen, eta bi trailer betetzerainoko arropa jaso zen. Hori guztia hara eramateko garraiorako ere diru bilketa egin zen, eta horretan ere aurreikuspen guztiak gainditu ziren, 25.000 euro bilduta.

Arropa horrek guztiak Belgrad zuen jomuga. Gatazkan dauden lurraldeetatik ihesi, Europarako bidean, milaka dira bertan, ez aurrera ez atzera, halabeharrez, geratutako errefuxiatuak. Muturreko tenperaturak pertsona horien egoera are eta gogorrago egiten zuela ikusita, neguko arropa bertaratzea izan zen helburua «egoera hori pixka bat arintze aldera». Zailtasunak tarteko, Serbiako hiriburura kamioi bat bertaratzea eta errefuxiatuen artean arropa banatzea lortu zen, eta bildutako diruaren zati batekin hainbat proiektu laguntzea posible izan zen, errefuxiatuei bigarren otordua eskaintzeko sukaldearena, kasu.

Tolosatik joandako seiko taldea arduratu zen kamioiaren etorreraz eta banaketaren kudeaketaz Serbian bertan, han lanean ari diren boluntario hainbaten laguntzarekin, eta ondoren joan zen bigarren boluntario taldeak jarraitu zuen banaketarekin, eta beste proiektu gehiagotan laguntzen.

Nora bideratu erabaki bitarte, bildutakoaren beste zatia Irurako biltegi batean egon da gordeta. Urrian hasi ziren elkarte desberdinekin harremanetan jartzen, eta azkenean, Lesboseko aukera hobetsi zen: «Hilabete eta erdiz Greziako irlan errefuxiatuekin lanean egondako donostiar batek azaldu zigun behar handiarekin daudela bertan; gure arroparen bolumenaz eta ezaugarriez hitz egin genion eta oso egokia zela ikusita, hara eramatea erabaki genuen», azaldu du Mauro Marotias Tolosako ekimeneko kideak.

Hala, pasa den ostiralean kargatu zituzten herritarren laguntzarekin, arropaz beteriko 177 zaku, Greziarako bidean jarri zen kamioian. 920 oinetako pare, 2.635 beroki, 1.060 galtza pare, 1.200 jertse, 120 kamiseta, 775 manta, 1.000 bufanda, 1.400 galtzerdi pare, 37 lo zaku eta 12 kanpin denda, 11.000 kilo orotara. Gaur da kamioi hori Lesbosera iristekoa, eta bertan ekimeneko kide tolosar batek egingo dio harrera. Behin material guztia Lesbosen delarik, Attika Human Suppor elkarteak hartuko du bere gain, eta beraiek arduratuko dira banaketa egiteaz.

Marotiasek azaltzen duenez, diru kopuru bat geratzen da, eta hori nora bideratu erabakitzeko daukate oraindik: «Serbian sukalde bat jarri ahal izan genuen martxan, jasotako diruaren zati batekin, eta horiek orain Kroaziako mugan ari dira, baso batean, errefuxiatuei otorduak ematen. Zeregin horretan jarraitu dezaten laguntza eskatu digute, eta ziurrenik haiei bideratuko diegu geratzen zaiguna».

DRAMAK JARRAITZEN DU

Badirudi albistegietatik edota egunkarien titularretatik desagertzearekin batera, albistea edo arazoa desagertzen dela. Kasu batzuetan horrela bada ere, ez da hori gertatzen errefuxiatuen gaiarekin. Pasa den urte bukaeran nahiz urte honen hasieran, maiz zabaldu ziren komunikabideetan errefuxiatuak jasaten ari ziren egoera gordina erakusten zuten irudiak. Hilabete batzuk igaro dira, eta euren etxeetatik gerraren eta indarkeriaren eraginez alde egin beharra duten milioika pertsonaren dramak bere horretan jarraitzen duen arren, komunikabideetan oso leku gutxi duen gaia da.

Boluntario lanetan aritu den Jon Ander Galarzak azaldu duenez, «arazoa berdina da, eta hor jarraituko du luzaroan, baina komunikabideetan ez da agertzen, ez du saltzen gaiak». Marotiasek gehitzen duenez, «pasa den urtean alarma piztu zen sekulako hotza egiten zuelako, eta egoera oso latzean zeudelako, baina arazoa aspaldikoa da».

Arazo honek konponbide zaila duela argi dute biek, «esaterako, hesiak eraikitzen jarraitzen dugulako Europan, eta baita gurean ere, Bilbon». Tolosan hasitako ekimenarekin, «konpontzea baino, zertxobait arintzea» bilatzen zela adierazi dute. «Bagenekien ez zela ezer konponduko, baina ezin izan genuen eskuak gurutzatuta geratu», dio Marotiasek. Eta, horrela ekin zioten proiektuari. Herritarren elkartasun eta babesik gabe ezerezean geratuko zen proiektua: «Tolosaldetik etorritako erantzuna ikaragarria izan da, eta beste lekuetan egin diren bilketetan ez bezala, arropaz gain, diru asko batu ahal izan da proiektua aurrera eramateko», azaldu du Galarzak. Arropa eta diru bilketaz harago joan den elkartasuna izan dela gogoratu du Marotiasek: «Denbora pasa denean konturatu gara babesa zenbaterainokoa izan den. Egin ditugun deialdi eta eskari guztiek izan duten erantzuna eredugarria izan da».

Grezian egingo den banaketarekin, bada, emango zaio amaiera urte hasieran hasi zuten proiektuari. Bi kideak erabat eskertuta daude Tolosaldeko herritarrek erakutsitako jarrerarekin, eta «pozik eta harro» egindako lanarekin, eta jasotako guztia banatu ahal izan delako. Eta bat datoz aurrera begira jartzerakoan: «Etorriko dira besteak».

 

Entzun hemen Mauro Marotias eta Jon Ander Galarza ekimeneko kideei egindako elkarrizketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!