Harmailak sendotuko dituzte zezen plazako obraren bigarren zatian

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 12a, 08:41

Tolosako Udalak iazko urtarrilean abiarazi zuen zezen plaza eraberritzeko prozesua, besteak beste, eraikina segurtasun eta lege arauetara egokitzeko helburuz. Horrela, lehen fasea osatuta, urrian ekingo diote bigarrenari: harmailak sendotuko dituzte.

Obra guztia bost urtean amaitzeko konpromisoa hartu zuen udalak, eta lau fasetan banatu zuten egitekoa, zaharberritzea ekonomikoki bideragarri izan dadin. Horrela, lehen fasean plazari hiru irteera berri egin eta gero, palkoen egitura partzialki sendotzea izango da hurrengo urratsa; 196.665,31 euro baliatuko dituzte bigarren fase horretarako. Udalak azaldu duenez, 2018ko inauterietarako prest izango da harmailak sendotzeko lehen fasea.

ESTALKIA MANTENDUZ

Palkoen egitura sendotzeaz gain, kanaloi guztiak ordezkatuko dituzte bigarren eraberritze fasean. Izan ere, Tolosako zezen plazako harmailek metro karratuko 400 kiloko erresistentzia behar dute, eta hori lortzeko bi zatitan osatuko dute harmailen eraberritzea. Guztia palkoetako estalkia eraitsi gabe egingo dute.

Besteak beste, material erresistenteagoekin ordezkatuko dute orain arteko harmaila, eta palkoak eusten dituen egurrezko egitura partzialki eraberrituko dute, metalezko batekin. Zehazki, pilareak eta habeak ordezkatuko dituzte orain, eta laugarren fasean biribilduko dute harmailen zaharberritzea, zezen plazako eraberritzeko hirugarren eta laugarren faseak ere harmailei begirakoak izango baitira.

2019an ekingo diote hirugarren faseari, 502.342 euroko aurrekontuarekin, eta laugarrena 2020an jarriko dute martxan, 354.729 euroko aurrekontuarekin. Horrenbestez, zezen plazako eraberritze lanena, guztira, 1,19 milioi euroko inbertsioa izango da Tolosako Udalean.

Aipatzekoa da, udal azpiegitura soziokulturalen ikerketan txertatu dutela zezen plaza ere, eta eraberritze lanen ondoren eraikinak izan litzakeen erabilera aukerak aztergai izango direla. Lanak amaitzean, Tolosako zezen plazak 3.316 pertsonarentzako lekua izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!