Kirola naturan sustatuz

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 13a, 11:26

Udazkeneko kanpaina abian du Zumardia elkarteak eta izena emateko aukera ere zabalik dago. Eskaintza zabala dago eta izen emateak helbide elektronikoz edo telefonoz egin daitezke.

Raid eskola, sendabelarrekin sorginkeritan, mendi trail eskola, piragua eskola... asmo eta egitasmo ugarik borabiltzen dute Zumardia elkartearen proiektua. Baina edonola, helburua azken batean, natura, hezkuntza eta kirola uztartzea da. Udazkeneko kanpaina jada martxan dauka elkarteak eta izena emateko aukera ere zabalik dago; helbide elektronikoa edo telefonoz izena eman daiteke: info@zumardia.eus edo 688 72 62 13an.

AUKERA ZABALA

Raid eskola irailaren 18an hasiko da eta plaza mugatuak ditu. 12 eta 16 urte arteko haurrei zuzenduta dago, hiru hilabete iraungo ditu eta saioak 17:30-19:00 bitartean izango dira. Naturarekiko harremana landuko dute parte hartzaileek kirol ezberdinen bitartez: eskalada, oreka, piragua, mendi bizikleta eta orientazioa.

Beste eskaintzetako bat sendabelarrei lotuta dago, hau Osabi Naturala laborategian eskainiko zaie 9 eta 12 urte bitarteko haurrei, asteartetan 17:30-19:00 artean.

Mendi Trail eskola irailaren 25 eta 26an hasiko da eta bi talde egongo dira aukeran, adin tarteari begira: 12-14 eta 14-16 urte. Eskola hau haur eta gazteak mendian korrika ibiltzeko formatzera zuzenduta dago.

Azkenik, eta jada hasita dagoena piragua eskola da. Ikastaroak adinka sailkatuko dira, baina 12 urtetik aurrerakoek eman dezakete izena eta igeri egiten jakitea beharrezkoa da.

IZEN EMATEAK

Lotura hauen bidez eman daiteke izena:

Trail eskola

Raid eskola

Sendabelarrekin sorginkeriatan

Piragua eskola

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!