Kalitatezko ikuskizunak, helburu

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 7a, 16:38
TEE eta Topic-eko arduradunak eta erakundeetako ordezkariak, aurkezpenaren une batean.

Titereszena egitaraua aurkeztu du Topic zentroak, denboraldi berrirako antolatu dituzten egitasmoak azalduz. Titirijai jaialdia, erakusketak, tailerrak eta beste hainbat jarduera landuko dituzte.

Aurtengo denboraldiko Titereszenaren aurkezpena berezia izan da, Tolosako Ekinbide Etxea (TEE) 50. urteurrena ospatzen ari delako. Julian Lakuntza TEEko lehendakariak hartu zuen hitza eta «oso egun berezia» zela azaldu zuen, Topic-eko aretora azaldutakoei zuzenduz: «Hemen zaudete hainbat elkarte, eskoletako eta kultur erakundeetako ordezkariak, TEEko boluntarioak... Eta zuek etxe honetako aktibo oso garrantzitsua zarete». Gogora ekarri zuen orain hasten den denboraldia «dagoeneko 51.ena dela», eta horrek erakusten duela «TEE geldiezina dela, eta beste 50 urte betetzeko bidea hasi duela». Lakuntzak nabarmendu zuen jendearen boluntariotzaren garrantzia TEEren jardunean, eta eskertu egin zuen lan hori.

Idoia Otegi Topic-eko zuzendariak nabarmendu zuen «kalitatezko emanaldiak» eskaintzea dela zentroaren helburu nagusia. «Ahal dugun onena eskaintzea da haurrei eta orokorrean ikuslego guztiei. Haurrak dira etorkizuneko ikusleak eta txikitatik erakutsi behar diegu jakin dezaten zer den ikuskizun on bat». Hamaika ikuskizun egingo dira denboraldi berrian.

Otegik azaldu zuen Titereszenak ordezkaritza duela Madrilen, Titerescena izenekoa, eta  bosgarren urtez antolatzen ari direla Espainiako Antzerki Zentro Nazionalaren txotxongilo programazioa. «Ohore handia da guretzako, eta esan ere Iruñeko Baluarte aretoaren txotxongilo egitaraua antolatzen hasi garela aurten», gaineratu zuen. Otegik ere nabarmendu zuen Topic-en taldeek egonaldiak egiten dituztela beraien ikuskizun berriak prestatzeko, eta oraingo denboraldian ere gutxienez lau talde izango direla, horietatik bi euskaldunak.

EFFE saria Titirijai  jaialdiari
Aurten Titirijai jaialdiak 35 urte beteko ditu eta horren inguruan bi albiste nabarmendu zituen Otegik: «EFFE Label saria jaso du Titirijaik Europako Jaialdien Elkarteen eskutik, hau da, errekonozitu gaitu maila artistiko altuko eta prestigiodun jaialdi moduan. Sari hori duen estatuko txotxongilo jaialdi bakarra gara. Bestalde, hainbat urteren ondoren, lortu da Bilboko txotxongilo jaialdiaren eta Titirijairen artean elkartzea programazioa antolatzeko, eta Topic-etik asko pozten gara horregatik».

Maria San Sebastian Topic museoaren eta dokumentazio zentroaren arduradunak erakusketen berri eman zuen. Egun «arrakasta handia» izaten ari den Barriga Verde feriaz feria erakusketa dago, eta urrian beste bat hasiko da, More than dis (play). Art Toys izenekoa. «Arte garaikideko erakusketa bat izango da. Erakusketa berria eta  guztiz ezberdina. Munduan zehar behin bakarrik egin da horrelako erakusketa bat, baina ez txotxongiloekin, beraz, txotxongiloekin egingo den munduko lehenengoa izango da». Martxoan txotxongilo tradizionalen mundura itzuliko da Topic-eko aldizkako erakusketa, Andaluziako Buho Maravillas txotxongilo taldearen eskutik.

Bestalde, Topic museora egiten diren bisita gidatu antzeztuen emanaldiekin jarraituko dute. Familia osoari begirako saioak izaten dira. Irailean dagoeneko egingo da lehenengoa eta hilean behin izango dira. Berrikuntza moduan, helduei begirako bisita antzeztuak antolatuko dituzte, baina hori maiatzean izango da.

Pedagogia arloko egitarauaren berri eman zuten Karmele Kruzek eta Jone Gerrikok. Esaterako, eskola kanpainaren zortzigarren denboraldia jarriko dute abian. «Urte guztian zehar egiten den jarduera da, hilean behin edo. Aurreko ikasturtean 2.000 ikasle inguru pasa ziren eta aurten espero dugu zifra hobetzea», azaldu zuten. Bestalde Platopic egitasmoa martxan jarriko dute, eta hainbat tailer egingo dituzte: Munstroak sendatzeko tailerra, Barazki txotxongilo tailerra, eta Gabonetako eta Aste Santuko tailerrak. Aurtengo denboraldian ere osasunarekin lotutako tailerra emango dute, Txotxongiloak: objektu bizidunen unibertso emankorra izenekoa, osasun arloan zein pedagogiaren arloan aritzen direnei zuzendua. Esku bizia izeneko egitasmoa ere martxan izango dute, nerabeekin lantzen dutena. Azkenik, nabarmendu zuten aurtengo udazkeneko ikastaroa Joan Baixas artistak emango duela.

Txotxongiloen munduekin zuzenean lotura ez duten beste hainbat ekimen ere izango dira Topic-en. Besteak beste, Europako Ondare Jardunaldiak, Topic Tolosako Paisaiaren eraikuntzan jardunaldia eta Tolosako eskultura garaikideetatik zehar ibilbidea egitea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikaren sailburua Titereszenaren aurkezpenean izan zen eta zoriondu zituen TEE eta Topic 50. urteurrenarengatik. «Gizartetik sortutakoa izan zen TEE eta argi izan duzue Tolosaren izena zabaldu nahi izan duzuela herritik kanpo, eta bide batez, herritarrei bizimodu atseginagoa ematea eta kultur eskaintza bat zabaltzea», azaldu zuen, eta aurrera begira ere Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen jarraituko dutela adierazi zuen. Olatz Peon Tolosako alkatea ere aurkezpenean izan zen eta eskerrak eman zizkien 50 urte hauetan lan egin duten boluntario eta profesional guztiei, eta bereziki hasiera batean TEE martxan jarri zuten pertsonei, «oso baldintza kaxkar eta zailetan egin baitzuten».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!