Udal eraikinak aztertuko ditu ikerketa batek, gero erabilera zehazteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 12a, 07:40
Aranburu jauregia da aztertuko duten eraikinetako bat.

Tolosako Udalak azpiegitura publikoak herritarren beharretara egokitu nahi ditu; azterketak 24.500 euroko aurrekontua izango du.

Aurrekontu proposamena onartzerakoan aurreratu bezala, Tolosako Udalak ikerketa bat abiarazi du, bere eskumeneko ekipamendu soziokuluturalak aztertzeko. Helburua eraikin horien erabilera zehaztea da, «herritarren beharrei egokituz», eta Olatz Peon alkateak jomuga horretan jarri du fokua, azpimarratuz, bide eman behar zaiela herri bizi eta dinamiko batek sortzen dituen proiektu guztiei: «Egitasmo horiek gero eta baliabide gehiago eskatzen dituzte, eta udalak aukera eskaini behar die proiektu interesgarri guztiei. Horretarako bidea, efizientzia izango da».

Irailean hasita, zazpi hilabeteko ikerketa izatea aurreikusi dute, eta udalak 24.500 euroko aurrekontua baliatuko du horretarako. Hiritik At Koop enpresaren ardura izango da udal ekipamenduak aztertzearena, eta bi zatitan garatuko dute ekipamendu soziokulturalen azterketa.

2027RA BEGIRA

Azpiegitura publikoak ahalik eta gehien probesteko saiakera 2027ra begira hasiko dute: gaur egungo beharren eta hamar urtera begira sor litezkeenen azterketa egingo dute, lehen hiru hilabeteetan. Bigarren fasean, berriz, lehenengoan zerrendatutako beharrak kontuan hartuta, ekipamenduak egokitzeko proposamen zehatza egingo dute, azterketa ekonomikoa gehituz.

Honako eraikin eta lokalak aztertuko dituzte: Arkauteko txaleta, Ferialekua, Aranburu jauregia, Errota, Nafarroa etorbideko 6. zenbakiko eraikina, Unipapeleko eraikina, Plaza Zaharreko 10. zenbakiko lokala, Korreo kaleko 27. zenbakian dagoen eraikina, Kultur etxea, Korazonistetako eraikineko lokalak, Abastos eraikineko lehenengo solairua, Gorosabel Zaharra, Sevendenea, Emeterio Arreseko eraikina, Leidor aretoko solairuartea, Elkano 15-16ko lokala, Zuloaga Txiki eta zezen plaza.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!