Tradizio eta ohitura handiko taldea zela iragarri zuten antolatzaileek, baina lehiakide gogorrak zain dituzte, Europako Sari Nagusia eta haren prestigioa irabazteko. Hala ere, Vesna Children´s Choir haur abesbatza errusiarrak zirrara sortu du Leidor aretoan, eta entzuleei zail suertatu zaie, sari nagusiak abesti eta abesti artean agindutako txalo-isiluneei eustea.
Tolosak bosgarrenez hartu du, aurten, abesbatzen Europako Sari Nagusia eta, aurkezpen prentsaurrekoan nahiz ondorengo hizketaldi abesbatza-zale guztietan, gaurko hitzorduko maila gorena izan da lerroburua. Besteak beste, Filipinetako eta Indonesiako ahots berezi eta teknika zehatzak zuzenean entzuteko gogotsu zen publikoa eta, horiekin batera, baita Vesna abesbatzako nesken maila aurrez aurre ikusteko ere.
Beharbada University of the Philippines Madrigal Singers abesbatza filipinarra zen faborito nagusia, historiaren pisuagatik: Europako Sari Nagusia bi aldiz irabazi duen abesbatza bakarra da eta, gainera, nolabaiteko profezia baten jabe ziren, 1997an eta 2007an irabazi baitzituzten bi garaikurrak.
Haiekin batera, Batavia Madrigal Singers abesbatzako indonesiarrek ekarri dituzte jarraitzaile gehien; iaz Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi zuten, eta Leidor lehertzear izan da txaloz, haien emanaldiaren ondoren.
Saio eta kantu guztiak amaituta, zaleen arteko pronostikoek egin dute aretoko musika, epaimahaiaren erabakia plazaratu bitarte. Vesna haur abesbatzako kideek ezin sinetsita igo dituzte, bigarrenez, oholtzako eskailerak, eta askok negarrez jarraitu dute kantuan, publikoa bera ere hunkituz.
ABESBATZA GEHIAGO BIHAR
Aurtengo Tolosako Abesbatza Lehiaketak atariko perfektua izan du, eta zaleei sekula baino biziago piztu zaie harra.
Zorteko dira, bada, bihar bertan hasiko baitira 49. Tolosako Abesbatza Lehiaketako saioak, 19:30ean. Larunbatera bitarte, polifonian eta folklorean ariko dira helduak, eta haur abesbatzen hitzordua ere izango da.