Aurtengoa, transmisioaren Goxua

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 25a, 17:26
Rafa Gorrotxategiren lantegian aurkeztu dute Tolosa Goxua.

Datorren larunbatean XIV. Tolosa Goxua azoka bereziak hartuko du Tolosa; 4.000 San Markos pastel banatuko dituzte, eta sagar tarta lehiaketa izango da.

Azoka berezietan gozoena hartuko du, datorren larunbatean, Tolosak, hogeitalaugarrenez. Herriko bost gozogile artisauak– Gorrotxategi, Ibañez-Gozona, Leioko-Gorosti, Eceiza eta Saizar– izango dira Tolosa Goxua azokako protagonista, baina, horiekin batera, Trianguloa plazako postuak beteko dituzte beste hainbat etxe gozogilek ere. Urtez urte egindakoa hobetuz iritsi dira, artisauak, ia mende laurdeneko azoka-ibilbdiea osatzera, eta aurtengorako ere iragarri dute berrikuntza bat: lehen aldiz, azokako hitzordutik harago eraman dute Goxua, eta Tolosako ikastetxeetako neska-mutilengana jo dute, beren ofizio eta tradizioaren berri ematera.
Olatz Peon alkateak belaunaldi berriei gozogintza transmititzearen garrantzia azpimarratu du, baldin eta artisau belaunaldien soka harilkatuko bada. Horrela, bederatzi urteko gaztetxoekin lanean aritu dira herriko gozogileak, Rafa Gorrotxategik azaldu duenez: «Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako haurrei bisitak egin dizkiegu, Tolosako gozoak eta gozogintza ardatz hartuta. Besteak beste, azpimarratu diegu Tolosa dela hiru gozo propio –teilak, zigarrotxoak eta xaxuak– dituen herri bakanetako bat, eta gozoak egiteko moduak ere irakatsi dizkiegu. Oso esperientzia aberasgarria izan da».
Hain justu, ehundik gora gazte horietako 10 azokan bertan ariko dira, bost gozogile tolosarrekin batera, San Markos tarta prestatzen. Berau izango da aurtengo Tolosa Goxua azokako protagonista, eta 4.000 banatuko dituzte herritarren artean, eguerditik aurrera.

Artelanak sagarrarekin

Goi mailako gozogileekin batera, Tolosa Goxuak tartea eskaintzen die, urtero, norbere gisara gozogintzan aritzen diren horiei.
Aurten ete sagar tarta lehiaketa antolatu dute, eta bihar izango da izena emateko azken eguna, 943 69 75 21 telefono zenbakian edo feriak@tolosa.eus helbide elektronikoan. Agerraldian azaldu dutenez, lehiaketak Tolosaldeko mugak ere gainditu ditu, eta Donostiako zenbait parte hartzailek eman dute izena.
09:00etatik 10:00ak bitarteko epea izango dute, sagar tartak Trianguloa plazan uzteko, eta postrea egiteko erabilitako errezeta ere atxiki beharko dute. Jarraian, epaimahaikideek tartak dastatuko dituzte, eta 11:45ean izango da sari banaketa.
Eva Argiñanoren, Elena Arzaken eta Imanol Zubelzu tolosarraren egitekoa izango da sagar tartarik onena aukeratzea, eta irabazleak 200 euroko ordainsaria jasoko du, Tolosako gozogileen dendetan erabiltzeko; bigarren sailkatuari 150 euroko ordainsaria banatuko diote du.

Gozoa, musikarekin, are gozoago

Tolosa Goxua azokak berak 09:00etatik 14:00etara bitarteko orduak hartuko dituen arren, udazken lore tolosarrak gozoaz harago doaz, eta Trianguloko hitzordua aurrera doan bitartean, musikaz ondo girotuta izango dira inguruko kale eta plazak.
Batetik, Tolosaldea-Goierri kantuz topaketa izango da larunbatean eta, Tolosa Kantariren ohiko ibilbidea aldatuz, erdiguneko kaleetaraino iritsiko dira 400 kantuzale ingururen doinuak.
Bide beretik eta,  giza ahotsetatik aldendu gabe, Vesna Children Choir haur abesbatzak emanalditxoa eskainiko du, Tolosa Goxua azokan bertan, 12:00etan. Tolosako Abesbatza Lehiaketan ariko dira, datorren astean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!