Tolosako 49. Abesbatza Lehiaketa eta Europako Sari Nagusia

[Kritika] Orain ere irakaskuntza eta baliabideak auzi!

Migel Zeberio 2017ko azaroaren 2a

Ekitaldian bost talde izan dira, Europa kontinentaleko bi, Hego Ekialdeko asiarrak bi, eta erdikoa, geografikoki eta musikalki Moskuko Vesna.

Sola Mixed Choir Letoniako taldea izan da ziurrenik apalena, zuzendariak ere hala iradokitzen zien maiz agian zehaztasun gehiagoren faltan: fonetikoki edo oro har musikaren ñabardura zenbait ahantziaz.

National des Jeunes a Coeur Joie frantziarrek gaztetasunaren jarioa eta freskotasuna eskaini ziguten. Proiektu pedagogiko ederra den honekin, gozatzen dute eta gozarazi, eta ideia argiko zuzendariak ere laguntzen du lan horretan.

UP Madrigal Singers (Filipinak) abesbatzakoek soinu tresna boteretsuaz, sorbaldaz sorbalda eserita, elkar loturik, pianissimoetatik fortissimoetara jolasteko gaitasuna dute. Suchützen kontrapuntu arinetan moldatzeko, ordea, lanak eman dizkie horrek, melisma arinetarako bortxan zebiltzan zenbaitetan. Perkusio koloretsuen laguntzaz, beren kulturara begiratzeko leiho aberatsa ekarri ziguten.

Batavia Madrigal Singers Indonesiako taldea irabazle izan genuen Tolosan iaz, dantza erritualean gozarazi eta aberastu bagaituzte bereziki, Juan Gutierrez de Padillaren soiltasun eta era jasoak erakarri naute bereziki. Mendelssohnen gorabeheratsu ibili dira eta ziur horrelakoek jaitsi dizkiela puntu desiragarri zenbait.

Munduan ez da pareko antolamendua duen erakunderik izango, Moskuko Vesna (Udaberria) koru musikan oinarritzen den ikastetxe honen emaitza ezaguna izanagatik zirraragarria suertatzen da beti. Zehaztasuna dute lemazain eta parametro guztietan oinarri, baina beti adierazkortasunaren eta edertasunaren mesedetan. Lanketa zorrotza baina pentsatzekoa da igortzen dutenaren neurrian, bizipena ere araberakoa izango dutela kantari gaztetxoek Nadezhda Averinaren eskuetan. Koreografia landu eta aldi berean bat-batekoak aberasten ditu. Tapiolatarren Aglepta magikoa, S. Taneeven aldaera dinamiko zabalak edo E. Podgaitsen Alleluia maisutasunez josiak, azpimarratu dute gainontzeko taldeek adina eta gehiagoko kolore paleta menderatzeko gai izanik, gorengokoak beraiek izan direla. Orain ere irakaskuntza eta baliabideak auzi!

 

Vesna Children's Choir abesbatzak irabazi zuen atzo 2017ko abesbatzen Europako Sari Nagusia. Ikusi hemen argazkiak eta bideoak.

Erlazionatuak

Txaloei ezin eutsita

Ataria 2017 aza 01 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!