Mende erdia euskaratik

Iñigo Terradillos 2017ko ira. 18a, 07:36

Ez da elkarte gastronomiko hutsa. Ideia hori argi dute Lizardi elkarteko bazkideek, eta hori baino gehiago denaren mezua zabaldu nahi diete gazteenei. Elkarteko sortzaileek ere argi zuten elkarte gastronomiko soiletik harago, euskara eta euskal kultura sustatzera sortutako gunea zela.

50 urte betetzen ditu Tolosako elkarteak aurten, eta urteurren borobila izaki, atzera begira jarri eta Lizardiren historian sakontzeko une egokia dela ikusi dute bazkideek. Hala, urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien artean, elkartearen historia biltzen duen liburua azpimarra daiteke. Zazpi lagunez osaturiko taldea aritu da liburuaren osaketan, Antton Izagirreren gidaritzapean. 31 ataletan banatuta, Lizardiren ekimen desberdinak kontatzen dira, bazkideen esperientzietatik. 124 orrialdeetan, denboran atzera egin eta Lizardi elkartea sortu zeneko testuinguru historiko sozio kulturalari errepasoa egiten zaio, Lizardi poetaz hitz egiten da, elkartearen sorreraz, ikastola hartuko zuen eraikina erostearen gorabeherez, kultur hamabostaldiak, AEK, Korrika, Berreuskalduntze elkartea, gau eskolak, Bai Euskarari, bertso eskola, txangoak, gazta lehiaketa, Santa Ageda bezperako kantuak, Lizardiren oroitarria nola eraiki zen, eraitsi eta berriz berreraiki, inauteriak, Lizardi Eguna, Lizardiren mendeurreneko ekitaldiak, Lizardi konpainiako eskopetariak, elkarteen arteko topaketak...

Etorkizunera begira jarriz ixten edo borobiltzen da liburua, elkartearen abesti berriaren aurkezpenarekin. Xabier Telleriaren hitzak ditu eta Juan Mari Urruzolak musikatu du. 50. urteurrenaren harira sortutako abestia izaki, Lizardiren historia eta izaera irudikatu nahi izan dute, eta inauteri kutsua ere badu, tonu eta hitz alaiagoak dituen zatiekin. Musikalki hiru zati ditu. Lehenengoa kalejira modukoa da, eta keinua egiten zaio Lizardi poetari bere hitz batzuk sartuz, euskararen eta historiaren azalpenak emanez. Bigarren zatia jota bat da, eta hor inauteri giroan sartzen da, letra arinagoarekin. Azken zatia, berriz, murga modukoa da, kalean saltoka aritzera gonbidatzen edo animatzen duena, hau ere letra oso sinplearekin, Telleriak berak azaldutakoaren arabera.

Ez da Lizardi elkartearen abesti bakarra hori izango, lehenagotik ere baduelako ereserkia. Iñaxio Agirreren hitzak Juanjo Okonek musikatuta osatutako abestia eta sortu berri dutena desberdinak direla azaltzen dute elkarteko kideek: «Batek, ereserki moduan, zutik jartzen gaitu, eta berriak, berriz, saltoka».

Bada, bai kantu berriarekin, bai eta liburuarekin «oso gustura» geratu dira. Liburuaren kasuan, bideoarekin batera aurkeztuko dute. Ez dute lanaren inguruan azalpen gehiegi eman nahi izan, baina, «zerbait berritzailea» izango dela aurreratu dute, «laburra, minutu gutxitan Lizardi elkarteari eta poetari begirada botatzeko aukera emango duena».

Bai liburua eta bai bideoa ere, bazkide eta lagunei zuzendutako ekitaldi xumean aurkeztuko dute Lizardin bertan. Aurkezpenaren ostean mokadutxoa hartuko dute eta elkarrekin solasteko aukera izango dute: «Gure artean elkarrizketa sortzeko gogoa daukagu, batez ere, bazkide berriek ezagutu dezaten Lizardi zer izan zen», azaldu du Arantxa Lakuntza elkarteko lehendakariak.

Poesiari lekua

Jose Maria Agirre goitizenez Xabier Lizardi poetari zor dio elkarteak bere izena. Hain justu, poesiarekin loturiko emanaldiarekin ekingo zaio urteurreneko egitarauari. Azaldu dutenaren arabera, Juantxo Zeberio da ekimen honen zutabe nagusia. Karlos Linazasoro, Igor Estankona eta Jone Gorostarzu olerkariak izango dira batetik, Kepa Errasti aktorea bestetik, eta Elene Arandia abeslaria. «Mimo handiz» ari dira lantzen olerkia, kantua, musika eta antzerkia bilduko dituen lana, eta nahi duen herritar orok izango du emaitzaz gozatzeko aukera Topic zentroan eskainiko duten emanaldian.

Lizardi elkartearen mende erdia ospatzeko bost ekitaldi nagusi antolatu dituzte, Garaiaren lekuko izenburupean. Zuzendaritzak batetik, eta bestetik taldeetan banatuta landu eta osatu dituzte zeregin desberdinak. Hala, Lizardi Eguna antolatzea izan da beste zereginetako bat. Aurtengoa berezia izango dela iragarri dute: «Egunbeteko eguna izango da, ekitaldiz betea, eta bazkide guztiak nahiz euren lagunak etortzea nahi dugu».

Lizardi Egunaren helburua ondo pasatzea izango da, musika, kantua, jatekoa eta edatekoa izango direlarik nagusi. Eguerdi aldera Tolosa Kantarirekin batera zerbait egiteko asmoa dute, baina, oraindik zehazteko dute. Berdura plazan egingo dute bazkaria, eta ondoren kanturako tartea izango dute berriro, karaokearekin, «oso kantuzaleak» baitira elkartean. Udaberriren fanfarrea ere eurekin izango dute, eta kalejira egiteko asmoa dute arratsaldean.

Izan zirenei aitortza ekitaldia ere izango da egun horretan, oparitxoa eta lore sorta emanez. Sortzaileez gain, bultzatzaile izan zirenei, hala nola, Iñaxio Agirre edota Asentxio Ondarzabal. Badira elkartetik gogoratu eta eskertu nahi dituzten izen gehiago, Iñaki Epelde, esaterako, oso maite duten irudi edo logoa berak eginikoa baita. Liburuan irakur daitekeen moduan, irudia egiteaz gain, gau eskoletan irakasle aritu zen. «Zorionez, izen hauek bezalako ehunka izen izan dira Lizardiren historian, eta guztiak eskertu behar ditugu», adierazi du elkarteko lehendakariak.

Egitarauarekin bukatzeko, bi mahai inguru antolatu dituzue. Lehenak garaiko giro sozial, politiko eta kulturala izango du hizpide. Martxelo Otamendi ariko da moderatzaile, garai hartako hainbat protagonistekin, Xabier Elosegi, Joxe Antonio Lizarribar edota Pontxo Iriarte, esaterako. «Nondik gatozen jakiteko oso interesgarria izango da».

Bigarrenak XXI. mendeko euskal literatura jorratzea izango du xede, Arantxa Iturbe, Garbiñe Ubeda, Jimu Iturralde, Xabier Olarra, Karlos Linazasoro eta Yurre Ugarterekin. Poesia errezitaldi bereziarekin ekingo diote egitarauari, eta poesia hautatu dute bukaera emateko, ez kasualitatez, beraiek dioten moduan: «Lizardi kultur elkartea gara, eta literaturari garrantzia eman nahi diogu». Hain justu, aurrera begirako Lizardi elkartearen egitekoan pentsatzen jarrita jorratzeko bideetako bat izan daitekeela uste dute, beti ere, «euskara eta euskal kulturaren sustatzea ardatz hartuta».

1967-2017 GARAIAREN LEKUKO

Poesia Errezitaldia: Igor Estankona, Karlos Linazasoro eta Ione Gorostarzu olerkariak, Juantxo Zeberio eta Elene Arandia musikariak eta Kepa Errasti aktorea.
Irailaren 26an, Topic zentroan, 19:30ean.


Liburuaren aurkezpena:
Irailaren 29an, Lizardi elkartean, 19:30ean.

Lizardi Eguna: Bazkaria, kantua, omenaldia, musika...
Irailaren 30ean.

Mahai ingurua: 1967-1977 urteetako Giro sozial, politiko eta kulturala. Martxelo Otamendi, Pontxo Iriarte, Xabier Elosegi, Joxe Antonio Lizarribar, Antton Imaz.
Urriaren 10ean, kultur etxean, 19:30ean.

Mahai ingurua: Euskal literatura XXI. mendean. Arantxa Iturbe, Garbiñe Ubeda, Jimu Iturralde, Xabier Olarra, Karlos Linazasoro eta Yurre Ugarte.
Azaroaren 15ean, kultur etxean, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!