Bihar hasiko da Tolosako garagardo festa, TAKEren eskutik

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko irailaren 13a

22 garagardo mota, eta zenbait berrikuntza dakartza aurtengoak; data eta espazioa, berriz, urterokoak izango dira

Hirugarrenez hartuko du, TAKEk, Tolosako garagardo festaren antolakuntza, eta 2017koa zenbait berrikuntzarekin dator. Ostegunean hasiko da, 18:30ean, eta igandera bitarte Zerkausia garagardozaleen aterpe bilakatuko da.

Saskibaloi taldeak zenbait berrikuntza txertatu ditu aurtengo festan eta, besteak beste, haragi hanburgesak nahiz begetalak dastatzeko aukera izango da, betiko jakiekin batera; kafea hartzeko aukera ere izango da Zerkausian.

Garagardo festaren muina, ordea, garagardoa da, eta aurten 22 mota dastatzeko aukera izango da: 4 arrunt, 16 berezi eta 2 artisau garagardo. Guztira, 7.620 garagardo litro jarriko dituzte, bertaratzen direnen eskura.

Gauza jakina da festarik ez dagoela musikarik gabe, eta DJ Jotatxo eta DJ Bullen ardura izango da, ostiral eta larunbat gauean, 02:00etan Zerkausia itxi bitarte girotzea; ostegunean eta igandean 00:00etan izango da itxiera ordua.

Azkenik, aipatzekoa da, Zerkausiko bezeroen artean Redline mekanikako 200 auto-azterketa zozkatuko dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!