«Euskaran, hezkuntzan nahiz beste hainbat arlotan aitzindari izan da Lizardi»

Iñigo Terradillos 2017ko ira. 18a, 07:43

Arantxa Lakuntza Lizardi kultur elkarteko lehendakaria da. Berak nahiz zuzendaritzak argi ikusi zuten urtemuga era berezian ospatu behar zela. Liburuak, bideoak, egunbeteko festak, poesia errezitaldiak eta mahai inguruek osatzen dute Lizardiren urteurreneko egitaraua. Hauen osaketan buru belarri aritu dira Antton Izagirre, Iñaki Azaldegi eta Xabier Telleria elkarteko kideak.

Guztia prest urteurreneko egitarauari hasiera emateko?

Iñaki Azaldegi. Azken ukituak ematen ari gara, eta urduritasuna ere sumatzen da. Hori bai, lan nagusia egina dago.

Xabier Telleria. Egun horiek iristeko zain eta gogotsu ere bagaude, festa izango baita.

Arantxa Lakuntza. Zailena eginda dago, zer egin, nola eta noiz, hori zen zailena, pentsatzea.

Egitea ere izango zen lana, ezta?

Antton Izagirre. Batik bat urte honetan zuzendaritzan egotea egokitu zaienek izan dute horretan ardura eta erantzukizun nagusia. Ziur gaude guztia ondo aterako dela, eta horiek dute meriturik handiena.

Urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien artean, elkartearen historia biltzen duen liburua azpimarra daiteke. Historiari begira jarrita, Lizardiren sorreraren garaia nola deskribatuko genuke?

A. L. Lizardi elkartea Laskorain ikastolari lege babesa emateko sortu zen orain dela 50 urte, hau da, 1967an. Bere lehen urteetan horixe izan zen bere eginkizun eta helburu bakarra: ikastolarentzat etxea, ikasleak, irakasleak bilatu, baimenak eta behar ziren materialak lortu... Adin desberdinetako jendea elkartu zen horretarako, euskara debekatua zegoen garaian.

Bigarren Euskal Pizkundean kokatzen gara, iragan mendearen erdialdean.

I. A. Garrantzitsua da azpimarratzea gerra galdu zutenak eta euskara erabat txikitu zutenen aurka aritu zirenak, eta sortu ziren belaunaldi berriak gerrak uzten duen beldurra, sufrimendua eta zama gainetik kentzen hasi zirela. Konturatu ziren Euskal Herria bazihoala eta hizkuntzarekin hasi ziren lanean. Hezkuntza euskaraz izatea oso garrantzitsu ikusi zuten. Hezkuntza berritzailea eta euskaraz.

X. T. Jabetu behar da 1967an euskarari bultzada ematea eta horren inguruan ikastola bat ezerezetik sortzeak testuinguru hartan zer esan nahi zuen. Horren inguruko aipamenak badira liburuan, esaterako umeak hezkuntzatu behar izaten zituztela ikuskariak etortzen zirenean. Horretan eta beste gauza batzuetan ere, Lizardi elkartea aitzindari izan da Tolosan.

A. L. Hezkuntza euskalduna eta berritzailea. Beste hezkuntza bat nahi zen, ez orduan beste eskoletan zegoen hezkuntza mota.

A. I. Ikastola gehienak garai hartan elizaren babesean sortu ziren, eta hemen beste hautu bat egin zuten; eta neurri batean ausarta izan zen, elizak bazuelako nolabaiteko babesa erregimenaren aldetik. Hainbat herritar, euskaltzale eta abertzale, garai hartako zapalkuntzaren aurrean modu xumean baina zutik jarri ziren. Lizardi elkartea sortu zuten babes juridikotik ihes egiteko eta ikastolari eredu berri bat eskaintzeko. Gaur egungo Lizardi ekimen haren kumea dela esan daiteke.

Ikastola sortzeko ideia aurrera eramateko herritar talde baten laguntza ezinbestekoa izan zen.

X. T. Bai, eta alor desberdinetan behar zen laguntza: azpiegitura, batetik, ikastola hartuko zuen etxea, esaterako; Burokraziari dagokionak, baimenak eskatu, dokumentazioa aurkeztu —saihestu batzuk, ezkutatu beste batzuk—; eta aportazio ekonomikoa, noski.

A. L. Ikastolak lehen urteetako zailtasunak gainditu eta sendotasun pixka bat hartu zuenean ikasleen guraso elkarteak hartu zuen ikastolaren ardura nagusia, nahiz eta gero, urte luzeetan, Lizardik modu askotan laguntzen jarraitu.

I. A. Ikastola sortzeko beharrezkoa zen kultur elkarte bat. Gainerakoan elizaren bidetik joan behar zen, eta hemen beste bide hau hartu zen. Baina, ikastetxeak bere autonomia hartu zuen heinean, bere eskuetan utzi zen pisurik handiena. Hori zen bidea, eta ongi bete zen.

X. T. Elkartearen eginkizun nagusia hori izatetik, beste eginkizun batzuetara igaro zen, kultura sustatzeko ekitaldiak antolatzera.

Lehendabiziko epe horren ostean, bada, zein izan da elkartearen egiteko nagusia?

A. I. Behin ikastolak bere bidea hartuta, euskara eta euskal kultura sustatzea izan da helburu nagusia.

Lizardi eta Orixeren omenezko egunak, lehen euskal festa handi moduan gogoratzen ditugu.

I. A. Gerra gehien sufritu zutenak zahartzen ari ziren, eta euren seme-alabak ez zeuden geldirik egoteko prest. Hala, Bigarren Euskal Pizkundea abiatu zenean, eta ikastola sortu aurretik, hasi zen mugimendua. Euskal poeta eta idazleei omenaldiak egin zizkieten, esaterako. Ikaragarrizko ospakizunak izan ziren guztiz espainolez bizi zen gizartea zela kontuan izanik. Festa horiek antolatu zituztenek gero lagunduko zuten ikastolaren sorreran.

Euskararen festa horiek jarraipena izan zuten gero, kultur hamabostaldi moduan.

X. T. Hitzaldiak eta kantaldiak, denetarik antolatzen zen. Lizardi beraren sorreran, ikastolaz gain, behar eta hutsune handi bati erantzuteko nahia zegoen. Ziurrenik euskararen eta euskal kulturaren bultzadan Lizardi elkartea izan zen lan handiena egin zuena, baina, ez zen bakarrik ibili. Hainbat ekitaldi beste hainbat elkarterekin batera antolatu zituen.

Eta ekimen gehiago ere sortzen joango ziren, gau eskolak, kasu.

I. A. Lizardi elkarte handia da. Jateko edota bilerak egiteko guneaz gain, goiko solairuetan beste hainbat jardueratarako lekua du. Euskara edo euskal kulturaren inguruko ekimenak aurrera eramateko lekua izan da beti Lizardin. Beti lagundu izan da, bai lekua utziz, bai eta ekonomikoki ere. Bertso eskolak, AEKak ere hor izan zuen egoitza, Tolosaldeko Berreuskalduntze elkarteak ere bai... Behin hezkuntza proiektu garrantzitsu bat martxan jarri zenean, oasi bat sortu zen Tolosan. Tolosa zen espainolezko basamortu hartan euskarazko oasi bat sortu zen, eta beste oasi batzuk sortzen lagundu zuen, eta gauza askotan horrela jarraitu du.

X. T. Aitzindaria izan da zenbait arlotan, eta ikuspegi soziala ere aurrerakoia izan du. Pentsa nahiko hastapenetatik emakumeak bazkide izan dira. 35 urte dira Lizardi kultur elkartearen eskopetarien konpainia irteten hasi zela, emakumez osatua. Eta, gaur egun, Tolosan badira elkarteak emakumeak bazkide egin edo ez egin dabiltzanak.

A. L. Korrika egitasmo berria zenean oraindik, Lizardik bere babesa eman zion, gau eskolak, Bai Euskarari, bertso eskola, baserritarrei txokoa egin zitzaien, Gazta Lehiaketa antolatzen zen...

I. A. Guretzat garrantzitsuak ziren gaietan beti eman dugu laguntza.

X. T. Beharbada horregatik Tolosan elkarterik bada kutsu politikoarekin markatua dagoena ziurrenik Lizardi izango da. Elkarteren batek pentsatuko du Lizardi elkartea oso politizatua dagoela, baina, ez zaio iruditzen politizatua egotea denik bere elkartean emakumeak ez onartzea. Beste modu batera esanda, bazkide kuadrilla bat euskalduna izanda gaztelaniaz mintzatzen ari direnean irudituko zaie hori dela neutroa, eta aldiz, euskaraz egitea erabakitzea, politizatua egotea. Lizardik ateak zabaldu dizkio ekimen sozial askori, eta horregatik izango du marka hori, baina, ez dugu inolako konplexurik. Alderantziz.

I. A. Gizarte hau martxan doan trena da. Norabidea aldatu nahi duenak, hizkuntza, genero, ekologia... aldetik, badirudi hori ari dela politika egiten. Baina, trenak aurrera jarraitzen du, lurra suntsitzen, emakumeak zapaltzen, espainolez eta frantsesez biziarazten Euskal Herrian... jarraitzen du. Hori aldatu nahian ari dena, hori da politika egiten ari dena batzuen ustez. Baina, trenari uztea edo bultzatzea ez al da ba politika? Bata zein bestea politika dira.

A. L. Lizardiko bazkide helduenek argi eta garbi esaten digute beti Lizardi ez dela soilik elkarte gastronomiko bat. Kultur elkartea da. Eta hori bereziki bazkide gazteei transmititu nahi zaie.

A. I. 50. urtemuga honek ere nolabaiteko marka bat utzi behar duela etorkizunari begira uste dut. 50 urte eta gero atzera begirako errepaso modukoa egiten da, eta atzera begiratu behar da aurrera joateko. Elkarteak zenbait unetan bete dituen kultur espazioak gaur egun beste modu batera betetzen dira, eta pentsa daiteke horrelako kultur elkarte batek zentzua galdu duela. Beraz, 50. urteurrenak balio behar du ikusteko aurrera begira zein ekarpen egin behar dion Tolosako gizarteari.

Zertan eragin beharko luke Lizardik gaur egun?

X. T. Ez da erraza. Euskararen erabilera izan daiteke alor bat. Ikasteko ez dago arazorik, euskaltegiak eta eskolak hor ditugu, baina, erabileran eragin daiteke. Aitzindari izate horretan, Lizardi elkarteak bazkide berriak onartzeko euskaldun izatea eskatzen du. Kanpotik ez da ulertzen. Baina, beste batzuek dirua eskatzen dute bazkide izateko. Guk gure batzarrak eta jarduerak euskaraz burutu nahi baditugu, gurekin datorrenak euskaraz jakin behar du.

I. A. Kontuan izanda gure elkarteak Lizardi duela izena, eta Lizardi idazlea zela kontuan hartuta, iruditzen zait euskal literatura sustatzeko ekimenen bat jorratu beharko genukeela. Are gehiago, kontuan hartzen badugu askoz ere gehiago irakurtzen dela gaztelaniaz euskaraz baino. Galtzaundi dago, udalaren euskara eta kultura batzordea, Bonberenea... ez da erraza lekua bilatzea, baina, aukeretako bat hori izan daiteke.

Noiztik eta nolatan zarete zuek bazkide?

A. L. Ni bazkide berria naiz. Bost urte daramatzat bazkide moduan, eta lehendakari izatea egokitu zait. Agian ez da hain aproposa, baina, horrela egokitu da.

X. T. Nik 30 urtetik gora daramat Lizardiko bazkide moduan. Lizardikoak jo aurretik, beste elkarte batean ere jo nituen ateak, lagun bat nuelako barruan. Hiru urtetan aurkeztu ginen bazkidegai guztietatik kanpoan geratu zen bakarra izan nintzen. Ez dakit politikaren ikuspegitik izan zen, baina, klasista behintzat izan zen ikuspegia. Hala ere, esan beharra daukat mesede galanta egin zidatela elkarte hartan ez onartzearekin. Izan ere, gaur egun beste borroka batean egongo nintzateke, elkarte horretan emakumeak onartzearen aldeko borrokan, hain justu.

I. A. Ni Xabier baino beranduago, baina, urte dezente.

A. I. Ni 80. hamarkadan sartu nintzen Lizardin.

Ikastola sortzeko helburuz sortu zuen herritar talde batek Lizardi elkartea, eta gerora, euskara eta euskal kultura sustatzera bideratu zuten jarduna haiek, eta haien lekukoa hartu zutenek. Gaur egun, nola dago lekukoa hartzearena?

I. A. Jakin behar dugu ondorengoei ondo azaltzen Lizardi ez dela elkarte gastronomiko hutsa. Euskararen aldeko ekimen guzti hauetan partaide eta laguntzaile izan behar dugu, eta ahal dela guk ere falta diren ekimenak sortzen joan. Lekukoa pasatzea ezinbestekoa da, bestela elkarte gastronomiko batean bilakatuko gara.

A. I. Nik esango nuke lekukoa pasatze hori normalizatua edo arautua dagoela. Zuzendaritzan egotea egokitzen zaion taldeak derrigor heldu behar dio aurretik datorrena garatzeari. Ez da soilik borondate kontua. Taldeak ardura hartzen duenean eginkizunak izaten ditu, eta horiek urtetik urtera eskualdatuz joaten dira. Azken urteetan eginkizunei normaltasun osoz heldu zaie, edonor dela ere zuzendaritza taldean dagoena. Badakigu kide guztioi gaur ez bada bihar egokituko zaigula ardura horiek hartzea.

Erlazionatuak

Mende erdia euskaratik

Iñigo Terradillos 2017 ira 18 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!