Gozo zaleen paradisu txikia

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 28a, 13:31

Arrakastatsua izaten ari da XIV. Tolosa Goxua azoka; 14:00ak bitarte postuak eta postuak izango dira, Trianguloa plazan. 

Ia mendelaurdena bete du, gaur, Tolosako azoka berzietan gozoenak. Pastelak, tartak, gailetaxoak, turroiak, txurroak, txokolatea,... Gozozaleen paradisu txiki bilakatu da Trianguloa plaza eta, gozogileen postuez gain, goiza hitzorduz bete-betea izan da. 

Sagar tarta lehiaketak ekin dio hitzorduen zerrendari, parte hartzaileek goizean goiz utzi behar izan dituzte beren tartak, mahai gainean. Inoiz baino jende gehiagok parte hartu du lehiaketan, eta Elena Arzakek, Eva Argiñanok eta Imanol Zubelzuk 28 tarta dastatu behar izan dituzte, irabazlea aukeratzeko. 

Adituek azaldu dutenek, askotariko tartak aurkeztu dituzte herritarrek: tradizionalak, sagar eta guzti; berritzaileagoak, konpota batekin eta forma originalekin; errege-sagarrarekin eginikoak edo bestelako sagarrak aukeratu dituztenak. Bertaratu diren herritarrek ere izan dute sagar tartak dastatzeko aukera.

Eta, azkenean, Tolosan geratu da saria, Ximena Zeberiok egin baitu sagar tartarik onena. 12 urte ditu, eta ahizparekin egin duela azaldu du saria jasotzerakoan; Tolosako gozo dendetan baliatzeko 200 euroko ordainsaria irabazi du. Bigarren, berriz, Nagore Gutierrez zarauztarra sailkatu da, eta 150 euroko ordainsaria banatu diote. 

Etorkizuneko gozogileak

Aurkezpeean ere hala azpimarratu zuten: aurtengoa transmisioaren Goxua izango dela. Izan ere, gozogileek belaunaldi berriei begiratu nahi izan diete aurten, eta Goxua azoka, hitzordu horretatik kanpo ere zabaldu. Horrela, Tolosako ikastetxeetako neska-mutilei hainbat bisita egin eta gero, 10 gaztetxok azokan parte hartzeko aukera izan dute, gaur, San Markos pastelak egiten. 

Gorrotxategi, Eceiza, Gorosti, Saizar eta Gozonako gozogileen laguntzaz, 4.000 San Markos pasteltxo egin eta banatu dituzte, herritarren artean. 

Etorkizuneko gozogileak izan daitezke, eta hain zuzen alboan izan dituzte munduaren bestaldeko belaunaldi berriak ere, kantuan: abesbatzan Europako Sari Nagusian parte hartuko du Vesna Children´s Choir abestatza errusiarrak, eta emanalditxoa eskaini dute sari banaketaren ondoren. 

Erlazionatuak

Aurtengoa, transmisioaren Goxua

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 urr 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!