Nola sentitzen zara Tolosan garaipena errepikatu eta gero?
Sinestezina da. Lehen aldian oso pozik geunden, eta ez nuen espero berriz ere eszenatoki berean beste garaipen bat ospatzea. Iaz ez nekien berriz ere hona itzuliko ginenik lehiatzera.
Nola lortzen da haurrek dantzatu eta abestea? Zenbateko prestaketa eskatzen du horrek?
Urte askoko lana eskatzen du. Aspaldi hasi ginen abestu ditugun abestiak prestatzen. Lehiaketa honetarako bi euskal abesti prestatu ditugu, beste abestiak prestatzen urte asko daramatzagu.
Asko entseatzen al duzue?
Larunbatetan bi ordu eta erdiz aritzen gara, astean behin elkartzen gara. Lehiaketa honi begira maizago elkartu gara dena den, astean hiru aldiz. Entsegu hauekin batera musikal bat aritu gara prestatzen eta baita beste kontzertu bat ere. Aurten Italian aritu gara lehiatzen eta abesti batzuk berdinak ziren.
Zein iritzi duzu Tolosako lehiaketari buruz?
Nire ustez mundu mailako onenen artean dago. Lehiaketan parte hartzeaz gain, kontzertuak eskaintzako aukera ematen du. Publikoak asko estimatzen ditu kontzertu horiek eta gustura gaude gure musikak harrera ona izaten duelako. Gauza guztiak garaiz izaten dira eta oso ondo prestatuta daude.
Gustuko al dituzu euskarazko abestiak?
Oso musika ederra da. Hizkuntzaren aldetik landu egin behar izan ditugu noski; nola ahoskatu ikasi behar izan dugu eta haurrek hitzen esanahaia zein den jakin ahal izan dute. Saiatu gara sentitzen eta gozatzen, azken finean musika unibertsala da. Abeslariek abestiak sentitu ahal izan dituzte, hitzak ehuneko ehunean ulertu ez badituzte ere.
Nola aukeratu dituzte euskal abestiak?
Orain zehazki ez naiz gogoratzen, baina asko genituen aukeran. Emozioa eta tentsioa izango zuen programa bat osatu behar nuen eta euskal abestiek ondo egin behar zuten bat gainontzekoekin. Abestiak aukeratzerakoan zailtasun aldetik ere haurrentzako egokiak ote diren begiratzen dugu, eta artistikoki programari beste kolore bat emango diotela ere aztertzen dugu. Izan ere, publikoari eta epaimahaiari aberatsa izango den programa egiteko gai garela erakutsi nahi diogu.
Helduen abesbatza misto batekin eta haurren abesbatza batekin etorri zara, ba al dago desberdintasunik?
Berdina da. Haurrak oso argiak dira, batzuetan heldu bat baino gehiago. Helduek arazoak dituzte, ez direlako ehuneko ehunean abeslariak. Lana egin behar dute, familia dute... Yakarta hiri handia da eta eskerrak entseguetara garaiz iristea lortzen dutela, baina batzuk oso nekatuta iristen dira.
Ikusi hemen azken saioko argazki eta bideoak.