Uzta urria, baina gozatzekoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 14a, 17:04

Tolosako Babarrunaren festa aurkeztu dute, Tolosako Babarrun Elkartearen egoitzan; azoka bereziak eta euskal jaiak hartuko dute larunbata

Joan den iraileko euriteek askoren poza piztu bazuten ere, Tolosako babarrunaren ekoizleei urte osoko lanaren zati handi bat zapuztu zien urak. Horrela, 2017ko uzta ohi baino urriagoa izango dela aurreratu dute, Tolosako Babarrun Elkarteko kideek. Bertan aurkeztu dute larunbateko Babarrunaren festa, asteburuko hitzorduak iragarri eta herritarrak parte hartzera deitzeko. Larunbat goizean lapikoak sutan jarri aurretik, ordea, bihar bertan izango da gastronomia mokadutxoak dastatzeko aukera, Pul-pul jardunaldian, Topic zentroan.

Olatz Peon alkateak elkartearen sorburuetara itzuli nahi izan du, haien egoitzan zeudela baliatuz: «1994. urtean sortu zen Tolosako Babarrun elkartea eta, orduz geroztik, elkarteak berak eta ekoizleek egindako lanak, entzutetsu bilakatu du Tolosako babarruna. Kalitateagatik irabazi du prestigioa, eta hori bermatuko dion zigilua ere badu, Tolosako Babarrunak, 1999az geroztik».

Joxemari Aramendi Tolosako Babarrun Elkarteko kideak alkatearen lekukoa hartu du, ekoizpenari begira jartzeko. 40 ekoizle pasatu dira elkartetik urteotan guztiotan eta, azpimarratu duenez, gaur egun 20 hektarea jorratzen dituzte kide guztien artean: «18.000 eta 20.000 kilo artean ibiltzen da urteroko uzta, baina aurtengoa urriagoa izango da, iraileko euriteek uztaren %30 zapuztu baitziguten».

Nahi adina tona salduko ez dituzten arren, ordea, datorren asteburuan «jai giro bikaina» izango dela baieztatu du Aramendik eta, nabarmendu du, azoka berezia ezinbestekoa dela beren lana hauspotzeko: «Garenak izaten laguntzen digu».

Elkartasun aleak

Eguzkiari aurrea hartuko dio, larunbatean, babarrunaren azoka bereziak, eta 06:30ean piztuko dituzte lapikoak, 2017ko babarrun onena aukeratu ahal izateko.

Baina, nekazarien babarrunek azokako lapikoak zein postuak hartuko dituzte: guztira, 24 ekoizle izango dira azokan. Babarruna ez litzateke babarrun sakramenturik gabe eta, horrela, aurten bigarren aldiz, babarrunaren azokarekin batera egingo dute, San Blas elkarteak antolatutako odolki lehiaketa; 13 parte hartzailek eman dute izena.

Azkenik, IX. Euskal Herriko Frisoi txapelketak hartuko du Ferialekua goizez.

Eguerdi aldera, lapiko guztiak puntu-puntuan izango dira, eta orduan banatuko dituzte babarrunak, kofradiako kideek. Behin babarrun irabazlearen izena iragarrita, berriz, enkantea izango da, Trianguloan bertan. Aurten hirugarrenez, elkartasun aleak izango dira babarrun irabazlearenak, eta enkanteko irabaziak Haurkizuna fundaziora bideratuko dituzte; gizarte garapenerako egitasmoa dute martxan, Ekuadorren.
Hitzordu errenkada hori guztia azoka bereziari lotuta joango da, baina, Tolosako Babarrunaren Kofradiak joan den astean iragarri bezala, II. Euskal Jaiak bat egingo du, berriz, Babarrunaren festarekin.

11:30ean Udaberri dantza taldeak irekiko du festaren bidea eta, bazkalordura bitarteko kantu eta dantzak haien eskutik gozatu ahal izango dituzte herritarrek. Arratsaldean kantu jira izango da, eta Iraunkorrak txarangak gauari jarriko dio musika.

Beotibar pilotalekuan, berriz, zesta puntak eta raketistak ariko dira, goizez eta arratsaldez, hurrenez hurren.

Festa biribiltzeko, azken babarrun jatea

Perla beltzaren inguruko festa Gure Kaiola elkartearen babarrun lehiaketak biribilduko du, beste behin. Haiek dira Babarrun festaren aitzindariak eta, horrela, 31. lehiaketa izango da aurtengoa.

Jesus Gallego elkarteko kideak azaldu duenez, urtetik urtera jende gehiagok ematen du izena, eta aurten zozketa baliatu behar izan dute, parte hartzaileen zerrenda mugatzeko; 28 bikote ariko dira.  

Bezperako irabazleen babarrunak prestatu behar izango dituzte, Zerkausian, eta epaimahai eskarmentudunak erabakiko du, txapela zein sukaldariren burutara joango den.
Irabazi edo galdu, ordea, 500 pertsona elkartuko dira babarrunak bazkaltzera, eta iluntzera bitarte txaranga izango da igandean ere. Bazkari txartel ia denak saldu dituzte jada, baina geratzen direnak aste honetan eskuratzeko aukera eskaini du Gure Kaiolak, telefonoz nahiz elkartera bertaratuta, iluntzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!