Baratzeetako kideak elkartuz

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 26a, 17:45

Gipuzkoako Baratze Parkea osatzen duten erabiltzaileen topaketa egingo dute igandean, Tolosako Iurramendi Egoitzan.

Gipuzkoako Baratze Parkeko erabiltzaileen topaketa aurkeztu dute Tolosako Iurramendi Egoitzan. «Badira urte batzuk Gipuzkoako Baratze Parkeko Sarea martxan jarri zela, eta dagoeneko Gipuzkoako 17 herritara zabaldu da. 1.000 erabiltzaile baino gehiago ditu, eta horiek elkar ezagutzeko eta sare bereko kide direla sentitzeko antolatu dugu topaketa», azaldu duAmalia Virto Ekoguneko Baratze Parkeen sareko arduradunak.

Egun osoko egitaraua

Baratze parkeetako erabiltzaileei ez ezik, herritar guztiei zuzendutako egitaraua antolatu dute: 10:30ean, Jakoba Errekondok hitzaldia eskainiko du, hainbat marrazkiz lagunduta. Ondoren, haurrentzako tailerra egingo dute: «Tailer horren bitartez, haurrek hazien inguruko informazioa jasoko dute gero erein ahal izateko». Ondoren, hamaiketakoa egingo dute bertako produktuekin eta bisita gidatuak ere antolatu dituzte.

Eguneko ekintzarik bereziena intsektu hotelen lehiaketa izango da, «baratze ekologiko batean intsektuek duten garrantzia ikusteko». Azkenik, bazkari herrikoia egingo dute; bertan parte hartzeko tolosakobaratzeparkea@gmail.com helbidera edo 943654466 telefonora deitu behar dute herritarrek asteazkenera bitarte.

«Iurramendiko baratze parkea eredugarria da»

Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak «eredutzat» jo du Iurramendiko Baratze Parkea: «Ez da kasualitatea Kutxa Ekoguneak Tolosako Baratze Parkea aukeratu izana topaketa antolatzeko». Iurramendiko Baratza Elkarteko zuzendaritza taldeak egindako lana azpimarratu du: «Baratze parkeak sekulako dinamismoa dauka, eta ekimen asko bultzatu dituzte: baratza inguruan lore eta landare aromatikoak jarri dituzte, sortzen diren hondakinak kudeatzeko eta konposta egiteko azpiegiturak berritu dituzte eta baratzearen antolaketa asko hobetu dute».

Bestalde, adierazi du Tolosako Udalak 6.000 euroko inbertsioa egin duela Iurramendiko Baratze Parkean: «Txabolaren teilatua berritu dugu eta tresnak eta barazkiak garbitzeko iturri bat ere egin dugu. Era berean, mugikortasun urriko erabiltzaileen bankuak ere berritu ditugu».

 

EGITARAUA

10:30. Jakoba Errekondoren komik hitzaldia.

11:00. Haurren tailerra

12:00. Hamaiketakoa. Ondoren, bisita gidatuak, trikitilariak...

14:00. Herri bazkaria bertako produktuekin, Lurlan-en eskutik

  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!