Errezeta elektronikoa iritsi da Uzturre zentrora ere

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 15a, 14:20

Euskal Autonomia Erkidegoko 300 egoitzatan txertatu dute berrikuntza, eta berau aurkezteko agerraldia egin dute, gaur, Tolosan, hainbat erakunde publikotako ordezkariek.

Aurkezpen bilera egin, eta Uzturre zentroa bisitatu dute, besteak beste, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatuak, Olatz Peon Tolosako alkateak eta Nerea Letamendia Tolosako Udaleko zinegotziak. Guztiek ere, errezeta elektronikoak halako egoitzetan txertatzearen garrantzia azpimarratu dute, "aurrerapausoa" txalotuz.

Izan ere, Darponen arabera, jaurlaritzak "bete du" esparru horretan hartua zuen konpromisoa: "Pauso garrantzitsua da, batetik, egoitzetako pazienteen segurtasunarentzat, eta baita osasun arloko langileentzat ere (...). Argi geratu da, erakundeen arteko elkarlanarekin, gaur egungo adinekoen beharretara egokitzen asmatu dugula; horrek gure osasun sistemaren iraunkortasuna bermatuko du".

Tolosako Uzturre zentroaren pareko egoitzetan errezeta elektronikoen erabilera martxan jartzearekin, paperezko errezetak baztertzeaz gain, mediku historiala kontsultatzeko aukera ere izango dute profesionalek; adineko pertsonen tratamenduari jarraipen hobea ematea da jomuga.

Gaur egun, erkidegoan adineko pertsonen 300 egoitza publiko eta pribatu daude, eta 20.000 pertsonari ematen diete zerbitzua. Egoiliar horietako gehienek gaixotasun kronikoak izaten dituzte eta, ondorioz, botikak hartzea beren errutinaren zati da. Agerraldian, datu zehatzak eskaini dituzte: egoiliarren %68k bost medikamentu edo gehiago hartzen dituzte eta, era berean, egoiliarren %33ri hamar farmako edo gehiago errezetatu behar izaten zaizkie. Bada, iazko datuak kontuan hartuta, 1,5 milioi errezetaren tramitea osatu zen EAEn; adineko egoitzetako egoiliar bakoitzeko, batez beste, 75 botika. Horri, gernu-oihalak –%90ek behar dituzte– eta produktu dietetikoak ere gehitu behar zaizkio.

Horrela, 2017an errezeta elektronikoak emandako datuak ere nabarmendu nahi izan dituzte, uztailera bitarteko zenbakiak eskainiz: 243.000 errezeta elektroniko banatu dituzte, guztira; errezeta guztien %60.

Zorroztasun bila

Jon Darpon sailburuak azaldu du, EAEko egoitzen %90ek badarabiltela, jada, errezeta elektronikoen sistema; gainerakoetan, datozen hilabeteetan hasiko dira. Bide horretan, sistema berriak tratamenduaren zorroztasuna hobetuko duela uste dute.

Batetik, Osakidetzako historia klinikoa kontsultatzeko aukera dute egoitzetako profesionalek, eta horrek "erabiltzaileen diagnosiak eta tratamendua hobetzea dakar", Darponen ustez. Bide beretik, paperean eskuz idatzitako errezetekin gerta zitezkeen akatsak edo gaizki ulertuak saihesteko bidetzat jo dute, eredu berria: "Pertsonei informazioa argiago iristen zaie, tratamenduaren zehaztasun guztiak jasotzen dituelako errezeta elektronikoak", diote. Azkenik, azpimarratu dute epe luzeko tratamenduak berrikusteko eta medikamendu kopurua egokitzeko baliabidea izango dela, aurrerantzean, errezeta elektronikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!