Ikuskizun ibiltaria eta ikasle ohien afaria, ospakizunekin jarraitzeko

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 19a, 19:25

Laskorain Ikastolak 50. urteurrena bete du, eta gertaera "handi" hori ospatzeko beste bi ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan: ikuskizun ibiltaria eta ikasle ohien afaria.

Kepa Goikoetxea Laskorain ikastolako zuzendariak, Aiora Zulaika lehendakariak, Miren Lopez Mendizabal Ikasle Oihen Afariko arduradunak eta Xabi Ormazabal ikuskizun ibiltariko sortzaileetako batek aurkeztu dituzte bi ekintzak gaur eskainitako prentsaurrekoan. 

Urriaren 28an, hurrengo larunbatean, ikuskizun ibiltaria egingo dute. Ormazabalek eman ditu xehetasunak: "Lau emanaldi txiki egingo ditugu: lau taldetan banatuko ditugu parte hartzaileak eta Tolosako hainbat tokitan elkartuko ditugu ordu berean: berdura plazan, udaletxe plazan, trianguloan eta Laskorain Ikastola sortu zen tokian. Emanaldi zirkularra izango da eta zenbat toki bisitatuko dituzte."

Argitxok, Laskorain Ikastolako ikurretako batek, lagunduko die talde guztiei, eta ibilaldi guztian musika izango dute lagun. Hiru eta bost minutu arteko emanaldiak egingo dituzte, eta ikasle ohiek, gurasoek eta irakasleek hartuko dute parte.

Ondoren, Sakramentino ikastolara joango dira, eta bertan beste emanaldi bat egingo dute, "40 minutu ingurukoa". Emanaldi horretan talde bakoitzak bere kolorea izango du –gorria, morea, horia eta berdea–: "Ez dugu esango kolore bakoitza zerri lotuko diogun, baina garrantzia berezia izango dute". Antzerkiz osatutako emanaldia izango da eta hasierako sortzaileek, ikasle eta irakasle ohiek, ikasleek...hartuko dute parte.

Dagoeneko hasi dira entseatzen, baina izena emateko aukera dago bihar arte –urriaren 20a–. "Bakarrik edo lagunartean eman daiteke izena, eta taldean apuntatuz gero, nahikoa da pertsona baten kontaktua ematea", adierazi dute. Horretarako, Laskorain Ikastolako webgunean sartu edo idazkaritzara deitu behar da.

Azaroararen 4an, afaria

Azaroaren 4an, berriz, Ikasle Ohien Afaria antolatu dute: "Izen hori jarri badiogu ere, afaria ez da ikasle ohientzako bakarrik, Laskorain Ikastolako kide direnentzat eta izan direnentzat baizik". Zerkausian izango da 21:00etatik aurrera. "Ez da ohiko afaria izango: jende asko ekartuko gara, eta denok ibiltzeko lekua izan dezagun, zutik egingo dugu".

19:00etan elkartuko dira Plaza Berrian eta txarangarekin batera, Zerkausira gerturatuko dira. Bertan, DJ bat arituko da musika jartzen, eta photocall-a ere jarriko dute argazkiak atera nahi dituenarentzat. Sarrerak salgai daude Ikastolan eta Orbela, Amaiur, Karela eta 66 tabernetan, eta erosteko azken eguna urriaren 26a da; 20 euro balio ditu.

Aiora Zulaikak azpimarratu du gertaera "handia" dela urteurrena: "Duela 50 urte, zazpi haurrekin hasi zen abentura hura, eta gaur egun 800 familia biltzen dituen kooperatiba gara; asko daukagu ospatzeko".

Irakurri hemen Laskorain Ikastolaren urteurrenaren inguruko erreportajea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!