Leku finko bat eskatzen dute

Asier Imaz 2017ko ira. 28a, 16:52

Leku finko bat eskatu zuten atzo eskainitako prentsaurrekoan.

Larunbatean Tolosan kalejira egingo dute; laranjaz jantzita joatea eskatu dute.

Tolobolei Kirol Elkarteko kideak eta hainbat herritar Tolosako udaletxearen aurrean elkartu ziren atzo. Boleibola lantzeko lekurik gabe geratzeko zorian daudela esan zuten, eta leku finko baten beharra aldarrikatzen diote udalari: «Egun, Ferialekuan dago erabiltzen dugun kantxa. Zer hobetua badagoen arren, baldintza duinetan jokatzeko aukera ematen du. Udaletik azaroaren 1ean lekua utzi behar dugula jakinarazi digute inongo alternatibarik eman gabe. Ez da lehen aldia lekuz aldatu behar izan dugula. Iaz, egoera berean egon ginen. Ferialekuan hasi eta Usabalgo pabilioi batera aldatu behar izan genuen. Tolosan boleibola sustatzen jarraitu ahal izateko, eta egun kirol honek herrian dituen jarraitzaileen beharrak asebete ahal izateko, behin betiko lekua izatea eskatzen diogu udalari». 

Udala eta Toloboleiren artean momentuko adostasunak egon direla esan dute kirol elkartetik: «Beharren arabera joan gara eskakizunak egiten. Iaz egoera berean ginen. Aurten abendura arte genuen hitzartuta, baina data hori azaroaren 1era aurreratu dute. Horrekin batera, ez digute beste alternatibarik jarri mahai gainean, iaz egin zuten bezala. Benetako mugimendu bat ikusten baldin bazen, erantzungo zutela esana zuten. Prentsaurreko honetan mugimendu horren adibide bat ikus daiteke. Guk uste dugu mugimendu honi erantzun bat eman behar zaiola».  

Tolosako Udalarekin astelehenean elkartuko dira Toloboleiko kideak. Alternatibarik ez balego, martxan diren ikastaroak bertan behera utzi beharrean izango direla azaldu dute.

 

DATUAK ETA DEIALDIAK

Bazkideak: Tolobolei Kirol Kluba duela 2 urte sortu zuten. Denbora horretan 120 bazkide lortu dituzte.

Udako Txapelketa: Tolosaldeko 200 jokalari eta 3.000 ikusle baino gehiago. Tolosako 30 taberna baino gehiagoren parte hartzea. 

Udazkeneko Liga: 160 jokalari.

Ikastaroak: 6-14 urte bitarteko 30 gazte. Helduentzako ikastaroan 65 parte hartzaile.

Elkarlana: Laskorain Ikastola eta Eskola Kirolarekin batera antolatutako ikastaroak. Horrez gain, Donostiako Bera Berarekin sortutako harremanak.

Kontuan hartzekoa: Estatu mailako neguko bolei zirkuiturako baliagarria den txapelketa antolatzeko aukera.

Balkoietan: Toloboleiren eskaerekin bat egin nahi duenak, etxeko balkoian laranja koloreko oihala zintzilika dezake.

Kalejira: Larunbatean, irailaren 30ean, leku finko baten aldeko kalerajira egingo dute. 11:00etan aterako dira Tolosako Ferialekutik, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira. Kamiseta laranjarekin azaltzea eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!