50 urtez, emozioz haziz, bizitzen heziz

Tolosako Laskorain ikastolak, urrezko ezteiak ospatu ditu. Horretarako, zenbait ekitaldi antolatu dituzte datozen asteetan. Baina, urteurren bat behar bezala ospatzeko, hastapen haietako eta gaur egungo langile, ikasle eta gurasoak bildu ditu ‘Ataria’-k, beraien bizipenak kontatu, eta ikasgela barruan, zerbait gehiago ikasteko asmoz.

1967ko urriaren 4a. Irakasle bat eta zazpi ikasle. Guztiak txalet batean. 2017ko urriaren 4a. Ia berrehun langile eta mila eta bostehun ikasletik gora dituen kooperatiba bat. Aldaketa handi xamarra agian ikastola batentzat. Ez dute horrela uste bertako ikasle ohi, langile edota gurasoek. Baina, beraiei Laskorain hitza entzunda, burura etortzen zaien lehen pentsamendu edo egoeragatik galdetuz gero, oso ondo gogoratzen da Begoña Arrate (Tolosa, 1945) duela bost hamarkada bizitakoaz. «Lege atzerakoiak alde batera utzi, eta euskararen eta Euskal Herriaren alde, bertan hitz, dantza eta jolas egin ahal izateko leku bat zen, belaunaldien arteko ekintza batek eragindakoa». Joxe Manuel Atxagari (Zizurkil, 1932), ikastola sortzerako garaian, barruan arantza bat geratu zitzaionaren susmoa zuen. «Ez nuen balorerik izan, eta herri baten aurrean, erakusleiho izango zen zerbait egin behar nuenaren gogoa sortu zitzaidan».
 
Aiora Zulaikak (Lasarte-Oria, 1975), bere jaioterrian, antzeko egoera batean ikasten zutela dio, ghetto bezala bizi zirela, herri erdaldun batean, ikastolak ematen zien arnasa hartu nahian. Tolosa, halere, beste gauza bat deskubritu duela aitortzen du, eta Begoña Arrateri nahiz Joxe Manuel Atxagari horrela esaten die: «Zuena erokeria bat izan zen. Ze ausartak!». «Erokeria ez, oso ondo pentsatutako mugimendua», erantzuten du Arratek. Atxagak, berriz, ausarkeriaz jokatu zutela dio, «izotza puskatzea lortu genuen, frankismoak ezarritako oztopo guztiak gaindituz».
 
Gizon zentzudun asko ezagutu omen ditu, Arratek, urte hauetan guztietan, baina Josetxo Uria bezalakoak, gutxi. «Hark, bere alabak frantses eskolatik atera eta ikastolan sartu zituen, baita nire senarraren arrebak ere, eskolapioetatik aterata. Mirakulu bat izan zen». Irene Larrazak (Tolosa, 1970), argi du, aitzindari ausarta izan zela. «Guraso bezala ezagutu dut, eta nire aukerako ikastola izan da. Ez da hezkuntza bakarrik, askoz gehiago da, burujabea den proiektu pedagogikoa, herritarra eta gauzak argi dituena».

 
Larrazaren ustetan, eta denboran berriz atzera eginda, intsumisoak izan ziren Arrate eta Atxaga. «Testuinguru sozio-politikoari begiratuz gero, argi dago olatuaren aurka arraun egin behar izan zutela». Bestalde, Arratek ez luke izen hori erabiliko bere burua deskribatzeko. «Nor naiz? Euskalduna naiz. Garai hartan, sekulako irakasleak izan genituen, Barandiaran, Mitxelena, Santamaria, Txillardegi, Barriola, Labaien, Joxe Migel Zumalabe, Isaac Lopez Mendizabal… Bagenekien nortzuk ginen eta nondik gentozen. Gure herria txikia da, eta errespetatzea eskatzen dugu, bakezaleak garelako. Ez dugu handikeriarik nahi».
 
Iñaki Olaetxearen (Tolosa, 1978) eta Kepa Goikoetxearen (Tolosa, 1968) kasuak, erabat ezberdinak dira. Biak, langileak dira orain. Lehena, kudeatzailea; bestea, berriz, zuzendaria. Goikoetxearentzat, «bizitza oso bat» da Laskorain Ikastola, “bizitza ugariri norabidea ematen dien entrega handiko erakundea». Olaetxeak, bestalde, ikasle, langile eta guraso bezala ezagutu du ikastetxea. Akaso, beste edonork baino hobeto. «Ez gara kontziente, autogestioan oinarritutako eredu honek, zenbateko potentzia duen. Guraso eta langileek osatutako kooperatiba bat da, eta Euskal Herri mailako eredu bat izanik, guztiz sinesten dut hezkuntza komunitate honetan». 

«Ikasi da nik hartu eta zuri pasa». Halaxe dio Amets Arzallusen bertso batek, Gure ikastola kantuan, eta halaxe egin du lan Laskorain ikastolak urte hauetan guztietan. Jakinduria garraiatuz, herriak duen indarra neurtzeko, ezinbesteko instrumentua bihurtu da. Belaunaldiz belaunaldi, garai berrietara egokituz, ikasle berriak sartu, eta indartsuak ateratzea lortu du. Hala ere, guztia ez da zuri kolorekoa, eta hori argi du Aiorak. «Alde onak eta zailak ditu. Comboy Excepcional bat gidatzea bezala da, gauez eta errepidea moztuta. Kosta egiten da hau guztia batera mugitzea, baina iparra argi markaturik eta jende onaz inguratuta, honen parte izatea oso hunkigarria da».
 
Ikastolak oso ondo jakin du kudeaketa on batekin, ikasleentzat erakargarriak diren baloreak irakasten eta enpresa bat den moduan, guztia bide onetik eramaten. Hala ere, bertako partaideentzat, une honetan ikastolari falta zaio gorantza eskalatzen jarraitzeko. «Ez da hainbeste goia jo, baizik eta nora goazen ondo markatu, nondik gatozen argi eduki; zertan ari garen eta nora joan nahi dugun. Ikasleak dira erdigunea, eta beraiek ahalik eta formakuntza euskaldunena jaso dezaten nahi dugu, pertsona eraginkorrak izan daitezen. Apustua egin eta asmatu, edota ez asmatu, erori, altxa eta aurrera segi». 

Olaetxeak nola edo hala aitortu behar izan zuen, «lotsa» ematen zuela, 40 urtetan ezer ukitu gabe eta aldaketarik egin gabe, geldirik zegoen Sakramentinoetako eraikuntza erakusteak. «Orain, gurekin dauden 0-18 urte bitarteko neska-mutilek, behingoz, eraikuntza duin batean ikasteko aukera dutela aldarrikatzeko momentua da, eta hori ospatzekoa da». Eta Larrazak gehitzen du, «gainera, azpiegitura hauek, eredu pedagogiko berri eta iraultzaileari erantzuten diote, eta horretan ere, aitzindariak gara».
 
Goikoetxearen esanetan, Tolosako familiek emandako erantzuna mundiala da, eta une honetan, oso gustura daude Laskorainen. «Hala ere, oraindik herri mailako hezkuntza eredu honi forma ematen jarraitzen dugu, ikerketa prozesu batean gaudelako. Inguruko ikastetxeetan nolako ereduetan murgiltzen diren ikusi, bisitatu, ezagutu, ikasi, frogatu edota prestatu behar dugu. Nekagarria da, nahiz eta aldi berean erakargarria ere bai».
 
Arrate, ostera, ziur dago, ikastolak aurrera jarraituko duela. «Zuek orain sormena landuko duzue, eta pentsa honek oraindik izango duen etorkizuna. Inteligentzia mota asko daude, eta lehen guk ez genuen batzuetarako baliabiderik, ezta irakaslerik ere. Beste inteligentzia motak lantzen genituen, baina sormena ez. Orain, 50 urte beranduago, hori ere erabat aldatu da. Sormena lantzea derrigorrezkoa da, oraindik ikasleak ikastetxeetan aspertu egiten direlako, beste mota bateko inteligentzia dutelako eta guztiok ez dugulako berdin ikasten».
 
Lehen esan bezala, hain zuzen 2017ko urriaren 4a, gorriz markatutako data izan zen. Izan ere, egun horretan inauguratu zuten, ofizialki, Sakramentinoetako egoitza. Sekulako azpiegitura, hiru solairu ezberdin, aterik gabeko ikasgelak, espazio librean ibiltzeko aukerarekin, eta horren guztiaren nagusi, bertako ehunka eta ehunka ikasle. Badakite, oraindik, lan asko dagoela egiteko. Horregatik, lehen egunetik, guztia ondo atera zedin nahi zuten. Batzuei, hitz batzuk esatea egokituko zitzaien. Beste batzuei, aldiz, jendea gustura senti zedin protokoloa aurrera eramatea.
 
Baina, inaugurazio ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago, zeintzuk ziren sentsazioak? Urduritasuna gainean zuten? Bertan sartu eta hura ikusi orduko, harrituta geratu zen Atxaga. «Posible al da?», galdetzen zion bere buruari. Zulaikak, berriz, emozioa izan zuen ardatz hizketaldian. «Sentimendutik eta nortasunetik datorren hitza da. Mende erdiko abentura hau martxan jartzeko behar bat sentitu zuten, eta oraindik ere, denok elkarrekin sentitu, pentsatu eta ekiten dugu». 

Goikoetxearentzat, hilabete lehenago, irakasle eta guraso talde handi batekin batera egindako bisita izan zen irekiera ofiziala. «Guztia hutsik zegoen, eta negarrez eta oilo ipurdiarekin egon nintzen denbora luzez. Lehen aldia zen komunitate honetako jendea sartzen zela, eta nik ere, ea posible ote zen galdetzen nion nire buruari. Hori dela eta, gurea denaz harro egoteko moduan gaude». Goikoetxeari hitza hartuta, Olaetxeak, «posible dela nabarmendu» nahi dutela dio, eta jarraitzen du, «gainera, dugun indarrarekin, oraindik gehiago egin dezakegula sinetsi beharrean gara».
 
Hasieratik hasi eta gaurdaino aritu direnei eta modu batera edo bestera parte hartu dutenei, eskerrak eman nahi izan zizkien, Arratek. Baita Larrazak ere. «Azken bi urteetan, talde honek egin duen lana izugarria izan da. Orain emaitza ikustea ikaragarria da, nahiz eta zure seme-alabek hemen ez ikasi, harrotasun eta ilusio berarekin sentitzen zara proiektuaren parte. Emozionalki hori adierazgarria da. Ez da zure seme-alabentzako egindako lana, danon lanaren fruitua da».
 
Euskararen inguruan ere hitz egin beharrean gaudela aipatzen dute guztiek. Horretarako, abiapuntutzat, Emeterio Zaldibiak duela 10 urte, 40 emozio urte jaialdian botatako mezua ekarri dugu gogora: «Hurrengo belaunaldiek, euskara osasuntsu bat ezagutuko dute». Argi eta garbi, zalantza izpirik gabe esan zuen. Eta Arratek elkarbanatu egiten du mezu hori. «Euskara osasuntsuagoa egitea, gure esku dago, eta jendeak ikasteko, entzun egin behar du. Ez dago aitzakiarik».
 
Atxagak, hizkuntza “behin eta berriz aberastu” beharra dagoela dio, «etengabeko jarraipena eginez». Larrazak, bere aldetik, euskara bizirik mantentzen ikasi behar dugula dio. «Guk zaintzen ez badugu, beste inork ez du zainduko, eta horrela, irabazitako guztia galtzen da. Baina, harro egon behar dugu, guk duguna beste inork ez duelako. Jarrera kontua da, kanpoan mito asko daudelako gure hizkuntzaren inguruan. Kontzientzi falta ere handia da, eta hor egin behar da lana».
 
«Lana, lana eta lana» ere aipatzen ditu Zulaikak. «Batez ere, euskara duin bat lortu eta gaztetxoentzat erakargarriagoa egin behar dugu. Kontua zera da, hizkuntza txiki bat garela, tximeleta bat oihanean bezala. Ea nola zaintzen eta nola babesten duzun tximeleta hori, edozein haize ufadak pikutara bidali dezake eta. Hori dela eta, indar guztiak, ez dira nahikoa. Ondorioz hizkuntzarekiko nortasuna eta atxikimendu emozionala sentitzea garrantzitsua da, eta euskara, munduan dagoen leiho bat dela sentiarazi behar diegu denei, mundu honetan egoteko beste jarrera bat emango dizun leihoa dela».
Erlazionatuak

"Sortu zenean bezain amets bidaide"

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 urr 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!