Tolosako 49. Abesbatza Lehiaketa eta Europako Sari Nagusia

[KRITIKA] Lurretik izarretara

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2017ko aza. 7a, 07:21

Lurretik izarretara, kosmosean zehar bidaiatzera eraman gaituzte astean zehar entzundako kolore anitzeko doinuek: obra ezagunak ikuspuntu berriztatzaileetatik irakurriak, kuttunak ditugun euskal kanta sorta ere eta efektu-koreografia zein antzezpen berritzaileak ikusteko parada ere izan dugu.

Kantariekin bat bizi izan ditugu, tentsio eta urduritasunak eta plazer ederreko uneak. Hunkitu ere egin gaituzte eta bazkal osteren batean egitarauaren trinkotasunagatik loak har ez gaitzan ere saiatzea tokatu zaio bat baino gehiagori. Bertako eta kanpoko, urteroko eta berriki bertaratu garenon artean, musikari buruzko makina bat solas ere izan dugu.

Indonesiak ezarri du Resonanz haur koruarekin puntuaketa langa gorenean. Avip Priatna maisu handiak, joan den urteko lehiaketako irabazleak, esan du errazago zaiola haurrekin lan egitea helduekin baino. Honen isla praktikoa Resonanz taldearekin eskainitakoa; Musika maiuskulaz. Inaute habaneren tempo eta kalderoi barrabasetan, Z. Kodályren Táncnótari zukututako eta inoiz entzun ez ditudan ñabardura jolaskorretan, sekula ikusi gabeko koreografia uniforme bezain bat-batekoak diruditen profesional mailakoak egin bitartean, kantuan perfekzioz jarraitzeko gai dira, noski ahots gaitasun aberatsari etekin guztiak ateratzen azti den zuzendariaren eskutan.

Kamara taldeek, arautegiak behartzen dituen baldintza ugariagoak direla eta bide zailagoa dute gaztetxoekin alderaturik sari nagusia eskuratzeko, hona hemen laburrean aipatzekoak.

Letoniako Maska koruak emari ezin dizdiratsuagoa eskaini zuen, izarren artera amestera gonbita luzatuaz. Antzokiko bi aldeetan lerratuak, entzuleak besarkatuaz jarri eta geldiarazita utzi gintuzten musugitarren eta edalontziak hatzez igurtzita sorturiko doinu liluragarriekin, magia, alegia. Ljubljanako Musika eta Ballet Kontserbatoriokoak daukaten tinbre iradokitzaileak eta lorturiko kontraste eta dirdiraz oso zentratuak irten ziren bi korurentzat eraikitako J. Gallusen obra batekin, otoitzezko Monteverdi erlijioso elegantetik pasa, Elgar betiro trinkoa igaro eta swing erakargarrira arte Folklorean irristadaren bat izan zuten behartuan.

Norvegia Kvindenlige ikasleek nabarmen egin zuten onera herri kantetan, zazpiko erritmo sorginduak, Sagarnaren Kukua abesti xinple bezain zoragarrian edo giro biziagoetan.

Esloveniako Carnice emazte koruak agudoetan tarteka ahots inpostazio lakatza iradoki bazuten aldiz plastiko eta musikalki ikusgarri iritsi zitzaizkidan, A. Makorern Pesem obran bereziki. Folklorean berriz euskararen ahoskera gardena, ondo menperatutako partiturak eta filigranetara jo gabe, soiltasunezko lana egin zuten. Argentinako Camara XXIk Andeetara gerturatzeaz gain, Mokoroaren behartu xinple baina borobiltzeko traketsa, tempo lasaian egitea hautatu zuen, esaldi amaierak euste aldera, hau ere talde polita.

Sailkapenean atzera gelditu den abesbatzetako bat ezin utz nezake aipatu gabe, Erresuma Batuko Sansarako gazte energikoak, britainiar kolegioetako tinbre eta dirdiraz, bejondeiela!

Ez da menturazko izango koru musikari eta kulturari lehentasunez ekiten dioten eta lehiaketako garaile ditugun taldeok nazio gazteenen ordezkari ditugula asko. Benetako herrigintza kulturarekiko apustu irmoan oinarritua duten hauengandik zer ikasi asko genukeelakoan naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!