'Giro Kalea', Errementariren izengoiti berria

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 27a, 19:28

Gune Biziak proiektuaren bidetik, Errementari kalean hutsik zeuden erakusleihoak eta hormak apaindu dituzte, elkarlanean, Tolosako Udalak, Tolosa&Cok, merkatariek eta bizilagunek; inaugurazioa egin dute arratsaldean.

Errementari kalea biziberritu eta erakargarri eginez, artea eta sormena txertatzen aritu da, azken asteotan, aditu, artista eta herritar talde bat. Guztia, Errementari kalea Giro Kale bilakatzeko. Modu horretan, Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak Gune Biziak proiektuaren hariari tira dio, komertzioa Alde Zaharreko kale horretara ere bideratzeko helburuz: "Sektore horretako profesionalak Errementari kalera erakartzea da jomuga, eta haiek ikustea, hemen ere negozio aukerak badirela", azaldu du Olatz Peon alkateak.

Bere aldetik, Tolosa&Co elkarteak udalaren eta beren arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, Errementari kaleko bizilagunei eskerrak emanez: "Eskerrak eman nahi dizkiegu kaleko bizilagun, merkatari, lanean ibili diren artista eta boluntario guztiei. Zuen inplikazioa beharrezkoa izan da proiektu hau aurrera eramateko".

Asteburuan Tolosan bat egin duen hitzordu sorta tarteko, udalak inaugurazioa gaur arratsaldean ospatzea erabaki du, eta horretarako lanean aritu ziren, joan den urriaren 19tik 22ra bitarte, merkatari, bizilagun nahiz artistak.

Muralak eta biniloak, kalea biziberritzeko

Bi esku-hartze nagusi egin dituzte, Errementari kalea Giro Kale bilakatzeko. Batetik, orain arte hutsik egon diren lau erakusleiho egokitu dituzte. Komertzioa Tolosako beste guneren batean duten lau merkatarik erabaki dute, beren produktu edo zerbitzuak iragartzeko Errementari kaleko erakusleiho hutsak baliatzea eta, horretarako, Tolosako Udalak laguntza ekonomikoa eskaini du: lokalen jabeei 200 euro eman dizkie, eta merkatariei 850, erakusleihoa behar bezala egokitzeko.

Erakusleiho hutsekin batera, ordea, Errementari kalean asko dira aldameneko kaleetan sarbidea duten denden atzeko-aldeak: bada, horiek ere apaindu dituzte, biniloak baliatuz. Kalearen izaera islatuko zuten irudiak erabili nahi izan zituzten hasieratik eta, horrenbestez, Tolosako Musika Banda, txarangak, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Mulanbo eta Tolosa Kantari iruditan ikusi ahal izango dira, aurrerantzean, kale horretan.

Bizikidetzarako horma irudiak, proiektua biribiltzeko

Errementari kalerako aurrez landutako egitasmo hori kolore gutxi balitz, Gune Biziak egitasmoarekin topo egin du, Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetzarako horma irudiak proiektuak ere.

Horrela, Tolosako Udalaren eskariz, Ikertze elkarteak mural edo horma irudi bat osatu du haur eskolako horman. Arantxa Orbegozo artista izan da lanaren gidaria, eta hainbat laguntzaile izan ditu egunotan.

Inaugurazioan nabarmendu dute, aurkeztu berri dituzten berrikuntzak eginda ere, aurrerantzean Errementari kalea erakargarri eta txukun mantentzea izango dela merkatari nahiz bizilagunen helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!