«Gure basamortu propioa zeharkartu dugu 'Kalima'-n»

Olatz Artola 2017ko ira. 5a, 10:25

'Kalima' hirugarren estudioko lana argitaratu berri du Glaukomak, irailaren 1ean, ostiralean; hamalau kantuz osatu dute lana, eta zuzenean aurkeztuko dute Bonberenean ostiral eta larunbatean.

Kalima basamortutik datorren haizea da. Basamortuak hainbat interpretazio ditu Kaliman. Kalima glaukomatarren azken lana ere baita, 14 kantuk osatzen duena. Pasa den uda eta gero jarri ziren buru-belarri diskoan lanean, eta, urtebete beranduago, esku artean dute itzalpean egindako lanaren emaitza. Argitara hilaren 1ean atera zen eta jendaurrera ostiral honetan eramango dute, Bonberenean. 14 galdera egin dizkio TOLOSALDEKO ATARIA-k Juantxo Arakama (Tolosa, 1989) abeslariari, kantu bakoitzarekin bana.

Introan diozuen moduan «berriz bueltan gaude».

Beste basamortu bat izan da guretzat disko hau egitea; prozesu hau, hutsetik abitu eta diskoa eskuartean izateraino. Eta diskoa eskuetan edukita esan dezakegu berriz bueltan gaudela. Gure basamortu propioa zeharkatu dugu eta hemen gaude berriz han eta hemen jotzeko prest.

«Pixkanaka zabaltzen dihoan reggaea» jotzeko prest.

Guretzat Tolosaldea ere basamortua izan da reggae-rap musikari dagokionean. Guk sekula ez dugu reggaea zabaltzeko helbururik izan, baina egia azken aldian apartu egin dela nola Tolosaldean hala Euskal Herrian musika estilo hau. Gainera, reggaeren barruko kodigoak-eta ikasi egin dituzte. Sanjoanen aurreko asteburuan, Anoetako festetan gertatutakoa pentsaezina zen duela bi urte. Ziribulok jarri zuen musika ostiralean eta Bad Sound Systemek larunbatean. Bi egunetan izugarrizko festa egon zen. Eta ez bakarrik festa parrandari lotua, baizik eta jokoak zekizkiten, pull upak eskatzen zituzten, abestiak kantatzen zituzten… Gazte jendeak ulertzen ditu orain arte basamortu honetako jendeak ulertzen ez zituen jokoak-eta.

'Kalima' kantuan diozu «itsu-mutu-gorren garaia» dela…

Egungo gizartearen gaixotasunen erretratu bat egiten dut kantuan. Eta itsu-mutu-gorren garaiak erreferentzia egiten dio galderarik gabeko garaiari. Hau da, kalima, basamortua. Lehen harkaitza zena, helduleku handiak zirenak, egun ez daude. Beste batzuk bai, beharbada. Baina orain oso erlatiboa da dena, oso indibiduala. Itsu-mutu-gorrak gara, zeren nahiz eta informazioa jasotzen ari garen une oro, ez dakit informazio hori guztia asimilatzen eta interpretatzen dugun. Eta finean, ikustea, entzutea eta hitz egitea ez da bakarrik hitz egitea, baita analizatzea ere. Hor burmuinak paper bat jokatzen du eta ez dakit nik paper hori betetzen duen…

'Semen de tinta'-ren definizioa idazketaren plazera-edo izan al daiteke?

Bai. Korrida baten modukoa da. Idazten hasi eta boligrafoak eramaten ninduen tokira. Niretzat idazketa edo inspirazioa zer den azaltzen dut metaforen bitartez. Eta niretzat garrantzitsua da autentikoa izatea. Klixeak ditu, badakit, baina garena gara gure mitxelinekin, zimurrekin edo dana dalakoekin, eta ez dugu ezer ezkutatu behar. Eta hori «arrugas que dan lo que cosméticos quitan» metaforarekin kontatzen dut.

Askotan aipatzen dut benekotasun hori, zu izate hori. Moldeak egin dizkigute, baina molde horietan sartzea ezinezkoa da. Ez daude inorentzako eginda. Inork ezin du Cristiano Ronaldo izan, bat eta bakarra dago. Baina sinestarazi digute izatea daukagula, eta ez. Molde horiek ez digute balio. Moldeak hautsi egin behar dira.

«Gizakiaren arteko muga bertikalak» aipatzen dituzue 'Fire' abestian.

Muga bertikalak herrialdeen arteko mugak dira eta horizontalak klaseen artekoak. Sinetsita nago muga bertikalak muga horizontalei eusteko daudela eginda. EITB-ko titularretan agertu zen Pasaiako portuan errusiar magnate bat zegoela, bere yatearekin. Nik hor ez dut arrazakeria zantzurik ikusten eta errusiarra da. Baina errusiar pobre bat izango balitz, ziur baietz. Finean, diskurtsoaren atzean dagoena zera da: ez diegula beldurra kanpotarrei, baizik eta kanpotar pobreei. Eta ez gara ohartzen gure antzekoak direla. Ni identifikatuago sentitzen naiz Sirian bonbak jasotzen ari den pobre batekin Neguriko euskaldun aberats batekin baino. Bonbak beti muga horizontalen azpitik daudenengana doaz. Argi dago sorterriak eragina duela, baina oinarrian inportanteena klasea da.

'Gure kaiola'-tik ateratzeko beharra ere azpimarratzen duzu.

Generoaren eraikuntza sozialaren gaineko kantua da. «Ez dago generorik genitaletan, egitura mentala da». Abestiko bi esaldi solte horiek argi azaltzen dute eraikia dela. Aluarekin edo zakilarekin jaio, molde bat edo beste jarri digute. Eta molde horietan sartzen ez dena, trajean sartzen ez dena, alboratu egin behar da. Gizonezko feministok, akaso, diskurtsoa garatuta daukagu, baina kapaz izango al ginateke gure pribilegioak albo batera uzteko? Zeren ez dira eskubideak, pribilegioak dira. Eta ez gara ohartzen, pribilegio horiek alde batera uzten hasten baldin bagara, agian askatasuna ere irabaziko dugula. Hori nire posiziotik diot, baina argi izan behar dugu eraikuntza honetan gehien sufritzen dutenak, zapalduenak, emakumeak direla.

Zuretzat «bizio bat da euskaraz rapeatzeatzen aitzea» diozu hurrengo kantuan.

Eta horrela da, bai. Pass the weed kantu horretan ere basamortuari egiten diogu erreferentzia, guretzat Tolosaldea izan daitekeen basamortuari. Orain arte ez dugulako reggae-rap musikari dagokion ezer eduki. Orain badirudi gazteak ari direla horri heltzen.

'Herencia' kantuan lapurtu dutenaz ari zara, eta bereziki lapurtu duten historiaz. Horren garrantzitsua al da iraganaren, historiaren berri izatea?

Errelatoa kontatzea ezinbestekoa da nire ustetan. Jakiteko oraina zein zimenduren gainean dagoen eraikita. Baina errelatorik ez badago, ez dago historiarik, ez dago jakintzarik. Eta gizarte ezjakina, betiere hobea da boteredunentzat. Zegoena makilatu, hirugarren hanka bat jarri, PSOE, eta faxista den demokrazia faltsu hau saldu nahi izan digute. Eta ez.

Letrarik gabeko kantua dator 'Herencia'-ren atzetik, W.Y.R.D.K.A. Orain arte abestietako letraz ari gara, baina musikak ere garrantzia handia dauka, asko laguntzen du mezua indartzen.

Talde bat gara eta hemen guztiak gara garrantzitsuak. Kantu hori egiteko ideia Iker Pandok izan zuen. instrumentala da. Hainbat zati ditu, guztiz desberdinak direnak bata bestearekin, baina ondo ezkontzen dira.

Letrek eta musikak ez ezik, irudiak ere protagonismoa dauka azken disko honetan.

Glaukoma 5+4 gara. Eszenatokira igotzen garen «bandaz» gain, Julen, Luis, Josetxo eta Haritz ere Glaukoma dira. Furgonetan bederatziak joaten gara. Argazkiak Josetxok atera zituen, Zarauzko hondartzan. Ondoren Joseba Poncek diseinu eta maketazio lanak egin zituen. Uste dut lortu dugula diskoan egiten dugun bidaia irudietan kontatzea. Azalean askatasuna atzealdean ikusten da, urrunean, eta aurrealdean, itxitura, muga; gero, Barbie eta Kenak askatasun bila doazela irudikatzen da; ondoren, itsaso zabala ikusten da; baina diskoaren atzeko azalean hilda edo itota dauden Barbie eta Ken.

'One, Two' kantuan argi uzten duzue ez duzula “artistilla jator bat— izan nahi.

Gu gure musika egiteko gaude, eta, ahal bada, zabaltzeko. Gainontzekoa, gure ustetan, kea da. Eta One, Two da modu bat esateko gu ez gaudela batere ados horrekin guztiarekin eta farandula ez zaigula batere gustatzen. Gainera, kantu honetan, zuzenean euskal kulturan dagoen farandulari egiten dio erreferentzia. Ematen duelako oso euskaldunak izanda horretaz guztiaz libratzen garela, eta ez da horrela. Eta badirudi euskaraz bada guztiak balio duela, eta hori ere ez da horrela; exijenteak izan behar dugu gure kulturarekin.

Askatasun guztiarekin idatzitako letrak dira, 'Pass the wine' bera ere. Azken aldian adierazpen askatasunarekin lotuta hainbat musikariri gertatu zaienarekin, ez duzue beldurrik sentitu?

Ez nago prest diskoko koma bat bera ere aldatzeko. Lotsagarria iruditzen zait gertatzen ari dena, finean argi dago garrantzitsua ez dela legea, baizik eta legearen interpretazioa. Eta interpretazio hori noren esku dago? Hor dago problema.

«Orria zintzo islatzen zaituen ispilu zuria» dela diozu, ezin zaiola paperari gezurrik esan. Egia al da hori?

Luparekin joan da disko honen letra. Rap eta reggaean garrantzia handia du letrak, eta guk esaten genuen horri ez ezik esateko moduari ere eman diogu garrantzia. Paper zurian idatzitakoak egi-egiazkoa behar du izan. Horrela uste dut nik. Nik, behintzat, ezin dut gezurrik esan, bestela faltsua izaten lehena zu zeu baitzara.

Introarekin irekitzen duzue eta outrorekin itxi. Eta orain, diskoa kaleratuta, beste etapa bat hasiko da.

Orain prozesu bat itxi da, diskoarena. Orain hori eszenatokira eraman behar dugu eta oso desberdina da. Kontzertuetan dena eman behar dela uste dut, bat nator Berri Txarraken «pasioa da exijitzea zilegi den gutxieneko hori», esaldiarekin. Gu eszenatokian biluztu egiten gara. Emozioak gainezka egoten dira, bor-bor; ikus-entzulearekin konexio bat sortzen da eta berezia da oso. Diskoaren grabaketan behin eta berriz errepikatu dezakezu esaldi bat, perfekziotik gertuago dago; zuzenekoan inperfekzio gehiago daude, baina baita emozio gehiago ere. Gogotsu gaude! Eta badirudi jendea ere gogoz dagoela. Asko harritu ginen ikustean sarrera guztiak saldu zirela, ez genuen espero!

Erlazionatuak

Glaukomaren 'Kalima', kalean

Tolosaldeko Ataria 2017 ira 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!