Luzerik onena, Zutanirena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 16a, 14:41

Lizardi 1 batelak eskuratu du, hirugarrenez, Tolosako elkarte arteko topaketako garaipena; egun osoko festan jarraituko dute parte hartzaileek.

Elkartasun estropada baldin bada ere, udako arratsaldetan Oria ibaian pasatutako orduek lehia usaina eman ohi diote elkarte arteko batel estropadari. Hori baitu arraunak: segundoak urre bilakatzen dira. Gaur ere halaxe gertatu da, eta batelen balantzari eusten saiatu dira zortzi batelak. Hirugarrenez, Lizardi 1 taldea izan da irabazlea, Batasunarekin lehia estua izan eta gero.

Aurkezpenean ere azaldu zuten, eta gaur ere hala errepikatu nahi izan dute antolatzaileek: datozen urteetan elkartek gehiagok parte hartzea nahiko lukete. Izan ere, arraunean aritu diren taldeez gain, Zerkausian ere izan dute lanik, hamaiketakoa prestatzen.

Talde bakoitzak bina txanda jokatu behar izan ditu; kale bakoitzetik bat. Zerkausipeko adituek zioten, Zumalakarregi ibiltokiaren aldamenekoa zela kale onena eta, finalerako kale zozketan, zortea Lizardiren alde jarri da.

Bi denbora onenak egin dituzten batelek –Batasunak eta Lizardik–, finala jokatu dute, eta hirugarrenez aritu dira elkarren ondoan, aurreko txandetan ere parez pare aritu behar izan baitute. Lizardiko batelak hasieratik hartu du aurrea eta, bigarren ziaboga eman eta gero, indartsu helmugaratu dira, Batasunakoak baino bizpahiru segundo lehenago.

Arrauna gora igo, eta zaleei keinu egin diete. Gaur, ordea, garaile bakarra izan du Oria ibaiko estropadak: Zutani elkartea. Parte hartzaile guztiekin argazkia atera dute elkarteko ordezkariek, eta oroigarri bat ere jaso du Zutanik.

Uretan egindako esfortzua mahaiaren bueltan errekuperatuko dute, Zerkausiko herri bazkariak, eta egun osorako plana izango dute, gero, txaranga doinuz girotuta.

 

2017ko elkartasun estropada, sailkapena

1. Lizardi 1

2. Batasuna

3. Lizardi 2

4. Oargi

5. Aiz-Orratz

6. Txinparta / San Esteban

7. Emendek

8. Iurre

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!