Jaki desberdinak dastatuz harremanak sustatzea helburu

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 2a, 15:16

Zutanik Pintxo Tour Solidarioa egingo du larunbatean, Tolosan; hainbat herritako jakiak izango dira aukeran eta dirua pobrezia eta bazterketa pairatzen dutenei laguntzeko erabiliko dute.


Zutani elkarteak Pintxo Tour Solidarioa egingo du larunbatean, hilak 7, Tolosako Trianguloan, 10:00etatik 14:30era. «Jaki desberdinak dastatzeko aukera eman nahi dugu eta bide batez, beste kultura batzuekin harremanak sustatu», esan du Zutani elkarteko Arantxa Iruretagoienak.

Iaz egin zuen lehen aldiz Pintxo Tourra eta herritarren aldetik jasotako elkartasun zein babesa ikusita berriz ere errepikatzea erabaki dutela esan du Iruretagoienak. «Gure proiektuaz gain, Tolosan bizi diren beste kultura eta ohiturak ezagutarazi nahi ditugu, ezagutuz errazagoa baita ezezaguna den horretara hurbiltzea. Gure apustua lehen urrats horretan laguntzea da, ezagutzean alegia, ondoren hurbildu ahal izateko», esan du elkarteko kideak.

Horiek horrela, larunbatean Maroko, Senegal, Nigeria, dominikar Errepublika, Honduras, Nikaragua, Brasil, Afganistan, Pakistan, Turkia eta Palestinako jaki eta ohiturak ezagutu ahal izango dira handik hona etorritako herritarrei esker. Euskal Herriko ordezkari gisa Botarri jatetxekoak egongo dira, iaz bezala. 3 euroko tiketak egongo dira salgai, bi pintxo eta edari bat hartu ahal izango dira.
Larunbateko Pintxo Tourrean biltzen duten diruaren zati bat proiektu berri batera bideratuko dutela ere aurreratu zuten Zutani elkarteko kideek. 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako laguntza izango da, hain zuzen. «Egoera ekonomiko larria duten eta bakarrik bizi diren edota euren kargu norbait duten 65 urtetik gorakoei lagundu nahi diegu elikagaiak edota etxerako produktuak emanaz», esan du Ana Lopetegi elkarteko kideak.

Era berean, Tolosako supermerkatu batek laguntzeko borondatea azaldu duela esan dute, eta datozen asteetan jakien bilketa berezi bat abiaraziko duela, eta horren berri emango dutela.

Laguntzeko modua
Zutani elkartea 2013. urtean sortu zuten beharra zuten familiei jakiak eta bestelako produktuak emateko.
65 familiari lagunduz hasi ziren, baina kopurua igo egin da eta egun 202 familia dira Zutaniren laguntza jasotzen dutenak. Tolosako bulegoa Araba etorbideko 5. zenbakian dago eta elikagaiak Oiartzungo Elikagai Bankutik eraman dituzte hara. Hilean behin egiten dute elikagai banaketa.

Ana Lopetegik laguntza behar dutenei edota lagundu nahi dutenei egin die dei, elkartera bertaratzeko. Ostegunetan biltzen dira, 17:00etatik 19:00etara, baina telefonoz edo emailez ere hitz egin daiteke elkarteko kideekin; 688 730 159 telefono zenbakian edo zutanitolosa@gmail.com helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!