Iurreamendi egoitzako lanpostu aldaketak bertan behera uzteko eskatu diote, udal langileek, Olatz Peoni

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 25a, 14:32

ELA, LAB eta Satse sindikatuetako langileek agerraldia egin dute goizean; salatu dute Tolosako Udala egoitzako lanpostuak "nahierara aldatzen" ari dela, Iurreamendi KABIA erakundera eskualdatzeko prozesuan.

"Kezka eta ezinegona". Bi sentimendu horiek plazaratuz ekin diote, Tolosako Iurreamendi egoitzako udal langileek, goizean eskainitako agerraldiari. Ana Mari Aranguren (LAB), Aitzane Diaz (Satse) eta Maribi Kerejeta (ELA) ordezkariek azpimarratu dute agerraldia egiteko erabakia "azken egunotako ezinegonak" sortu diela, alkatetza "mugimenduetan" hasi delako, lanpostuak "nahierara" aldatzen: "Hau onartezina da".

Gizarte zerbitzuen legearen haritik, aldatu egingo dira udal egoitzen kudeaketa ereduak eta, besteak beste, Iurreamendi egoitzaren gidaritza Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du epe laburrean, KABIA erakundearen bitartez. Albisteak kezka sortu zien egoitzako udal langileei eta, azaldu dutenez, "behin baino gehiagotan" eskatu dituzte beren lan baldintzentzako bermeak: "Baina ez digute zehaztasunez erantzuten". Gainera, udal langileen nabarmendu dute ezinegon handiagoa sortzen diela, beren lan egoeraz harago, aldaketak egoiliarrei eragingo dienaren zalantzak: "Etxe honetan lanean urte asko daramagun pertsonak gaude hemen, eta hori bokazioz bakarrik lortzen da; balioan jarri nahi dugu gure egitekoa".

Horrela, hainbat zalantza jarri nahi izan dituzte mahai gainean. Batetik, ezagutu nahi dute Iurreamendi egoitzako udal langileen etorkizuna eta, era berean, eskualdatzeak langile finkoen nahiz behin-behinekoen kontratuetan zein eragin izango duen era jakin nahi dute. Azkenik, Iurreamendin egindako azken lan-antolakuntzan jarri dute fokua: "Zer gertatuko da 2013. urtean onartutako lanpostu antolaketa eta balorazioekin?".

Zergatik Uzturrera

Joan den irailaren 15ean Tolosako Uzturre zentroan izandako bisita ere hizpide izan dute Iurreamendiko udal langileek. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburua, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatua eta Olatz Peon Tolosako alkatea izan ziren bertan, errezeta elektronikoen erabilera aurkezten: "Ordezkari horiek Uzturre egoitza pribatura egindako bisitak zur eta lur utzi gaitu. Tolosan udal egoitza bat izanda, ez al zen egokiagoa errezeta elektronikoaren ezartzea bertan aurkeztea?", diote.

Azaldu dutenez, Iurreamendi egoitzak urtebete baino gehiago darama errezeta elektronikoarekin lanean, "langileek hala eskatuta". Horregatik, agerraldian iradoki dute Uzturrera egindako bisitaren atzean "bestelako interesak" egon litezkeela: "Akaso, erakunde horiek aurrera daramaten pribatizazio politikarekin zerikusia du".

Tolosako Iurreamendi egoitzako udal langileek, azkenik, mahaiaren bueltan eseri eta egoitzaren egoeraz hitz egitera deitu dute Olatz Peon Tolosako alkatea, GFAk kudeaketa bere gain hartzen duenean, langileen baldintza onak bermatzeko: "Egoiliarrek merezi dute".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!