"Sortu zenean bezain amets bidaide"

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 4a, 19:40

Tolosako Laskorain ikastolak etorkizunera begira ospatu du 50. urteurrena; Sakramentinoetako eraikin berriaren inaugurazioak biribildu du efemeridea.

250.000 pezeta, zazpi ikasle eta ameslari talde bat behar izan ziren, 1967ko urriaren 4an, Tolosako Laskorain ikastola martxan jartzeko. Frankismo garaiari etorkizun euskalduna eman nahi zioten haiek ekindako bideak mende erdia bete du jada, eta ikastolak gaur ospatu du efemeride biribila, Sakramentinoetako eraikin berria inauguratuz.
Ohorezko agurra dantzatuz ekin diote ekitaldiari, azken urtebetean zaharberritu duten etxearen atarian. Bertan izan dira, besteak beste, Begoña Arrate Laskorain ikastolako lehen irakasleetako bat, Joxe Manuel Atxaga Laskorain ikastolako sortzailea, Kepa Goikoetxea Laskorain ikastolako zuzendaria, Irene Larraza Laskorain ikastolako lehendakari ohia, Aiora Zulaika Laskorain ikastolako lehendakaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea.
Hunkiduraz beteriko ekitaldia izan da, eta Kepa Goikoetxeak gogora ekarri ditu 40. urtemugarako Xabier Telleriak idatzitako hitzak, "oraindik ere, Laskorain sortu zenean bezain ilusio sortzaile baita". Ondoren, ikastolaren lehen urteen lekuko izandakoekin hasi, eta Lask abesbatzak Mendian gora haritza abestu duen bitarte, askori bete zaizkie begira. Tartean izan baitira haurtzaro nahiz nerabezaroko oroitzapenak, euskaraz heztea debekupean zegoeneko garaien erreferentziak, eraikin berria gorpuztu eta atontzeko azken urtebetean izandako lanen kontakizunak, duela 10 urteko 40. urteurreneko kantuak eta etorkizunera begira jartzeko mezuak.
Laskorain ikastolak 2013. urteko Kilometroak festa baliatu zuen, joan den ikasturtean barrena eraberritutako eraikina finantzatzeko. Orain, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntza hasierara bitarteko ikasleen gune bilakatuko da ikastola berria, konfiantzaren pedagogia oinarri duela.
Eraikina bisitatuz amaitu dute mende erdia ospatzeko hitzordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!