Gastronomia jardunaldiek zapore berria emango diote babarrunaren festari

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 10a, 17:05

Igandean urteroko kapitulua ospatuz ekingo diote egitarauari, eta hurrengo larunbatean bigarrenez ospatuko dute euskal jaia, azoka bereziarekin bat eginez.

Badira jada bi urte, Tolosako Babarrunaren kofradiako lekukoa belaunaldi gazteak jaso zuela eta, orduz geroztik, bertako produktua zaindu eta goratzeko egitasmo berrien uzta jasotzen ari da Tolosa. Bada, datozen egunean uzta horren ale berriak eskuragarri izango dituzte gastronomia zaleek, Tolosako Babarrunaren Kofradiak Pul-pul grastronomia jardunaldiak antolatu baitituzte, babarrunaren festaren karietara.

Gaur aurkeztu dute 2017rako proposamena, Euskal Herria plazako arkupeetan. Bertan izan dira babarrunaren kofradiako ordezkariak, Imanol Zubelzu bozeramaile zutela, eta baita Xabier Goikoetxea Tolosako Babarrunaren Elkarteko kidea, Nerea Letamendia Tolosako Udaleko zinegotzia, Igor Agirre Galtzaundi Euskara Taldeko kidea, Edit Etxezarrera Tolosa&Co elkarteko ordezkaria eta Nerea Diaz Udaberri dantza taldeko kidea.

Urteroko bidetik, azaroak erdia emana duenean, babarruna hitzorduen erdigune bilakatuko da Tolosan. Horrela, datorren igandean bertan dantzan jarriko dute perla beltza: XXVII. kapitulua ospatuko du kofradiak, eta iragarri dituzte, jada, 2017ko ohorezko kofradeen izenak: "Ana Urrutia EITBko eguraldi iragarlea izango da bata, bai baitakigu eguraldia zein garrantzitsua den uzta ona jasotzeko. Bestalde, Tolosako Ekinbide Etxea ere izendatu  dugu, 50. urteurrenagatik, eta kulturarik gabeko herri batek gastronomia ere ez lukeelako hain ondo zainduko. Era berean, Udaberri dantza taldea ere ohorezko kofrade izango da, 60. urteurrena bete dutelako; dantza talde ekintzaile eta gaztea dira, eta guretzat eredu, gainera. Azkenik, Edurne Trancho tolosarrari ere keinua egingo diogu, denbora gutxian gure produktuen enbaxadore ezin hobe bilakatu baita", azaldu du Imanol Zubelzuk.

Ohorezko izendatzeekin batera, gainera, igandeko hitzorduan Brian Cullen Tolosaldeko turismo bulegoko kidea Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide berri izendatuko dute; haren profila interesgarritzat joz, kofradia aberastea hizpide izan dute kideek agerraldian.

Elikadura atzo, gaur eta bihar

Izenburu hori hartuta, azaroaren 15ean Topic zentroko aretoa Pul-pul gastronomia jardunaldien aterpe bilakatuko da. Finean, bertako produktuen inguruko hausnarketa piztu nahi diete parte hartzaileei, "nondik gatozen, gaur egun zer jaten dugun eta zein bidetan goazen ikusteko".

Horretarako, bi aditu ariko dira hizlari: Iñaki Alava biokimikari eta ikerlaria, eta Mikel Zeberio gastronomia kritikaria. 19:00etan ekingo diote hitzorduari.

Bigarren urtez, festara

Babarrunaren egunak aspaldi hartuak zituen festaren koloreak, baina, iaz euskal jaia txertatzearekin, galdu ezinezko hitzordu bilakatu zen, besteak beste, belaunaldi berrientzat. Azaroaren 18an izango da, azoka bereziarekin batera, eta erdiguneko txoko guztietan izango da babarruna usaina.

Batetik, kofradiako kideek eta Haurkizuna fundazioko kideek babarrunak banatuko dituztelako, Trianguloan. Bestetik, Tolosako hainbat tabernatan babarrun jateak eskainiko dituzte, Tolosa&Co elkartearen laguntzaz: "Eskerrak eman nahi dizkiogu ekoizleen elkarteari, 80 kilo babarruna emango baitizkie ostalariei", azaldu du Edit Etxezarretak.

Babarrun beltzak erdigunea hartuko du, bai, baina baita euskal jaiak ere. Horrela, Udaberri dantza taldeak girotuko du goiza, dantzaz eta musikaz, eta bazkalondoan ere musika izango da kalean. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideek herritarrak deitu dituzte, euskal jantziekin atontzera. Aipatzekoa da, gainera, Tolosa&Co elkarteak promozio berezia jarriko duela martxan, eta artzain eta artzain-andre jantzi bana zozkatuko dutela, azaroaren 13tik 19ra bitarte erosketak egiten dituztenen artean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!