Memoriaren Eguna dela eta, elkarretaratzea eta lore eskaintza egin dituzte

Ataria 2017ko azaroaren 10a

Gaur da Memoriaren Eguna eta elkarretaratzea eta lore eskaintza egin dituzte goizean; Tolosako udalbatza osatzen duten alderdi guztiek hartu dute parte, eta guztiek adostutako adierazpen instituzionala ere onartu dute.

Memoriaren Eguna dela eta, Tolosako udalbatzak bost minutuko elkarretaratzea egin du udaletxe aurrean; horretaz gain, Euskal Pizkundea plazan dagoen monolitoan lore eskaintza ere egin dute.

Adierazpen instituzionala ere onartu dute Tolosako udala osatzen duten alderdi politiko guztiek: "Konpromisoa hartzen dugu bizikidetzaren eraikuntzan gure herriko memoria berreskuratzeak duen garrantzia gizarteratzekoa".

Azaldu dute bizikidetza eraikitzea "eguneroko" lana dela: "Etorkizuneko bizikidetzaren oinarri sendoak finkatzeak suposatzen du elkarlana eta batzen gaituen hori aztertzea", jasotzen du adierazpenak.

Zentzu horretan, azpimarratu dute "euskal gizarteak bizi izan dituen eta bizi dituen egoera zail guztiak bere konplexutasunean aztertu beharrean daudela, errealitate anitzei erreparatu eta erantzun bateratuak emateko gai izan gaitezen".

Tolosako Udalak biktima guztiak aitortzen ditu adierazpenean: "Giza eskubideen urraketak pairatu zein pairatzen dituzten pertsona guztiak gogora ekarri eta aitortu nahi ditugu". Era berean, Tolosako Udalak aldarrikatu du udalari dagokiola gertatutakoa berriro ez gertatzeko "beharrezko urratsak egitea eta oinarri sendoak finkatzea. Aurrerantzean, hori izango da gure konpromisoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!